Astiro-astiro begiratu
Gaztea da Jon Gerediaga, berrogei urteko gizaseme gaztea dela esan badaiteke. Baina, liburuaren aurreko azalera itsatsita dagoen tapatxoan ezkutatzen den bibliografian erreparatu gabe, bere poesia irakurtzen hasten denak, idazlea ezagutzen ez badu, pentsa dezake idazleak badituela zazpi hamarkada.
Garaiz kanpokoa dirudi, errealitatetik ihes egin nahi duena, naturaren gorazarre honetan. Baina, ez dio muzin egiten errealitateari, erritmo biziaren gizartean beste errealitate bat aldarrikatzen du, iraganekoa dirudien arren, gugan dena, gure begiradan galdu zaiguna, agian ustezko errealitate horren gainetik dagoena: «Mendian, hiriaren gainean,/ asunez inguraturik bizi naiz/ ia aske, eta esker oneko/ sasia bezala bide-ertzean, nire maitearen aldamenean,/ itsaso eta zeruaz honaindi,/ honaindi, lur beltzean».
Mendia eta hiria (natura eta ez natura) elkarren aurrean jartzen ditu behin baino gehiagotan, eta gizartearen paisaia bilakatu den naturari berea eskatzen dio, bere lekua, bere erritmoa. Ahaztu gabe, finean, gu ere natura garela, natural garela, hiritar garenean «…urratu handiak/ isiltasunez estaltzen» ditugun arren. Baina, natural gara eta begiratzea ahaztu zaigu, ikusi egiten dugu, baina begiratzea ahaztu zaigu. Begiratzen dugunean natural gara, natura gara, naturako elementu, eta gainerako elementuek begiratzen gaituzte: «Niri begira daude denak./ Ez dago eztabaidatzerik/ den guztia nire zain dago».
Erritmo bizikoa da “Argia, lurra, zuhaitza eta zerua” izenekoa. Batetik poemak laburrak direlako, bestetik, gehiegi apaindutako esaldi behartuei muzin egiten dielako, baina horrek ez du esan nahi idazkera hutsala duenik, badaki hitzak apaintzen, neurriz, mozorrotu gabe irten daitezen, dotore, gehiegikeriarik gabe.
Irakurleak trabarik gabe irakurriko ditu poemak, eta ulertu ere bai, bata bestearen atzetik kateatzen dituenean. Izan ere, kasu honetan, elkarri lotutako poemak ditugu. Hala, liburuaren gaineko interpretazioa orrialdeak agortu ahala eraikiko da, nahiz eta badiren gai orokorretik askatzen diren aleak, naturako elementurik gordetzen ez dutenak, argirik, lurrik, zuhaitzik eta zerurik gabeak, “Horretan ere badakit!” esango baligu bezala.
Badira, halaber, zorroan gordeko nituzkeen poemak: «Egunaren azken ahaleginean/ astiro-astiro amatatzen da argia/ laster gaua izango delako agian/ ederragoa da zerua». Eta baita esaldi adierazgarriak ere poemetan gordeta: «turistak eta poetak/ kostaldean pilatu dira/ haien arkatz eta makina txikiekin/ denbora eta argia harrapatzeko».
Gainerakoan, argazkiak aipatuko nituzke, hau da, poema grafikoak, ikusi egiten dituzunak, begiratu egin behar direnak: «Zuhaitz garaiak/ eraikinak estaliz/ hegazti-saldo urrunak/ hiri gaineko zerua/ astiro-astiro zeharkatuz …». Memorian iltzatzen zaizkigun argazkiak dira. Aipuak ere badira (ez nuke haiku erabili nahi), txio batean sartuko liratekeenak: «Nire ahotan hiltzen dira/ zeruko jainkoak ere./ Horregatik isiltzen naiz».
Laugarren poesia-liburua moldatu du eta aurrekoetan bezala, poema laburrak erabiltzen ditu, laburki adierazten du esan nahi duena eta iradoki esaten ez dena. Fast bizimoduan slow kontzeptu ahantzia berreskuratzea iradokiz, «… azken finean/ gauzek oso astiro aldatzen jarraituko dute».