2015 API. 20 ALPINISMOA Urrezko Pioleten sariek ezohiko norabide aldaketa hartu dute Hilaren 9tik 11ra, alpinismoaren jaialdia ospatu zen Chamonix eta Courmayeur-en. Lehen aldiz, aldez aurretik sarituen izenak emanzituzten. Fitz Royn, Thamserkhun eta Hagshun eginiko jarduerek aitortzak jaso dituzte. Chris Bonington ere protagonista izan zen. Andoni ARABAOLAZA Urrezko Pioleten 23. ekitaldiak ezusteko galanta eman du; izan ere, ezohiko norabide aldaketa hartu du. Horretan ez dago zalantzarik. Gogora dezagun, aurreko urteko jarduera alpino onenak aitortzen dituela sariketa honek, eta ia bere hastapenetatik polemikaren inguruan murgildu dela: “irabazleak” egon behar ote ziren, jarduera ezberdinen arteko konparazioak, estiloen garrantzia, aitortza bakarra edo hainbat... Kontua da, aurtengo edizioan antolatzaileek zera erabaki zutela: sari banaketari ez, baizik eta jaialdi izaerari garrantzia ematea. Eta horretarako, besteak beste, aitortza jaso duten jardueren izenak aldez aurretik eman zituzten. Gainera, aurten saritu dituzten hiru jarduerak ez zituen epaimahai batek erabaki, baizik eta nazioarteko batzar tekniko batek. Eta hain zuzen ere, Urrezko Pioletak jaso dituzten horiek ez zuten ohiko “azterketa” pasa behar izan; baizik eta, zuzen-zuzenean, taulara igo ziren sariak jasotzera. Baina has gaitezen alpinismoaren sari entzutetsuen jaialdiak eman zuenaren kronikarekin. Mont Blanceko bi “hiriburuetan” ospatu zen: Chamonixen (Frantzia) eta Courmayeur-en (Italia). Hiru egunez, 9tik 11ra. Lehen egunean, Chamonixen, Jim Aikman zuzendariaren “Jeff Lowe Metanoia” filma eman zuten. Gogoan izan behar dugu alpinista estatubatuar historikoak “Metanoia” bidea Eigerreko ipar horman zabaldu zuela, gaur-gaurkoz (gure informazioaren arabera) errepikapenik izan ez duena. Biharamunean, Chamonixen ere, egungo hainbat alpinista zailduren artean mahai-ingurua egin zuten. Ondoren, bildutakoen artean gogora ekarri zuten alpinismoaren urrezko aroa. Eta eguna amaitzeko, sarituen aurkezpena egin zuten. Hain zuzen ere, urrezko pioletak jaso behar zituztenak Chamonixetik Courmauyeur-era joan behar izan ziren. Eta 11n, azkenean, ekitaldi nagusia egin zuten. Aurreratu dugun bezala, hiru jarduerek aitortza jaso zuten. Lehenak taularatzen Alex Honnold eta Tommy Caldwell izan ziren. Sokada horrek iaz Fitz Royko (Patagonia) lehen zeharkaldi integrala egin zuen. Bigarren talde saritua honakook osatu zuten: Ales Cesen, Luka Lindic eta Marko Prezeljek. Hirukoteak Hagshu mendiaren (India) ipar aurpegian lehen marra zabaldu zuen. Hirugarren protagonistak Aleksander Gukov eta Alexei Lonchinsky izan ziren. Errusiar hauek Thamserku mendiaren (Nepal) hego aurpegian bide berria sortu zuten. Bada, esan dugunez, hiru aitortza horiek erabaki zituena nazioarteko batzar tekniko bat izan zen, honakook osatua: Herve Barmasse, Kazuki Amano, Valeri Babanov, Stephane Benoist, Andy Houseman, Michael Kennedy, Ines Papert, Raphael Slawinski eta Andrej Stremfeljek. Baina laugarren protagonista bat ere izan zen: Chris Bonington. Ibilbidearen Urrezko Pioleta jaso zuen, antolatzaileen esanetan, «Alpeetan zein Himalaian alpinismoari jarrera berria eman ziolako». Gogora dezagun Boningtonek makina bat jarduera bikain sinatu zituela 70eko zein 80ko hamarkadetan: Annapurna II, Nuptse, Mont Blanceko Freney zutoina, Torres del Paine, Changabang, Shivling... Horietan guztietan britainiarra aportazioaren bidetik joan zen. Semantikaren aldaketa Arestian aurreratu dugun legez, Urrezko Pioleten 23. ekitaldiak norabide berria hartu du. Formatu “lehiakorra” alde batera utzi eta festa aldarrikatu du. Aldaketa horren inguruan, jaialdiaren antolatzaileetariko batek, Liv Sansozek, honakoa adierazi dio GARAri: «Semantika oso garrantzitsua da, eta horregatik aurten erabaki dugu ‘galtzaileen’ eta ‘irabazleen’ termino horiek saihestea. Eta horren ordez, benetako indarra alpinismoaren festan jarri dugu». Hainbat eta hainbat irakurle ohartuko zen sarituen artean ia gehienak alpinista gazteak direla. Baina bada kasu berezi bat, Prezelj esloveniarra. Cesen eta Lindicen “irakaslea” izateaz gain, aurtengoarekin hiru urrezko piolet jaso ditu. 2007. urtekoarekin alderatuta, aurten “harrigarria” izan da Prezeljen jarrera; izan ere, duela zortzi urtekoari uko egin zion. Boris Lorenicekin batera Chomolhari mendiaren (Himalaia) ipar-mendebaldeko lehen igoera sinatu zuen, eta saria ez jasotzeko argudio hauxe eman zuen: «Ospea hedabideek jartzen duten tranpa merkea baino ez da. Alpinismoan sariak egotea ez zait egokia iruditzen. Ekitaldian antolatzaileek sortutako lehia giroa sentitu nuen. Eskalatzaileen gehiengoak ‘galtzaileak eta irabazleak’ izenarekin ezagutzen dugun epaiketa onartzen du». Chamonixeko ekitaldian, berriz, alpinista beteranoak publikoaren aurrean onartu zuen aurtengo saria jasotzea kosta egin zitzaiola: «Jaialdira hurbildu naiz batez ere antolatzaileei aholkatzeko ekitaldi horrek beste formatu bat behar duela: festarena, alegia. Espero dut etorkizunean galtzailerik zein irabazlerik ez izatea». Antza denez, Groupe de Haute Montagneko presidente eta antolatzaileen buru den Christian Trommsdorffek Prezeljen hitzak kontuan hartu ditu: «Egun, oraindik, jarduera sarituen konpromisoa, estiloa, zailtasuna eta etika aitortzen ditugu. Baina formatu aldaketak Urrezko Pioleten tradizioa alde batera utzi du. Hiru hautagaitzen izenak aldez aurretik eman ditugu, eta ez dago soilik ‘irabazle’ bat, baizik eta estilo onarekin egin diren eskalada guztiak festa batean sartzen ditugu». Aipatzekoa da, halaber, saritu gazte batek, Lindicek, egindako hausnarketa bat. Gazte esloveniarrak aitortu zuen triste dagoela alpinismoak gazte gehiago erakartzen ez dituelako: «Ez dakit zehazki zer gertatzen den, baina badirudi gazteentzat kirol eskalada zein blokea askoz ere erakargarriagoak direla. Ez da nire kasua, eta ziur naiz dena ematen jarraituko dudala Alpeetan zein Himalaian bide gogorrak eskalatzeko». Gai honen inguruan, Boningtonek bere iritzia eman zuen: «Gazte hauek miretsi ditut, eta beraien jarduerekin argi geratzen da alpinismoa ez dela hil». Lindicen “irakasle” den Prezeljek, berriz, honakoa gehitu zuen: «Laster 50 urte beteko ditut, baina motibazioa zein pasioa badituzu, adinak ez du garrantzirik». Beste protagonista batzuen artean, Caldwellek ere hitza hartu zuen alpinismoaren inguruan iritzia emateko: «Ni batez ere arrokan jarduten duen eskalatzailea naiz, eta Fitz Royko zeharkaldian kranpoiak jartzen nituen bakoitzean oso arraro sentitu nintzen. Ez dut esango alpinista bat naizenik». Hori entzun bezain laster, Boningtonek zera erantzun zion: «Alexek eta zuk Fitz Royn egin zenutena estilo alpino garbienean eginiko eskalada bat izan zen». URREZKO PIOLETAK 23. ekitaldia hilaren 9tik 11ra ospatu zen Chamonixen eta Courmayeurren. Aurten, antolatzaileek formatu aldaketa egitea erabaki eta festaren irudia aldarrikatu dute. LAU SARITU Fitz Royko zeharkaldi integralak eta Thamserkuko zein Hagshuko bide berriek aitortza jaso zuten. Chris Boningtonek Ibilbidearen Urrezko Pioleta jaso zuen.