Mikel Linazisoro, seigarren, Eskaladako Munduko Txapelketan
Abuztuaren 28tik irailaren 6ra arte Italiako Arcon jokatutako nazioarteko proba nagusian bergararra Fedme-ren selekzioarekin lehiatu da; hain zuzen ere, 16 urtez azpikoen edo Youth B mailan. Eskaladako festa horretan 1.200 lehiakide gaztek hartu dute parte.
Nazioarteko eskalada lehien hitzordu nagusia, Munduko Txapelketa, jokatu berri da. Hain zuzen ere, hamar egunez; abuztuaren 28tik irailaren 6ra arte. Hori bai, gaztetxoen txanda izan da; hots, jubenilena. Eta ohi den legez, hiru modalitate izan dira: abiadura, blokea eta zailtasuna.
Italiako Arco herria izan da Munduko Txapelketaren egoitza, eta, inoiz ez bezala, lehiakideen kopurua erabat ikusgarria izan da. Bai, 51 herrialde ordezkatzen 1.200 eskalatzailek jo eta su jardun dute. Oro har, eskaladako festa nagusi hori oso arrakastatsua izan da. Batetik, aurreratu dugun bezala, lehiakide askok hartu dutelako parte. Bestetik, sortu den giroa ederra izan delako. Hirugarrenik, gaztetxoek ikuskizun handia eman dutelako. Eta laugarrenik, lehiarako atondutako egitura eta proposamenak bikain baino bikainagoak izan direlako.
Eta 1.200 lehiakide horien artean, gainera, euskal ordezkari bat izan genuen: Mikel Linazisoro. Hori bai, Fedme-ren selekzioarekin izan da. 16 urtez azpikoen edo Youth B mailan jardun du. Eta lortu duen emaitza azpimarratzeko modukoa da: seigarren postua.
Agian baten batek Linazisororen aldetik gehiago eska zezakeen, batez ere kontuan hartzen badugu aurten Europako Kopa zein Txapelketa irabazi dituela. Eskatzea libre da, baina 15 urteko bergararra ez da estralurtar bat eta harekin lehiatzen direnak ere ez dira besamotzak. Bai, lerro hauetatik lasai asko aitor dezakegu Linazisorok nazioarteko lehietan sinatu duena historikoa dela.
Euskal lehiakideei dagokienez, betiere jubenilen mailan, soilik Patxi Usobiagak erdietsi du garaipen bat. Hori duela hogei urte izan zen, eibartarra Europako Txapelketan nagusitu baitzen. Gazte bergararrak, aldiz, denboraldi bakar batean Europako Kopa zein Txapelketa irabazi ditu, eta Munduko Txapelketan seigarren izan da. Hori ez al da historikoa?
Linazisorok beste behin argi erakutsi du lehiei neurria hartu diela. Orriotan askotan argitaratu dugun bezala, Euskal Herriko zein Espainiako hitzorduetan (bere kategorian, jakina) jaun eta jabe da. Hots, dena irabazi du. Iaz, adibidez, nazioarteko lehietan muturra sartu zuen. Baita ondo sartu ere; izan ere, finaletan lehiatzeko aukera izan zuen. Kaledonia Berrian iaz jokatutako Munduko Txapelketan, adibidez, zortzigarren postua sinatu zuen. Eta berriro diogu, aurten lortutakoa historikoa da.
Seigarren
Gipuzkoarrak, 16 urtez azpikoen mailan, beste 79 lehiakiderekin jardun zuen. Arcon jokatutako Munduko Txapelketara arestian aipatutako bi garaipen handirekin abiatu zen. GARAri adierazi dionez, hitzordu nagusi horretarako oso kontzentratua zegoen: «Europako Kopa zein Txapelketa jokatu eta irabazi ondoren, uste dut Arcora nahiko lasai joan nintzela. Oso ondo sentitzen nintzen; izan ere, ondo entrenatu eta sasoi puntu ona nuen. Bai, neure buruarengan konfiantza handia nuen. Baina finalean, adibidez, ez nuen egun on bat izan. Pixka bat nahastu nintzen, eta argi daukat askoz ere hobeto egin nezakeela. Erori nintzenean, ez nengoen batere nekatuta, eta horrek asko esaten du. Lehiak horrelakoak dira, une zehatz horretan ez baduzu ondo eskalatzen, bada, akabo. Baten batek esan dezake faborito nintzela, batez ere Europako Kopa zein Txapelketa irabazi ditudalako. Baina nik ez nuen neure burua faboritotzat hartzen; izan ere, finalean sartzen diren guztiek aukera berdinak dituzte. Nik nahiko lasai jardun nuen. Denbora asko daramat lehien munduan (eskian zein eskaladan) eta urduritasun puntu bat hor badago ere, lasai jarduten dut. Azkenean, hainbeste urte konpetitzen igaro ondoren, lehietara egokitu naiz».
Linazisorok eginiko txapelketari buruz aipatu behar da sailkapenetan hirugarren postuan sailkatu zela, finalerdietan zazpigarren eta finalean seigarren. Bergararrak adierazi digu, oro har, ez zela oso fin ibili: «Sailkapenetako bi bideetan ondo sentitu nintzen. Lehen bidean bigarrena izan nintzen, baina bigarren bidean ez nuen lan ona egin. Txapatzen nahastu nintzen; txapa batek salto egin eta berriro jaitsi behar izan nuen. Alabaina, hirugarrena geratu nintzen. Finalerdietan, berriz, mugimendu bat ez nuen ondo irakurri eta erori egin nintzen. Sailkapenetan ez bezala, bide hori bistaz egin behar zen, eta nik nahiago dut horrela; gusturago sentitzen naiz bistaz eskalatzen. Hor ere nekatu gabe erori nintzen. Eta finalean, ia egoera berdina izan zen. Berriro ere %100a eman gabe erori nintzen. Mugimendu dinamiko bat egin behar nuen. Atseden leku batetik irten nintzen, mantso joaten saiatu, baina dinamiko horretarako oinak nahiko altu jarri nituen. Heldulekura iritsi nintzen, baita heldu ere, baina zentimetro bat».
Hori izan zen, beraz, Linazisorok Munduko Txapelketan eginiko lana. Lehen postua Sam Avezou frantziarrarentzat izan zen, bigarrena Harold Peeters belgikarrarentzat eta hirugarrena Pietro Biagini italiarrarentzat. Euskal ordezkaria, beraz, ez dago gustura eginiko lanarekin: «Pena pixka bat badut; jakin badakidalako, askoz gehiago eman nezakeela. Baina bide batez esan behar dut Munduko Txapelketa batean seigarren postua erdiestea oso-oso ondo dagoela. Iaz, adibidez, zortzigarren sailkatu nintzen».
Linazisorori adierazi diogu finala Europako Kopa eta Txapelketa bezalakoa izan zela; izan ere, japoniar bat izan ezik, beste guztiak europarrak ziren: «Bai, aurreko bi lehia horietan bezala sentitu naiz. Oro har, beste herrialde batzuetako ordezkariak zeuden (AEB, Korea, Kolonbia...), baina finalean, zuk diozun bezala, japoniarra izan ezik, besteak europarrak ginen. Beste kategorietan ez bezala, gurean ez da gehiegi nabaritu Munduko Txapelketa bat izan denik. Haatik, egundoko giroa izan da. Nabaritu da europarrok ‘etxean’ jokatu dugula. Egitura eta bideak ere bikainak ziren, baina agian nik Imst-ekoa (Austria) eta Edinburgokoa (Eskozia) nahiago ditut».
Aurtengo nazioarteko lehien denboraldian lortutakoari buruz galdetu diogu Linazisorori, eta hark erantzun digu poltsikoratutako emaitzak ez zituela espero: «Iaz, adibidez, hitzordu nagusi horietan jardun nuen. Finaletara pasatu nintzen, baina aurtengoa kristorena izan da. Aurten asko entrenatu naiz, eta neure helburua podiumetan sartzea zen. Bitan sartu naiz, eta gainera lehen postuan bukatu dut. Eta hirugarrenean finalean izan naiz».
Gazte bergararrak Usobiaga eta Josean Mulas entrenatzaile ditu, eta Irati Anda Fedme-ren hautatzaile. Hirurek ala hirurek gauza bera esan diote: «Pozarren daude nik eginiko lanarekin. Esan didate oso ondo dagoela eta entrenatzen eta gauzak ondo egiten jarraitu behar dudala. Esan didate ere ezin dela beti topera egon eta finaletan edozer gauza gerta daitekeela. Eta asko ikasten dela; eta, bai, horretaz ohartu naiz. Lasai egoteko aholkatu didate, aurretik denbora asko dudalako gauzak hobetzeko eta urrats berriak egiteko».