Ezagun ezezagun hori
Denbora bere lekura”, horixe Markuletak liburuari eman dion izenburua. Esanahi sendoa du, irmoa. Bigarren mende erdiari ekin berri dio idazleak eta, badirudi, gogoeta egitera deitu duela bere burua, gogoeta denboraz, denborak harrapatutako iraganaz eta orainaz, eta denborak askatutako denboraz.
Seigarren poesia-liburua du (erraz esaten da, seigarrena) eta, halere, inork gutxik aipatuko du lehen kolpean Gerardo Markuletaren izena, «esan hiru euskal poetaren izenak» galdetuta. Nire ezagun euskaltzale askok nor den ere ez dute jakingo.
Liburu laburra da baina eduki oparokoa. Lau atal ditu: lehenengoak ematen dio izena liburuari, bertan haurtzaroko denbora kokatu du, pausatu du, malenkonia kutsu batekin esango nuke, “Izana, izatekoan” indar handiagoz usaintzen dena. Bigarren atala abiadura bizian irakurriko dugu, poemak laburrak eta biziak direlako. Markuletaren hainbat poema musikatu egin dituzte, ez harritu, atal hau ere azpimarratu izana musikariek. Nik “Balak Baleki” azpimarratu dut, oso jostaria, musikala da. Hirugarren atalean haiku itxurako poema-sorta harrigarria da, edo hobeto esanda, harrigarria da laburrean asko esateko duen trebetasuna, adibide batera, “Deus gutxi” izenekoan: «Laburbilduz noa: /hats, pisu, memoria / Desagertuko naiz». Azken atalean maitasunaz mintzo da luzeago, testu narratiboagoak dira, baina erritmo handikoak, errimadunak ere bai batzuk, hitz-jokoz osatua baten bat. Nuriari ari zaio, besteengan kokatzen du subjektua, baina egiaz bere buruaz ari da.
Horrenbestez, erakustaldi txiki bat da honakoa, poesia nola menderatzen duen erakusten duena, narratiboa, tradizionala, motza eta neurtua. Aipatu ditudan euskaltzale horien artean bazaude, nagiak kendu eta eman denbora, eraman Markuleta bere lekura.