Deustualdea, umorez blai klown jaialdiarekin
Deustuko eta San Inazio-Ibarrekolandako udaltegiak klowna gustuko dutenen topaleku bihurtuko dira otsailean, Deustualdeko Klown Jaialdiaren laugarren edizioa ospatuko baita. Guztira, sei ikuskizun eskainiko dira. Emanaldietarako sarrera librea eta doakoa izango da aretoak bete arte.

Deustualdeko Klown Jaialdiaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaialdiaren helburua da clowna mota guztietako publikoengana hurbiltzea, «Euskadin tradizio handia duen diziplina» baita.
«Clown antzerkian ibilbide luzea egin duten konpainia asko ditugu, beren lan eta ahalegin eszeniko guztia umorea egiteko modu horretan iraultzen dutenak. Ez da haurren kontua bakarrik; clowna modu sakon eta osoan hurbiltzen da gazte eta helduengana. Barre egitea batzuetan zaila da, baina oso atsegina eta askatzailea da», azaldu du Bilboko Udaleko Kultura Sailak.
Laugarren edizioko egitarauak clown eta keinu antzerkian ibilbide luzea duten sei konpainiaren ikuskizunak biltzen ditu. Horietako hiru Euskal Herrikoak dira: Bea Larrañaga, Zirika Zirkus eta Xilipurdi, hain zuzen ere. Valentziatik helduko da Ameba Teatre, eta Frantzia-Argentinako Mundo Costrini eta Portugalgo Cia a Nariguda ere ariko dira.
Egitaraua
Zehazkiago, Deustualdeko IV. Klown Jaialdia otsailaren 7an hasiko da, Zirika Zirkusen ‘Eolo 68’ lanarekin; hilaren 12an, Mundo Costrinik ‘Humanus Comicus’ aurkeztuko du, eta Ameba Teatrek ‘El día de Ramiro’ hilaren 14an.
Jaialdiak otsailaren 19an jarraituko du Cia a Nariguda taldearen ‘La ceremonia’ ikuskizunarekin. Xilipurdik ‘Pepa eta Kutxo’ aurkeztuko du hilaren 21ean, eta egitaraua otsailaren 26an bukatuko da, Bea Larrañagaren ‘Filipa Balbina (Klown emakumeak historian)’ lanarekin.
Deustualdeko Klown Jaialdia ‘Clown Zorrotza’ programarekin osatzen da. Aire zabaleko obrak eskaintzen ditu udaberrian, bertoko eta nazioarteko konpainien muntaketekin eta proposamenekin.