2015 IRA. 07 ANDINISMOA «Libre», euskal izaera duenJangyaraju I-eko bide berria Joan den maiatzaren 25ean Odei Giradok eta Kepa Berasategik sormen lan hori egin zuten, 5.675 metroko garaiera duen mendiarenipar-ekialdean. 600 metro luze eta MD+ (6a+, A2, M5, 60º) mailako zailtasuna du. Jarduerak hamazazpi orduko lana eskatu zien. Andoni ARABAOLAZA Argi dago libre izateko ez dagoela oso urrutira joan beharrik; etxean bertan horrela senti zaitezke. Baina hori aldarrikatzeko edozein lekutara joan zaitezke, eta bandera lau haizeetara zabaldu eta etxera itzuli. Odei Girado eta Kepa Berasategi alpinista gipuzkoarrak antzeko jarrera izan dute. Tokitan, baina izan dute. Joan den maiatzean, sokada Andeetara joan zen, eta Jangyaraju I mendian (5.675 m) “Libre” izeneko bide berria zabaldu zuen. Gipuzkoarrek proposamen berria mendiaren ipar-ekialdeko paretan egin zuten, eta, oro har, MD+ zailtasuna du. Zehatzago esanda: 6a+, A2, M5 eta 60°. 600 metro berriak borobildu ahal izateko, 17 orduko lana egin zuten. Marra ireki ondoren, alpinistok Antonio Garcia Bohorquez (andinismoan aditua eta sona handia duen Andeetako gida liburuaren egilea) zein Haritza Monasteriorekin (Huarazen bizi den mendi gidari euskalduna) harremanetan jarri ziren, eta biek ala biek baieztatu zieten “Libre” bide berria dela. Berasategik GARAri azaldu dionez, beraiena Jangyaraju I mendiaren ipar isurialdeko igoera bakarretarikoa izan da: «Horrela baieztatu ziguten Bohorquezek zein Monasteriok. Eta, bai, Chris Turner eta Mary Ambrose sokada australiarrak 1993. urtean zabaldutako bidearekin zerikusirik ez du gureak». 17 ordu Lan ederra, beraz, euskal sokadak joan den maiatzaren 25ean egin zuena; batez ere kontuan hartzen badugu Giradok Andeetan lehen bisita zuela, eta Berasategik bigarrena. Hori bai, azken honek aitortu digunez, sormen lan bat egiteko helburuarekin bidaiatu zuten: «Ni, adibidez, berriro itzuli naiz, eta gogoa nuen zer edo zer zabaltzeko. Cayesh mendiari, adibidez, begiratu bat eman genion, baina, azkenean, Jangyaraju I mendian bukatu genuen». Berasategik aipatu digunez, Ishincako haranean girora egokitzen ari zirela Jangyaraju I mendia lehendabiziko aldiz ikusi zuten: «Beroaldi baten ondorioz, hara abiatzea bururatu zitzaigun. Kanpaleku erosoa atondu genuen; zelai bateko belar gainean. Bloke politak egiteko aukera eta guzti zegoen! Hasieran, mendiaren ezkerrera goulotte eder batzuk ikusi eta haietariko bat igotzea erabaki genuen. Oso itxura ona zuten, baina goialdean elurrezko perretxiko arriskutsu batzuk zeuden. Hori ikusita, ohartu ginen arrokan eskalatzea seguruagoa izango zela». Sokada paretara abiatu eta morrenan egin zuen gaua: «Paretaren sarrera bi ordu eta erdira genuen. Esan behar dut arrokazko tarteetan ez genuela aparteko zailtasunik topatu. Hots, 4. gradua une oro eta 6a+ graduko sekzio bakan batzuk. Hori bai, eskalada guztia oso tentea zen, eta azpimarratzekoa da granitoaren kalitatea oso ona zela». Guztira, sei luze (225 metro) eskalatu zituzten. Katu-oinak aldatu eta bota gogorrak jantzi zituzten; izan ere, aurretik mistoko zein elurrezko sekzioak zituzten: «Elurra gerriraino iristen zen, eta tarte hau ensamblean egin genuen. Eta mistoan M5 graduko tarteak gainditu genituen. Tontorrera arratsaldeko seietan iritsi ginen; nahiko berandu. Bide beretik jaitsi ginen, eta rapelak iltzeekin eta fisureroekin ekipatu genituen; bost, guztira. Bidean iltze bat soilik genuen. Lau ordu beranduago morrenan ginen. Beraz, 17 orduko jarduna izan zen». Nahiz eta «etxeko lanak» ondo baino hobeto egin, gipuzkoarrok Huamashraju mendian (5.435 m) zein Cayeshen (5.720 m) saio bana egin zuten. Azkenik, Jangyaraju I mendian eginiko lana lagun batzuei eskaini nahi izan diete: «LIBRE izateko borrokatu duten espetxeetako soka-lagunei eskaini nahi genieke. Anza, Lujan, Franco eta Puxi, eutsi horri eta animo!».