Nagore BELASTEGI
DONOSTIA
Elkarrizketa
GORKA BILBAO
«JAI ALAI BLUES» FILMAREN ZUZENDARIA

«Zesta-punta Euskal Herrian sortu zenez, hemen berpiztu daiteke»

Zinemira sailaren barnean eskainiko dute «Jai alai blues» (Principe zinema aretoetan, gaur, bihar eta etzi), zesta-puntaren garairik gozoenak gogoratzen dituen dokumentala. Garai batean distiratsua izan zen kirol hura gainbeheran dago orain, blues musikaren doinu tristeekin dantzan.

«Jai alai blues» filmean zesta-puntako pertsonaia bitxiak ezagutuko ditugu. Nolatan izan zenuen haien berri?

Berde Produkzioak-eko bi kide oso zesta-punta zaleak dira, Gernikako eskolako kideak dira txikitatik. Haien interesaren ondorioz sortu zitzaigun ideia. Gernikan afizio handia izan da beti eta pilotari ohi asko daude, eta bertatik hasi ginen hariari tiraka. Kontatzen zituzten istorioei buruz dokumentazioa bilatzen hasi nintzen eta pixkanaka pertsonaiekin topo egiten joan nintzen.

Gillermo Elordui, Samuel Inclan... nola jarri zineten haien familiekin harremanetan?

Dokumentazio bidaia bat egin genuen Kuba, Mexiko eta Floridan zehar, eta orduan ezagutu genituen. Gernikakoak izanik, pilotari handi haien kideak izan zirenak ezagutzen ditugu, eta, horregatik, jarrera hobea izan zuten gurekin, eta pertsonaiak oso ondo ezagutzera iritsi ginen.

Azkenean izan dugun arazoa izan da ez dugula lekurik izan pertsonaia horiek gehiegi garatzeko. Bakoitza gutxi agertzen da, baina uste dut pertsonaien potentzia nabaritzen dela.

Badirudi esku-pilotak protagonismoa kendu diola zesta-puntari.

Hori azken hogei urteetan gertatu den zerbait izan da. Telebistan esku-pilotak garrantzi handia izan du, baina 80-90eko hamarkadetan askoz ezagunagoa zen zesta-punta. 78an Ameriketako Estatu Batuetan pilotarien greba bat izan zen eta guztiak Euskal Herrira etorri ziren, eta hori izan zen zestak hemen izan zuen unerik gorenena pilotari on guztiak hemen zeudelako eta gizartearen babesa oso handia zelako. Gernikako frontoia astean lau egunetan betetzen zen. Gero kudeaketa arazoak sortu ziren, eta, gainera, telebista kateen babesik ez zuten; beraz, gainbehera etorri zen.

Ameriketako onenak Gernikara etorri zirela aipatzen duzun arren, pilotari handi guztiak Ameriketatik pasatzen ziren lehenago.

Zesta-punta 1890. urtean asmatu zen eta handik urte gutxira frontoirik garrantzitsuenak atzerrian zeuden jada. Euskal pilotariak atzerrira joaten ziren diru gehiago lortzeko aukera zutelako. Euskal Herrian arrakasta izateak prestigio handia ematen zien frontoirik zaharrenak hemen zeudelako (Markina, Durango, Gernika) baina diru gehiago irabazten zuten kanpoan.

Pilotariak hain ziren famatuak, ezen Hollywoodeko izarrekin ere nahasten ziren!

40-50eko hamarkadetan Los Angeleseko ospetsu asko oporretan joaten ziren Habana, Mexiko D.F. edo Tijuanara, batez ere azken honetara, non oso frontoi garratzitsu bat dagoen. Pilotariak ere ospetsuak ziren eta ondo ikusia zegoen beraiekin nahastea. Gillermok, adibidez, politika eta zinema munduko lagunak zituen; Hemingway, Cantinflas… toreroak bezalakoak ziren pilotariak.

Zenbat denbora eman zenuten filmatzen?

Esan genezake iazko Gabonetan hasi ginela lanean. Ia hilabete osoa egon ginen filmatzen. Bi urte iraun beharko lukeen proiektua gehiago luzatu zaigu tartean zesta-puntarekin zerikusia zuten beste gauza batzuk egin ditugulako.

Zein da «Jai alai blues» filmaren helburua?

Dokumental herrikoi bat egitea, gaiaren inguruan ezer ez dakienarentzat. Herrietako plazetan sortzen den kirol baten inguruko istorio bitxi bat kontatu nahi genuen.

Amaieran beteta dagoen frontoi bat agertzen da. Benetako partida da edo prestatutako zerbait?

Urtero Gernikan ospatzen den partidu bat da. Sarrerarekin herriko adinekoen egoitzari diruz laguntzen zaio, eta jende asko joaten da, baina inoiz ez da frontoia betetzen. Guk, nahiz eta jai alaiaren gorakada hura amaitu den, zapore ona utzi nahi genuen. Euskal Herrian sortu zenez, hemen berpiztu daiteke. Horregatik frontoi bete batean filmatu nahi genuen dokumentalaren amaieran erakusteko jai alaia oraindik frontoiak betetzeko gai dela.

Argiak jarri genituen frontoian eta bideo batzuk proiektatu genituen, bukaeran festa bat egin genuen, eta azkenean frontoia bete egin zen. Sarrera guztiak amaitu ziren. Polita izan zen ikustea nola interes pixka bat jarriz, frontoia betetzea posible den.