Urdaibai Bird Center gunean, jarduera bereziak Hezeguneen Nazioarteko Egunean
Otsailaren 2an, Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horren harira, egitarau berezia prestatu dute Urdaibai Bird Center guneko arduradunek, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Helburua da naturgune horien garrantzia nabarmentzea.

Urdaibai Bird Center zentroak zenbait jarduera antolatu ditu otsailaren 2rako, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatzeko eta naturgune horien garrantzia nabarmentzeko. Gainera, sarrera doakoa izango da egun osoan.
Ingurumen zentroko arduradunek ohar bidez jakinarazi dutenez, jarduerak 10:00etan hasiko dira, eraztun zientifikoak jartzeko jardunaldi batekin, jende guztiarentzat zabalduta. Ordu erdi geroago, 10:30ean, padura ezagutzeko ibilaldi gidatua egingo da; lekuak mugatuak dira eta, beraz, ezinbestekoa da 699 839 202 telefonora deituz erreserba egitea.
Bidaia luzeak
Zentroko arduradunek nabarmendu dute hezeguneek «gozatzeko asko» eskaintzen dutela urteko sasoi honetan, «negua nagusitasuna galtzen eta udaberria esnatzen ari delako». Horrela, hegaztiak hegoaldetik iristen hasten diren garaia da, iparralderantz egiten dituzten bidaia luzeetan.
«Mokozabalak hezegunean gelditzen dira atseden hartzeko eta jatekoa bilatzeko. Udaberriko lehen zeinuak agertzen dira, ahateek beren galarik eta kolorerik onenak janzten dituzte emeen gorteatzeko, txori kantariek kontzertuak eskaintzen dituzte beren lurraldeak iragarri eta bikotea aurkitzeko. Hezegune osoa esnatzen da urtaro berrirako prestatuz», adierazi dute.