2015 MAI. 11 ALPINISMOA Alaskako Jezebel ezezaguneanbide eder berri bat sortu dute Pete Graham eta Ben Silvestre britainiarrek Revelations mendilerroan dagoen mendiaren ekialdeko aurpegian «Hoar of Babylon»marra (VI, WI6, M6, AO, 1.200 m) zabaldu dute, eta horretarako hiru egun behar izan dituzte; eskalada egiteko, bi, eta bestea, jaisteko. Andoni ARABAOLAZA Pasa den astean, Alaskako ohiko denboraldian (hain zuzen ere, hastapenetan) eginiko jarduera baten berri eman genizuen. Modu batera edo bestera, denboraldiari “hasiera” eman genion. Bada, aurreratu behar dugu Alaskako mendietan azken asteotan mugimendua izan dela. Dagoeneko, hainbat ekarpen izan dira, eta hurrengo lerrootan horietako bati buruz hitz egingo dugu. Uste dugu Pete Graham eta Ben Silvestrek Revelations mendilerroan dagoen Jezebel mendi ezezagunean jarduera bikaina egin dutela. Batetik, ia ukitu gabea delako; hots, esplorazioak garrantzia izan du. Bestetik, estiloarengatik; azkarra eta garbia. Hirugarrenik, sormen lan bat izan delako. Eta azkenik, lan hori kalitatezkoa eta zaila delako. Aipatu dugu Jezebel mendia ia ukitu gabe zegoela, eta hala da. Bere mendebaldeko gailurra soilik bi aldiz izan da zapaldua, baina ekialdeko tontorra eta ekialdeko aurpegia igo gabe zeuden. Eta egoera hori irauli dutenak arestian aurkeztu ditugun bi alpinista britainiarrak izan dira. Graham eta Silvestrek hiru egun behar izan zituzten (bi eskalatzeko eta bestea jaisteko) Jezebelen eginiko lana biribiltzeko. Zabaldu berri duten marrari ukitu biblikoa eman diote: “Hoar of Babylon” (VI, WI6, M6, A0, 1.200 m). Silvestrek adierazi duenez, guztira 19 egun egin zituzten Fish glaziarrean: «Jezebelen lortu dugun emaitza zaila izan da, eta asko kostatu zaigu. 19 egun eman ditugu ekialdeko aurpegiaren oinarrian, eta, aitortu behar dut, eskalatzen baino denbora gehiago igaro dugula itxaroten. Bai, oso eguraldi traketsa egin zigun: 19 egunetatik 17tan elurra egin zuen! Hori dela eta, plazera izan zen ekialdeko aurpegian sartu eta bide berri bat sortzea». Protagonistok une egokia ikusi zutenean, bidean sartu ziren, eta bi eguneko eskaladaren ondoren, igo gabe zegoen pareta gainditu eta gailurra zapaldu zuten: «Esan behar dut jasan ditugun tenperaturak oso-oso hotzak izan zirela, baina bibaketan nahiko epel pasatu genuen; izan ere, bi lo-zakuak elkartu genituen, eta horrek berotasuna mantendu zuen. Gehitu behar dut ere, geure hasierako asmoa beste bat zela. Pyramid Peak-ek duen couloir nagusia aztertu eta xedetzat hartu genuen, besteak beste, oso dotorea eta zaila delako. Pyramid Peak-en berri, lehen aldiz Lise Billon alpinista frantziarrari entzun nion; izan ere, iazko denboraldian beste kide batzuekin batera bide berria zabaldu zuen. Horretaz gain, Lindsey Griffin-en artikulu bat irakurri nuen, ingurumari hartan egin diren eskalada azkarrei eta garbiei buruzkoa, eta horrek ere motibatu ninduen. Baina ohartu ginen Pyramid mendiaren azpian dagoen glaziarra oso egoera kaskarrean zegoela eta hegazkinak ziur aski ezingo zuela lur hartu. Egoera horren ondorioz, mendilerroaren ekialdera joatea erabaki genuen, hango glaziarren baldintzak askoz ere hobeak direlako eta hegazkinak lurreratzeko aukera asko izan zezakeelako. Jezebel mendiaren oinarrira iritsi ginenean, haren ipar aurpegia aztertu genuen. Eta onartu behar dut asko erakarri gintuela; askok diote ‘Alaskako Grandes Jorasses’ direla. Baina, azkenean, ekialdeko aurpegiaren oinarrian utzi gintuzten. Haren inguruan ez genuen ezer entzun. Beraz, zer edo zer esploratu, aztertu eta pareta horretan sartu ginen». Gogorra eta ederra Martxoaren 25erako, sokada britainiarra Fish glaziarrean zegoen. Protagonistok eskarmentua badute, baina ikaragarria ez. Izan ere, biak ala biak gazteak dira; Grahamek 28 urte ditu, eta Silvestrek 25: «Gazteak gara, eta zorte handia izan dugu babesle batzuekin, Alaskako mendiak ezagutzea oso garestia delako. Hori bai, geure lanek denbora asko ematen digute eskalatzeko eta bidaiatzeko. Azken urteotan, hango mendiekin amets egin dugu. Esku artean genuen zerrenda oso zabala zen, eta asko itxaron behar izan dugu. Zalantzarik gabe geure helburua oso argi genuen: ukitu gabeko eta oso urrun dagoen eremu batean eskalatu nahi genuen. Eta hala izan da» . Esan dugu britainiarrek jasan duten eguraldia nahiko makurra izan zela, eta, horregatik, lehen egunetan eskiekin gora eta behera ibili ziren ekialdeko aurpegian dauden balizko marrak aztertzen: «Hormatzar horren argazkirik ez genuen ikusi, eta haren aurrean jarri ginenean zur eta lur geratu ginen. Emozio handiarekin ekialdeko aurpegi hori aztertzen jardun genuen. Eta ohartu ginen oso korapilatsua dela, besteak beste, makina bat couloir eta erpin dituelako. Azterketa horrek denbora asko eskatu zigun; izan ere, angelu ezberdinetatik aztertu behar izan genuen. Gure ardura nagusia couloirraren hasieran dagoen sekzio bat zen. Azkenean, eskalatu beharreko marra zein izango zen erabaki genuen, eta ondoren ohartu ginen kalitate handiko bide bat aukeratu genuela; hain zuzen ere, geure gaitasunaren mugan zegoena. Oro har, zailtasun handiko lau luze ditu; inoiz eskalatu ditugun onenetarikoak. Beste sekzio batzuk ere gogorrak dira, baina ez hain zailak». Graham eta Silvestrek lehen saio bat egin zuten. Horretarako egun eta erdirako jana eta izotzerako 8 torloju eraman zituzten: «Hasteko eta behin, paretaren oinarrira heltzeko elurretan 180 metro tente behar izan genuen igo. Sarrera horretan ikusi genuen balizko oztopoa 30 metroko izotzezko sekzio (tentea eta erorikoarekin) bat izan zen. Bileran hiru torloju jarri genituen, eta soilik bost geratzen zitzaizkigun tarte hori eskalatzeko. Ohartu ginen Alaskako eskalada espero genuena baino handiagoa dela. Torloju eta janari gehiago behar genuenez, bidetik jaistea erabaki genuen». Eguraldi kaskarra bere horretan jarraitzen ari zenez, “lasaitasun” hori atseden hartzeko erabili zuten. Bigarren ekinaldirako 14 torloju eraman zituzten: «Hasierako luze horretan asko borrokatu behar izan genuen, eta argi geratu zitzaigun bidearen giltza izan zela. Oso tentea zen, eta, gainera, hodi antzeko makina bat zirrikitu zituen. Hori guztia gutxi izango balitz bezala, izotzaren egitura zalantzazkoa zen». Ondoren, beste luze gogor bat gainditu behar izan zuten; oso bitxia, gainera. Alpinistok 95 graduko hegazkin baten hegal itxura zuen izotzezko sekzio bat eskalatu zuten: «Torlojuak sartu eta irten egiten ziren, eta komeriak pasatu genituen. Luze hori gainditu, eta tximinia tente bat aurrean genuen. Elurrez gainezka zegoen, eta hura eskalatzeak bi orduko lana eskatu zigun. Arriskua, teknika, oreka... denetarik zuen. Couloir baten sarrerara iritsi ginen, eta ehunka metro batzuk egin ondoren, gauerdi aldera couloirraren eskuinera dagoen branka batean bibaka antolatu genuen». Biharamuna lasaiagoa izan zen: «Hala ere, bidearen luze onena egin genuen; tximinia bat zen, Patagoniako ‘Exocet’-en dagoenaren antza duena. Azkenean, tontorra zapaldu genuen. Gauak harrapatu gintuen, eta, denbora galdu gabe, bibakera jaitsi ginen. Hirugarren egunean, pareta rappelatu eta glaziarrera heldu ginen». GOGORRA Alpinistok zabaldu zuten bideari «Hoar of Babylon» izena jarri diote, eta 1.200 metro luze den marra horrek honako zailtasunak ditu: VI, WI6, M6, A0. AZKAR Jezebel mendian eginiko jarduerarentzat, britainiarrek hiru egun behar izan zituzten. Horretaz gain, eguraldi makurra jasan behar izan zuten. LEHENA Pete Graham eta Ben Silvestre alpinista britainiarrek Alaskako Revelations mendilerroan dagoen Jezebel mendiaren ekialdeko aurpegiaren lehen igoera sinatu berri dute.