Ariane KAMIO
DONOSTIA

«Sparrows»-ek Urrezko Maskorra; «Amama»-k Irizar Saria soilik

Runar Runarssonen «Sparrows» lanak irabazi zuen atzo Zinemaldiko sari nagusia, Urrezko Maskorra, faborito guztien artetik at egon arren. Ricardo Darinek eta Javier Camarak «ex aequo» eraman zuten Zilarrezko Maskorra eta emakumeetan Yordanka Ariosarentzat izan zen. «Amama»-k Irizar Saria jaso bazuen ere, gehiago merezi izan zuen.

Argiak itzali dira. Kursaalen ez da arima bakar bat ikusten. Isiltasuna da nagusi. Amaitu da dena. Atsedena da orain, biharamunean, elementurik preziatuena. Beste batzuek bizimodu «normalera» itzultzea izango dute nahi goren. Izan ere, ez da nolanahikoa izan azken bederatzi egunetan bizitakoa. Atzerako kontaketa bat egiten jarriz gero, itxiera ekitaldiak utzitako irudiak dira garunean freskoen ageri direnak. Runar Runarsson eta bere Urrezko Maskorra “Sparrows” lanagatik. Sorpresa ziurra, ez baitzen inondik inora kritikak eta komunikabideek aurrez egindako kinieletan ageri. Bere filmeko Islandia galdu eta hotz hura bezala geratu zen bat baino gehiago. Gogorra da bizitza...

Faboritoetako bat, “Evolution” –Lucile Hadzihalilovic–, epaimahaiaren Sari Bereziarekin itzuli zen etxera (Argazki Onenarena ere eskuratu zuen) eta zerrendatik at zegoen bigarren bat ere palmaresean sartu zen, Joachim Lafosse izan baitzen, epaimahaiaren aburuz, zuzendaririk onena “Les Chevaliers Blancs” filmagatik.

Ekarri gogora momentu gehiago. Une beroak ere izan ziren, batez ere Ricardo Darinek eta Javier Camarak Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zutenean, ex aequo. Gaixotasun larriren baten aurka borrokan ari direnei eskaini zien saria Camarak. Darinek, aldiz, sare sozialetan irakurritako esaldi bat eraman zuen hitzetara: «23 urterekin heriotzari buruzko film bat ikustera joan nintzen, eta bizitzaren inguruan gehiago ikasi dut». Horiek bai, bazeuden gehien gustatu zirenen zerrendan, nahiz eta beste zenbaiten esperantza –neurea propioa– beste nonbait bideratuta zegoen. Kandido Uranga... Hark ere merezi zuen. Emakumeen alorrean Yordanka Ariosa kubatarra saridun. Agusti Villarongaren “El rey de La Habana” lanak bideratu zuen sariraino. Hunkiturik zegoen, nabari zitzaion, baina eztarriko korapiloak ez zion hitza trabatu. Eskerrak bati, eskerrak besteari eta pozik 62 urtetan sari berbera jaso duten aktoreen familiaren barruan egongo delako aurrerantzean bera ere.

Jean-Marie eta Arnaud Larrieu anaiek osatutako zuzendari tandemak ekarri zuen “21 nuits avec Pattie” lanak erakargarritasuna eman dio aurtengo Zinemaldiari eta jaialdiak, trukean, Gidoi Onenaren Zilarrezko Maskorra eman zien. «Pentsatu genuen: ‘Idatz ditzagun 1.001 gauak’, baina 21.ean geratu ginen eta azkenean hiru gauetan soilik kontatu genuen guztia», esan zuten.

Apur bat lehenago, Federico Veirojen “El apostata”-ri aipamen berezia egin zion Paprika Steen buru izan duen epaimahai ofizialak, eta orduan hasi ziren kirioak dantzan jartzen, aurretik sari paraleloak banatu baitzituzten: Zuzendari Berria, Rudi Rosenbergentzat, “Le Nouveau”-gatik; Horizontes Latinos, Santiago Mitrerentzat, “Paulina”-gatik; Publikoaren Saria, Hirokazu Koreedarentzat, “Our little sister”-gatik eta Irizar Saria Asier Altunari “Amama”-gatik. Amesteko eskubidearen ordua iritsi zen orduan. Altuna bera, Amparo Badiola –dagoeneko Euskal Herriko amama izan daitekeena– eta Marian Fernandez ekoizlea oholtzan zirela irudika zitekeen “Amama”-k zerbait gehiago eramango zuela. Batez ere zuzendariak Oxanguren baserrira agurra bidali zuenean, buruaren alde ezezagun horrek ematen baitzuen seinalea pentsatzeko bergararra beste sariren bat ezkutatzen ari zela. Baina ez. Euskal zinemak, oraingoz, ez du palmares ofizialerako sarbiderik. Iaz “Loreak”-ekin gertatutakoa errepikatu da aurtengoan ere eta tamalgarria da, batez ere ikusirik Altunaren filma nazioarteko beste edozeinen maila berean –edo altuagoan– ere badagoela.

Itxiera gala hasi aurretik nornahi ibili zen kazetarien eta kritikarien faboritoen zerrendetan muturra sartzen. “High-Rise” eta “Sunset Song” baziren horien artean, baita “Moira” ere. Eta ohartuko zen baten bat alferrikakoa dela halako zerrendarik egitea, gehienetan pizgarria pizten duten horiek izaten baitira etxera esku hutsik itzultzen direnak. Eta gainontzeko guztiari sorpresa deitzen zaio gero.

Atzerakako zenbaketa horretan sakonduta, bederatzi egunetakoa ia ahanzturan bilduta dago. Hainbeste film, hainbeste momentu, hainbeste pertsonaia... Ba al da inor gai pantaila aurrean ikusitako guztiak seguidilla modura botatzeko? Buruan oraindik argitasun apur bat geratu zaionak egin dezala. Lerrook idazten ari dena ez da kapaz. Baina egin dezake halako laburpen bat, flashback desordenatuekin osatutakoa. Marc Rechak “Un dia perfecte per volar”-en sortutako magia, Imanol Uriberen “Lejos del mar” filmak eragindako harridura, “Freeheld”-en drama behartua, “Sunset Song”-en irudi bihurtutako margolanak, “High-Rise”-ko –beharrezko– paranoia, “Mi gran noche”-ko eromena... eta “Regression”-en hasierako taupada haiek, lehenengo eguneko freskura, Kursaalen berriro sartzeko gogoa, Zinemaldiak ekarriko duenak sortzen duen intriga, filmen artean faboritoen zerrenda bat egitea eta, nekagarria izango dela jakin arren, aurreneko egunean bertan zaudela gozatzea.