2015 MAI. 25 ALPINISMOA Benetako abentura basatia Alaskako Deborah mendian Jon Griffith eta Will Sim alpinista britainiarrek mendiaren ipar-mendebaldeko aurpegiaren lehen igoera sinatu berri dute. «Bad to thebone» marra 2.000 metrokoa da, eta sokadak dio inoiz eskalatu dituen hiru egun gogorrenak izan direla; ez dute gradurik proposatu. Andoni ARABAOLAZA Alaskako ohiko denboraldiarekin jarraitzen dugu; izan ere, hango mendietan egiten ari diren jardueren berri ematea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Merezi dute; ondo merezi ere! Behin eta berriz (betiere, jarduerak beren testuinguruan kokatu ahal izateko) aipatzen dugu Alaskako mendilerroak basatiak zein urrunak direla. Eta horrek, inolako zalantzarik gabe, alpinisten xedeei benetako garrantzia ematen die. Jakina, egiten dituzten zailtasun teknikoak ahaztu gabe. Bada, duela gutxi Jon Griffith eta Will Sim britainiarrek garrantzi handiko jarduera bat sinatu dute. Deborah mendian (3.761 m) izan da, Hayes mendilerro ezezagunean. Eta ezezaguna diogu, mendizerra horretan dauden tontorrak ia ukitu gabe daudelako. Hayes mendilerroa Alaskan daudenen artean ez da bisitatuenetarikoa. Ia alpinista gehienek Denali, Hunter edo Ruth glaziarrean dauden mendi ezagunetara bidaiatzen dute. Hauek ere ingurumari basati batean daude, baina, esan dugun bezala, bisitari gehiago jasotzen dituzte. Sokada britainiarrak, beraz, Deborah mendia aukeratu zuen; hain zuzen ere, igo gabe zegoen mendiaren ipar-mendebaldeko aurpegia. Eta hormatzar horretan gai izan dira, lehen igoera egiteaz gain, 2.000 metro luze den “Bad to the bone” bidea sortzeko. Marra zabaldu eta ohikoena da haren inguruan graduazioa ematea, baina Griffith eta Simek uko egin diote proposamen bat emateari, besteak beste, hori egiteko euren burua ez dutelako gai ikusten. “Soilik”, aurrerapen gisa, honako hau adierazi dute: «Eskaladan inoiz egin ditugun hiru egun gogorrenak izan dira». Aurkezpen labur hau egin ondoren, protagonistok egiten duten jardueraren nondik norakoak aipatuko ditugu. Hasteko eta behin, esan behar dugu xede horren bultzatzailea Sim bera izan zela: «Amerikako azken muga Alaska da, eta hori horrela bizitzen da. Baina gehienak Denali bezalako mendilerro ezagunetara abiatzen dira. Harrigarria bada ere, Alaskan Asiako mendietan bezalako hormatzar erraldoiak aurkitu ditzakegu. Baina, jakina, Alaskan ez duzu Asiako mendietan jasaten den garaieraren inguruko arazorik sufrituko. Bide batez, horri esker Alaskara joateko bidaia batek soilik hiruzpalau aste eskatzen dizkizu, eta Asiarako batek, aldiz, bospasei. Hala eta guztiz ere, Alaskako helburuetan ere, abentura dosia handia da oso. Google Earth-en makina bat ordu egin dut. Eta Deborah mendiaren ipar-mendebaldeko aurpegia lehen aldiz ikusi nuenean bere simetria ikaragarri ederra iruditu zitzaidan. Xede gehienak estetikan oinarritzen dira, eta Deborah oso estetikoa dela uste dut. Hormatzar hori ondo aztertzen baduzu, soilik lehen begiradarekin harrapatzen zaitu. Joni nire asmoen berri eman nion, eta konbentzitzeko erraza denez, ez zuen inolako eragozpenik izan di-da batean xede horretara apuntatzeko». Sokada britainiarrak Deborah mendiaren ipar-mendebaldeko irudiak eskuetan zituen, eta, helburua are gehiago indartzeko, Simek 1978. eta 1982. urteetako espedizioen kontakizunak jaso zituen. Gogora dezagun Deborah mendia lehen aldiz 1954. urtean igo zela. Fred Beckey, Henry Meybohm eta Heinrich Harrer izan ziren protagonistak, eta hirukote hori hego aurpegitik igo zen. Abentura handia Nahiz eta mendiaren ipar-mendebaldeko hormaren lehen igoera sinatu duten, Griffitek eta Simek Alaskako bidaian eta mendian bizi izan zuten abenturari garrantzi guztia eman diote: «Guk uste genuen hegoaldetik abiatuta, hegazkin batek Gillam glaziarrean utziko gintuela, baina hegazkina hartu aurretik, bezperan hain zuzen ere, ohartu ginen hori ezinezkoa izango zela. Inolako zalantzarik gabe, egoera berriak egundoko estresa sortu zigun; izan ere, B plan bat indarrean jarri behar genuen. Azkenean, Fairbanks-en helikoptero bat lortu genuen. Hori bai, hara heldu aurretik, Alaskako ‘highway’ izeneko errepidean auto-stop egin behar izan genuen. Eta kontuan hartu behar da gainean 200 kiloko tresneria genuela. R44 modeloko helikoptero txiki bat zenez, gure pisu astun hori ‘argaltzera’ behartuta egon ginen. Horretaz gain, mekanika lanetan jardun genuen. Baina, tira, azkenean handik atera eta glaziarrera heltzeko aukera izan genuen». Simek aurreratu du pisu astuna zeramatela, besteak beste, ezer gutxi zekitelako Deborah mendian zer aurkituko zuten; hots, nolakoa izango zen igoera eta batez ere jaitsiera. Hori gutxi izango balitz bezala, sokada britainiarra oso arduratuta zegoen klimarekin: «Eguraldia oso basatia da eta, lehenbiziko abisua lehen gauean izan genuen: egundoko ekaitz batek kanpaleku nagusia suntsitu zuen! Bestalde, esku artean genituen argazkiak ez ziren guztiz fidagarriak. Hormatzar bat ikus dezakezu, han dauden serac-ak eta beste arrisku objektiboak ere, baina haren aurrean egon arte ez zara benetako egoeraz jabetzen. Hori bai, espero genuen bezain ederra zen. Alabaina, baikor izateko beste datu batzuk bagenituen. Horietako bat da ia ez dela gaua egiten, eta horrek eskalatzeko ordu asko eskaintzen dizkizu. Adibide bat: gure lehen egunean goizaldeko ordu biak arte eskalatzen izan ginen». Deborah mendian egin duten jarduerari dagokionez, Simek esan du eskalatu duten izaera horretako beste aurpegi batera ez litzatekeela itzuliko: «Onartu behar dut izotz plastikoa ziren hainbat sekzio ikaragarri onak eskalatu genituela; hori batez ere behealdean izan zen. Baina aurpegi hori oso arriskutsua da. Errimaia zeharkatzen ari ginenean, bi elurrolde handi oso hurbiletik pasatu ziren. Eta horrek egun horretarako oso zapore txarra utzi zigun. Hori guztia nahikoa ez eta, beste elurrolde beldurgarri bat ondotik pasatu zen marraren bi herenak eskalatuta genituenean. Egoera horrek ipar-mendebaldeko ertzera joatera behartu gintuen. Horregatik, Jonek eta biok diogu izaera horretako hormatzar batera itzultzeko gogorik ez dugula. Gailurreko eguna ere basatia izan zen oso. Ertzean egundoko erlaitzak zeuden, eta haizeak oso bortitz astitzen zuen. Bazirudien ez genuela inoiz amaituko. Egoera horiek ia hiru egun horietan denetan bizi izan genituen. Kanpaleku nagusira heldu ginenean, ohartu ginen pareta hartan bizitakoaz». Hitz gutxitan esanda, britainiarrek eginiko eskalada arrisku handikoa izan zen oso: «Hormatzarra espero baino tenteagoa zen. Orain arte aipatu dudan guztiarengatik, Jon eta biok ez gara ausartuko zabaldu berri dugun bidearen inguruan gradu bat ematen. Ez gara saiatuko zenbaki batzuk ematen; ez horixe! Izaera alpinoa duen bide honi zailtasun bat emango bagenio, uste dugu ez genukeela zehazki adieraziko zer eskalatu dugun. Eskalada, berez, ez zen oso zaila, baina bai oso arriskutsua: arroka txarra, izotz oso fina, elurrolde handiak... Uste dugu bide osoan ez dagoela giltza izan zitekeen luze bakar bat ere. Ez da superteknikoa, baina bai erraldoia eta oso-oso arriskutsua». HIRU EGUN Sokadak zabaldutako bideari «Bad to the bone» izena jarri diote. Guztira, 2.000 metro luze da, eta jarduera osoa burutzeko hiru egun behar izan zituzten. ARRISKUTSUA Sortu duten marraren izaera kontuan hartuta, protagonistok adierazi dute ez direla gai bideari graduazioa emateko. «Eskalatzen inoiz eman ditugun hiru egun gogorrenak izan dira» gaineratu dute. LEHENAKJon Griffith eta Will Sim alpinista britainiarrek Deborah mendiaren ipar-mendebaldeko aurpegiaren lehen igoera sinatu berri dute.