«Egin»-en egindako lehen hanka sartzeak utzitako ikasgaiak
Urte asko dira. 80ko hamarkada zen. Bi trikitilarik –Tapiak eta Junkerak, memoriak kale egiten ez badit– prentsaurrekoa eman zuten Donostian, trikitiaren joera berritzaileek hautsak harrotu zituztelako eta kritika haiei erantzun nahi zietelako. “Egin”-en argitaletxeak plazaratzen zuen “Hemen” astekarian hasi berria nintzen orduan. Ostiralero ateratzen genuen euskarazko egunkaria sustatzeko saiakera hura. Hala ere, “Egin”-eko Kultura saila ezin iritsi zebilen eta ni bidali ninduten prentsaurreko hartara. Jai eguna nuen eta telefonoz pasatu zidaten enkargua, arrapaladan. Ez nintzen garaiz heldu. Hemen eta han galdetu ostean, albistetxoa egin eta egunkarira bidaltzea lortu nuen. Hori izan zen nire lehen albistea “Egin”-erako. Hurrengo egunean, egunkaria argitaratu zenean, egindako akatsaren larritasuna ikusi nuen. Argazkian agertzen ziren bi trikitilariak ez ziren nik artikuluan aipatu nituenak.
Oraindik ez dakit non eta zergatik jaso nuen gaizki informazioa, baina hanka sartzea lotsatzeko modukoa zen. Eta jokoan jarri nuena ez zen nire izen ona izan. Egun hartan bertan kaleratzea merezi nuen, baina ez zuten egin, eta etxe hartan lanean segitu nuen Espainiako Estatuak bidegabeki itxi zuen arte. Erredaktore-burua nintzen orduan. Nork esango zuen, prentsaurreko malapartatu hari buruz idatzi nuenean, ibilbide hori egingo nuenik. GARAn eta NAIZen aritu naiz beste 25 urtez lan eta ardura ezberdinetan.
“Egin”-eko jaiotzatik gaur arte hedabideok egindako lana bildu dugu azken urtean, “Etorkizuneko Artefaktua” ekimenari esker. Urte horietan gertatutakoa eta gertatutako hori nola kontatu dugun azaldu dugu, garai ezberdinetako lanak berreskuratuz, kronikak idatziz eta lekukotasunak bilduz. Ez ditugu akatsak jaso, horiek ere izan diren arren. Ezin dut ukatu, bistan geratu baita hasierako pasadizoan.
Urte honetan bueltan egindako lanak ondorio argia bezain garbia utzi digu: gure komunikabiderik gabe errealitate informatiboa askoz ere partzialagoa eta bihurrituagoa izango litzateke gaur egun, jasanezina, itxurarik gabe aizundua. Nekez ulertuko litzateke, aldi berean, Euskal Herrian bizirik iraun duen herri nortasunari eusteko gogoa, horren alde egindako lana eta borroka. Izan zirelako baikara.
Egindako lana ikusita, paradoxikotzat jo daiteke Artefaktuaren izenburua osatzean «etorkizuna» hitza ere erabili izana, funtsean iraganaz aritu baikara ia beti. Ez da, ordea, atzera begirako ariketa huts bat izan. Erronka ez zen gertatutakoa kontatu eta atzean uztea, lozorroan. Egindako lana aurrera begira proiektatu nahi du gure lan taldeak, gai berriekin eta formatu berrietan, indarberrituta.
“Etorkizuneko Artefaktua” liburuan Ane Urkiri NAIZeko zuzendariak idatzita utzi du: «Artefaktuaren memoria ariketa ez da kasualitatea izan, aurrera jauzia egiteko ezinbestekoa baita atzera begiratzea. Soilik horretarako da errentagarria nostalgia, atzean gehiegi iltzatzeak mugiezin bihurtu gaitzakeelako. Hain zuzen ere, kazetaritza ezin daiteke mugiezina izan, honen funtsa baita gizartera egokitzea, gizarteak eskaintzen dituen baliabideak xurgatzea eta hauekin proiektua aberastea».
Horrela aurre egingo dio proiektu honek hurrengo boladari, ikasgai garrantzitsuak barneratuta. Artefaktuak gogorarazi dizkigu ikasgai horiek. Esate baterako, zorrotzak izan behar dugula. Gauzak ondo jaso, ondo aztertu eta ondo kontatu behar ditugula. Hainbeste ikusi nuen nik, behintzat, “Egin” egunkarirako idatzi nuen lehen artikulu hartan. Berriro gogoratu dut barruan sentitu nuen min hura, oraingoan irribarretxo batez izan bada ere.
Zintzoak ere izan behar dugu. Ikasgai hori ere gogorarazi digu Artefaktuaren bueltan egindako lan mardulak. Gure herriarekin, gure irakurleekin eta gure ofizioarekin. Fake news fenomenoa ez dela gaur-gaurkoa egiaztatu dugu berriz ere. Beharbada aspaldi hartan soilik hedabide handiek zuten gezurraren monopolioa. Horretan legoke aldea. Guk berdin-berdin usaintzen genuen kiratsa. Orduan eta orain kazetaritza ona eta konprometitua egitea da gakoa. Gure proiektuak duen betekizun garrantzitsuena bere funtzioa betetzea da, kazetaritzatik eta edukien sorkuntzatik, gure herriaren garapen politikoari, sozialari, ekonomikoari eta kulturalari ekarpena egiteko.