GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Misto modernoko bide gogor berria Aiguille du Planeko mendebaldean

Fabien Dugit eta Jeffe Mercier frantziarrek, egun bateko jardunean, goi mailako marra bat zabaldu dute. 700 metro luze da, eta honakozailtasun teknikoak ditu: M5, 95º, 6b eta A1. Bigarren luzea (95º) bidearen giltza da: fisikoa, hauskorra eta segurtatzeko zaila.


Udako oporraldiarekin batera, datozen lerrootan jorratuko dugun jarduera zintzilik geratu zitzaigun. Nahiz eta hilabete batzuk igaro, berreskuratzea erabaki dugu, Fabien Dugit eta Jeff Mercier frantziarrek maiatzaren amaieran Aiguille du Planeko (3.673 m, Mont Blanc mendigunean) mendebal aurpegian zabaldutako bideak merezi duelako.

Mercier sormen lanetan “aktibista” handia dugu, eta Dugit ere ez da atzean geratzen. Nahiz eta uda honetan (batez ere uztailean), bero egin duela-eta, Alpeetan jarduera azpimarragarriak egiteko aukera gutxi izan den, sokada horrek proposamen berriak egiteko aukera izan du. Adibidez: Aiguille d´Argentiereko hegoaldeko aurpegian 1.200 metro luze den eta 6b+ zailtasuna duen marra berria.

Baina goazen maiatzaren amaieran eta egun bateko jardunean Mercier ete Dugitek eginiko lanaren berri ematera. Bada, Aiguille du Planeko mendebaldeko paretan “Dugit-Mercier” izeneko bidea sortu zuten: M5, 95º, 6b, A1 eta 700 m.

Mercierrek aipatu digunez, udaberria garai egokia da eremu horretan jarduteko: «Beroak aurreko hilabeteetan botatako elurra urtu egiten du. Baina baldintza horiekin arreta handiz ibili behar duzu arroka-jausiak saihestu ahal izateko. Eskuinean dagoen ‘Gabarrou-Picard-Deyme’ bidea eskalatuta nuen eta ezkerrean ‘Bonington’ marra dago. Bada, bien artean agerikoa den beste proposamen bat ikusi nuen. Pareta hori aztertzeko ez dago zailtasunik, eta Fabienekin hitz egin ondoren, hara abiatzea erabaki genuen. Inolako zalantzarik gabe, mendebaldeko aurpegia udaberriko sektorea da; izan ere, garai horretan soilik izotza osatzen da».

Sokada frantziar horrek egun bateko jarduna aurreikusi zuen, eta, bai, lanak egun luze bat eskatu zien: «Gauez abiatu ginen, eta eguneko lehen argi izpiekin errimaian geunden. Hasiera ederra da oso; izan ere, lehen luzeetan izotzezko marra erakargarri bat eskalatu behar zen. Lehen sekzio horretan sokaburu jardun nuen, izotz-torlojuak aise sartzen ziren. Alde batera eta bestera mugitu behar izan nuen bide egokia hartzeko. Arrisku uneak ere igaro nituen, baina, zorionez, tarte hori gainditu nuen».

Bidearen giltza

Mercierrek aipatu duenez, sormen lan berriaren giltza lehen sekzio horretan zegoen: «Zalantzarik gabe, lehen bi luzeak izan ziren zailenak. Izotzean eskalatu behar duzu (95°), eta eskalada hori oso fisikoa, hauskorra eta segurtatzeko nahiko zaila izan zen. Arestian aipatu ditudan bi bideen beheko sekzioa erraza da; guk, zabaldutako marrarena, aldiz, askoz ere korapilatsuagoa da. Kontuan hartu behar da sekzio hori eguzkia irten baino lehen eskalatu behar dela; jakina, elur eta arroka-jausiak saihestu nahi badituzu. Bai, arrisku objektibo horien ondorioz, bidea egiten nahasten bazara, drama irits daiteke».

Behin lehen tarte hori gaindituta, alpinistok diedro bat jarraitu zuten: «Barnean izotza zuen, eta aitortu behar dut oso eskalada ederra izan zela. Hori bai, luze hauek ere nahiko fisikoak eta hauskorrak dira. Ondoren, artesi sistema batzuk igo genituen, baita mistokoa den luze zoragarri bat. Pareta guztiak artesi piloa ditu. Ondoan “Brown-Patey” bidea geneukan, baina guk geure xedean segitu genuen, bide horretara joatea baztertuta. Fabienek luze batzuk-batzuk sokaburu bezala eskalatu zituen, eta argi erakutsi ere oso azkarra eta eraginkorra dela. Amaiera aldean, mistoko beste luze batzuk igo eta Planeko gailurrean ginen. 17 orduko lan eskerga izan zen!».

Mercier pozarren zegoen sortutako proposamen berriarekin: «Hormatzar horretan Bonington, Brown, Profit, Gabarrou... bezalako alpinista handiek utzi dute beren sinadura. Eta geurea ere han dago».