2015 EKA. 22 ALPINISMOA Iker Madoz Alpeetako hormetan «ikasketak» sendotzen izan da Iruindar gazteak FEDMEren alpinismoko taldearekin egonaldia egin berri du. Besteak beste, Pilier Rouge du Brouillard pilareko«Gabarrou-Long» bidea Mikel Zabalzarekin eskalatu du. Artifizialeko luzea saihestu eta 6c graduko pare bat luze zabaldu dituzte. Andoni ARABAOLAZA Azken bolada luze honetan, Iker Madoz gure “berriemaile berezi” partikularra bihurtu zaigu. Denbora daramagu esaten iruindar gazteak (18 urte besterik ez ditu) muturra indartsu sartu duela alpinismoan. Haren inguruko azken berriak neguko jardueren ingurukoak izan dira. Orain, hein batean, pioletak eta kranpoiak alde batera utzi, eta katu-oinekin “dantzan” jarri da. Maiatzaren 28tik ekainaren 7ra aukera ederra izan du pareta alpinoetan eskalatzeko, batez ere Mont Blanceko mazizoan dauden hormatzarretan. Hain zuzen ere, Mikel Zabalza buru duen FEDMEren alpinismoko taldearekin jardun du. Eta han, Madozek aukera izan du Pilier Rouge du Brouillard pilareko “Gabarrou-Long” bidea egiteko. Marra hori da Madozek egonaldi horretan egindako jarduerarik azpimarragarriena. Mont Blanceko hego aurpegian dago; askorentzat Alpeetako leku onenetarikoa, batez ere duen lasaitasunarengatik, arrokaren kalitatearengatik eta dituen marra bikainengatik. “Gabarrou-Long” ez da eremu hartako gogorrenetarikoa, baina “ikasten” dabilen gazte batentzat, ordea, aipatzeko modukoa da. Xede horretara abiatu aurretik, iruindarrak eta bere kideek 3.600 metrotik gorako altueran dauden hainbat bide eskalatu zituzten. Girora ondo egokitu ondoren, irakasleak eta ikasleak sokada osatu zuten, eta elkarrekin abiatu ziren “Gabarrou-Long” bidera. Hori bai, gazteak GARAri adierazi dioenez, hurbilketa bide gogorra zuten aurretik: «Paradisu hori ezagutzeko irrikatan nengoen. Nahiz eta Mont Blancen egon, oso ezezaguna da eta bisita gutxi jasotzen ditu. Gehienak haranean bertan geratzen dira. Autoa utzi eta Eccles aterpera abiatu ginen. 2.400 metroko goranzko desnibela genuen eta bidea egiteko sei ordu behar izan genituen». Atseden hartu, eta sokada pronto zen marrak dituen ia 400 metroei ekiteko. «Aitortu behar dut bide guztia oso ona dela. Tarte errazak edo zailak; berdin dio, eskalada ederra da! Ez zitzaidan oso gogorra iruditu, baina fisikoa bai. Zutoina nahiko tentea da, helduleku onak ditu, baina indarra egin behar da. Garaierak ere taupadak bizkortzen ditu. Alabaina, zailtasun teknikoek gozatzen uzten dizute. Ez du sekulako gradu estratosferikorik, non une oro estutzen egon behar duzun. Ez, ondo egiten den bidea da. Halere, pausu interesgarriak baditu». Aldaera bat Madozek onartu du “Gabarrou-Long” ez zaiola gogorregia iruditu, baina adierazi digu, garaieran eskalatzeaz gain, nahiko desekipatuta dagoela: «Bideak luze dezente dituenez, Mikelek eta biok guztiak partekatu genituen. Hots, beti bezala: bakoitzak luze bat egiten zuen sokaburu, eta, hurrengoa, sokaren beste puntan. Bideak iltze gutxi ditu, eta batzuetan zaila da jakitea bide egokian zauden ala ez. Guk ez genuen ez mailurik ezta iltzerik eraman. Aitzitik, uste dugu mailu arin bat eramatea egokia dela, batez ere kolokan dauden iltzeak sendotzeko. Artesi bikainak direnez, guk friend joko bat (3 zenbakira arte, eta txikiak 0,5 zenbakira arte errepikatuz) eta fisurero batzuk erabili genituen». Bide osoa eskalatu bai, baina sokadak 7a+ edo A2 graduko luze bat saihestu eta 6c zailtasuneko berri pare berri zabaldu zituen: «Bigarren bastioiaren hasieran, luze horretan sartu ordez, eskuinera jo eta bi luze berri egin genituen. Oso bide ederra da. Ez zait iruditzen kristoren jarduera denik, baina pozik nago. Leku basatia da, eta horrek hunkitu egin ninduen. Rapelatzen ekaitz bortitz batek harrapatu gintuen, txingor eta guzti; une estuak bizitzeaz gain, blai eginda bukatu genuen! Eremu horretan eskalatzen gustura jardun nuen. Girora egokitu ondoren, primeran eskalatu genuen: tenperatura ona, hotzik ez, arroka bikaina... Egonaldi aberatsa izan da».