Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Ashima Shiraishi: soilik 14 urterekin 8c/+ bigarren saioan

Eskalatzaile estatubatuarrak «Nordic flower» bidea (Flatanger, Norvegia) oso azkar sinatu du. Bitartean, 16 urteko Bittor Espartak,astebetean, «Kulun Gele» (8c) eta «Robavias» (8b+, flash eran) igo berri ditu.

Aspaldi ari gara esaten nerabeak zein haurrak iraultza handia egiten ari direla kirol eskaladan. Horietako adibide adierazgarrienetarikoa Ashima Shiraishi dugu. 14 urte baino ez baditu ere, eskalatzaile estatubatuarra, muturreko zailtasunean, emakumezkoen “buruzagia” da. Agian, irakurleak gogoan izango du Shiraishik Aste Santuan Santa Linyan eginiko agerraldia. Astebetean 9a/+ graduaren inguruan dauden bi bide kateatu zituen.

Egunotan, bestalde, Norvegian dabil oporretan; hain zuzen ere, Flatanger-en. Eta hango koba entzutetsuan, Hanshelleren izenekoan, xede handi bat probatzen ari da: “Thor´s hammer” (9a+). Gogora dezagun koba horretan Adam Ondrak munduko lehen 9b+ egin zuela: “Change”.

Baina bolada batez, helburu hori “hozkailuan” utzi behar izan du, bustia dagoelako: «Ez dut aukera handirik izan bidea probatzeko, besteak beste, giltza diren heldulekuak oso-oso heze daudelako. Alabaina, oso marra ona da. Kalitate handiko granito da, baina sekzio batzuetan heldulekuak bata bestearengandik urrun daude. Oraingoz, bide horretan bizitzen ari naizen eskarmentua oso aberatsa da».

Bi saio

Bidearen baldintzak onera etortzen diren bitartean, 14 urteko eskalatzaileak beste bide batzuk egin ditu. Horietatik guztietatik azpimarratu behar dugu “Nordic flower” bidean lortu duena. Jorg Verhoeven-ek ekipatutako marra da, eta hark duela lau urte lehen igoera egin zuen. 9a proposatu zuen. Ondoren, besteak beste, Ondrak berak bistan kateatu zuen, eta 8c+ bezala aurkeztu zuen. Egun, berriz, 8c/+ graduan geratu da.

Bada, Shiraishik bide hori bi saiotan patrikara sartu du: «Nire xedea bustita zegoenez, ‘Nordic flower’ probatzea otu zitzaidan. 50 metro luze den bide ikaragarria da!».

Astebete eraginkorra

Bien bitartean, Bittor Espartak astebete eraginkorra izan berri du. 16 urteko eskalatzaile bilbotarra lerrootan behin baino gehiagotan azaldu da, batez ere lehien munduko berrietan.

Orain, berriz, arrokan lortutako emaitzei buruz mintzatu behar gara. Gaubeako (Valdegovia) La Campa sektorean “Kulun Gele” bidea (8c) egin zuen. Hori ekainaren 21ean izan zen. Egun batzuetara, berriz, “Robavias” marra poltsikoratu zuen. 8b+ zailtasuna du, baina aipatu behar da bilbotarrak flash eran kateatu duela.