2015 EKA. 29 ALPINISMOA Devil’s Paw mendiko lehen igoerari «Black Roses» izena jarri diote Kanada eta Alaska arteko mugan dagoen gailurreko ipar-mendebaldeko ertza Simon Gietl eta Roger Schalik eskalatu berri dute. 1.000 metro luze ditu, eta 19 orduko jardunean 6c, A1 eta M4 zailtasuneko sekzioak gainditu behar izan dituzte. Andoni ARABAOLAZA «Pasa den hilean, Simon Gietl eta biok Devil’s Paw izeneko mendiaren ipar dorrearen lehen igoera egin genuen». Era horretara hasten da Roger Schalik GARAri bidalitako informazioa. Aitortu behar dugu mezuaren lehen lerroak irakurri eta lekuz kanpo geratu ginela. Zergatik diogun hori? Bada, lehenbiziko aldia zelako mendi horren izena entzuten genuena. Jakina, Gietl italiarraren eta Schali suitzarraren berri bagenuen; izan ere, goi mailako alpinista horiek orriotan behin baino gehiagotan agertu dira. Eta irakurtzen den legez, Schali bera gurekin askotan gogoratu da. Mezuari tira eginez, pixkaka-pixkaka geure burua kokatzen hasi ginen. Suitzarrak berak inguru horri buruz honakoa esan digu: «Devil’s Paw mendiak (2.616 m) lau tontor ditu, eta guk ipar dorrea eskalatu genuen. Mendi hori Alaskako eta Kanadako mugan dago; hain zuzen ere, Boundary izeneko mendilerroan. Gure eskalada, berriz, mendiaren ipar-mendebaldeko ertzean egin genuen. 1.000 metro luze da, eta lehen igoera izan da. Jakina, estilo alpinoan jardun eta uste dugu igoera azkarra sinatu genuela: 19 ordu. Sortu dugun bidean orban beltz handiak zeuden, eta horregatik ‘Black Roses’ (6c, A1, M4) deitu diogu». Beraz, Gietl eta Schali Alaskako mendi bakartu zein ezezagun batean izan dira, publikoari erakutsiz oraindik orain mundu zabalean igo gabe dauden makina bat mendi daudela: «Azken urteotan, nire kide eta eski gidari Heli Putzek Devil’s Paw mendiaren inguruan bero-bero hitz egin izan dit. Mendi handi eta ederra da, eta, azkenean, gure kideak gonbitea luzatu, guk onartu eta bisita egitera animatu ginen». Kanpaleku hori antolatu bezain pronto, italiarra eta suitzarra martxan jarri ziren. Schalik adierazi digunez, ez zuten aitzakiarik; izan ere, udaberriko eguraldi bikaina zuten. «Eskiak hartu eta ordubeteko ibilaldian Devil’s Paw mendiaren ipar-mendebaldeko ertzaren oinarrian ginen. Lehenbiziko ezustekoa hasieran jaso genuen. Eskaladaren lehen metroak egin bezain pronto, ohartu ginen pareta tentea baino tenteagoa dela. Modu batera edo bestera, Cerro Torreren irudia etorri zitzaigun burura. Bai, igeltsu itxurazko elurra paretan erabat itsatsita zegoen. Beraz, argi baino argiago genuen gure jarduera ez zela parke batean eginiko paseo bat izango», dio suitzarrak. Oso arin Mendiaren ezaugarriak eta egoera ikusita, protagonistok kanpalekura jaistea erabaki zuten. Beste estrategia bat aztertu behar zuten, eta erabaki zuten hurrengo saioan askoz ere arinago joan behar zutela: «Kanpalekura iritsi eta egin genuen lehenbiziko gauza bizkar-zorroak arintzea izan zen. Bai eskalatzeko materialaren bai janaren pisua arindu behar genuen. Horrez gain, erabaki genuen bibakerako ekipamendua kanpalekuan uztea. Horrela bada, bibak bakarra aurreikusi genuen, eta horretarako hatzak gurutzatu genituen!». Sokada horren benetako eskalada maiatzaren 18an hasi zuten. Biek ala biek lan gogorra zuten zain, aurrez aurre zuten panorama ez baitzen batere erosoa: luze zailak eskalatu zituzten, sekzio asko heze zeuden, batzuetan elurrarekin eta izotzarekin estalita, bloke solte askorekin egin zuten topo... Horren guztiaren aurrean, Schalik esan digu ia eskalada osoan urduritasun handiarekin jardun zutela: «Gauak harrapatu gintuenean, atzean arrokazko bi pareta utzi genituen. Hurrengo sekzioa oso neketsua eta arriskutsua zen. Gailurrera heltzeko elur hautsean zein sakonean lan eskerga egin behar izan genuen. Egunaren lehen izpiekin tontorrera heldu ginen. Une berezia izan zen oso; bai, mendiaren lehen igoera zen. Jaitsiera, berriz, bost orduan egin genuen».