2015 API. 20 KIROL ESKALADA Aste Santu berezia Ramon Julianentzat: bina 9a eta 9a+ 3 egunean Eskalatzaile katalanak oporrak ondo aprobetxatu zituen estutzeko. Olianan, «Pachamama» (9a+) eta «Joe-cita» egin zituen; Cuencan, berriz, «Following the leader» (9a+) eta «Sea total» (9a). Andoni ARABAOLAZA Ramon Julian aski ezaguna dugu orriotan. Eskalatzaile katalanak kirol eskaladan goi mailako makina bat bide kateatu ditu, baina, esan dezakegu ere, batez ere eskalada lehiaketetan goreneko mailara iritsi dela. Hots, zailtasuneko lehietan dena irabazi du. Katalanaren kide batek duela urte gutxi batzuk zera esan zigun: «Ramonetek urte mordoa darama Espainiako Estatuko zein nazioarteko lehietan parte hartzen. Askok uste dugu hitzordu horiek albo batera utzi izan balitu, arrokan goreneko mailan ibiliko litzatekeela». Eta agian arrazoia izan dezake. Kontua da Aste Santuan, bederen, opor ikaragarriak izan dituela; izan ere, hiru egunean, Olianan eta Cuencan, bederatzigarren graduko lau bide kateatu zituen. Olianan: “Pachamama” (9a+) eta “Joe-cita”. Cuencan: “Following the leader” (9a+) eta “Seta total” (9a). Ramoneten oporrak, berez, martxoaren 29an hasi ziren. Hainbat asteburu zeramatzan “Pachamama”n saioak egiten, marra hori baitzuen helburu nagusi bezala. Baina Olianatik Cuencara joan zen: «Hatzen azala deseginda nuen, eta horregatik Cuencara abiatu nintzen hatz-mamiek atsedena har zezaten. Bide batez hango bideen zuloetan estutzeko bi helburu hartu nituen. “Following the leader”en saiatu nintzen, baina pausu gogorrenean erortzen nintzen. Azkenean, apirilaren lehenean eta lehen saioan kateatu nuen; sei saio behar izan nituen. Inolako presiorik gabe, eguna bukatzeko “Seta total” probatu nuen, eta lehenbiziko ahaleginean katera heldu nintzen». Oliana ere, bikain Cuenca utzi, eta protagonista Olianara itzuli zen. Pasa den 3an, esku artean zuen xede nagusiari berriro ekin zion, eta, azkenean, “Pachamama” poltsikora sartu zuen. Ramonetek adierazi du bide hori gogorrena iruditu zaiola: «Orain arte zailtasun horretan egin dudan marrarik zailena izan da; ez dut dudarik. Iaz probatu nuen, eta aurten era serio baten ekin diot; marra hori egiteko bospasei egun behar izan ditut». Eguna borobiltzeko, katalanak “Joe-cita” bost saiotan sinatu zuen. Ramonetek Aste Santuan lortutakoaren balantzea egin du: «Aurten hobeto entrenatu dut eta horrek bere eragina izan du. Gainera, oso motibatua nago. Orain, etxe ondoan dudan “El Bon Combat” (9b/+) probatzeko irrikitan nago». ERAGINKORRA Ramon Julian oso sasoiko egoteaz gain, Aste Santuko oporretan oso eraginkorra izan da. Olianan eta Cuencan, hiru egunean, 9a eta 9a+ zailtasuneko bina bide kateatu zituen.