GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Iker Madozek astebete borobila izan du Ecrinsetako mendietan

Alpinista iruindarrak «Le prestige des Ecrins» (M6+, 6a/V, 1.000 m) eta «Marchal Ombre» (ED, M6, 90º, 800 m) bideak eskalatu ditu.


Duela pare bat aste aipatu genizuen hiru mendi gidarik Pic Sans Nomeko ipar aurpegian izotz zein mistoko bide gogor bat, “Le prestige des Ecrins”, zabaldu zutela. Eta gehitzen genuen jarduera horrekin, nolabait, mendilerro hori aldarrikatu zutela. Bada, “berezia” bada ere, euskal alpinista batek, Iker Madozek, marra hori errepikatu berri du. Eta hori guztia gutxi izango balitz bezala, astebetera, Ailefroideko ekialdeko tontorreko ipar horman dagoen “Marchal Ombre” bidea (ED, M6, 90º, 800 m) poltsikoratu du.

Beraz, bistan dago 21 urteko alpinista erabat motibatuta egon dela Ecrinsetako mendi horietako marra izoztu eta zailekin. Eta gehitu behar dugu Madozek mendilerro horretan “ia” lehen bisita duela.

Bi jarduera horien kronikarekin hasteko, “Le prestige des Ecrins”-era joango gara; izan ere, iruindarraren lehena izan zen. Roger Cararach kide katalanarekin batera bide berri hori azaroaren 5etik 7ra egin zuen.

Madozek azaldu digu Alpeetara joateko gogo handiz zegoela: «Roger eta biok oso motibatuta geunden, eta marra horren berri izan bezain laster, hara joatea bururatu zitzaigun. Bidearen argazkiak esku arten genituen, eta jakin bagenekien baldintza egokietan zegoela. Beraz, soilik Pic Sans Nomera bidaiatzea geratzen zitzaigun».

Aurreko kronikan esan genuen “Le prestige des Ecrins” zabaldu zutenek hiru egun behar izan zituztela. Cararach eta Madozek, aldiz, bi. Esan daiteke, gainera, nahiko erritmo onean eskalatu zutela, bidea eskalatzen ari ziren bi frantses aurreratu baitzituzten: «Bueno, uste dugu, betiko moduan eskalatu genuela. Frantsesak bigarren egunean harrapatu genituen. Luze batzuk beraien aurretik egin genituen, baina bukaerako kanalean berriz pasatu gintuzten. Era horretara, lauron artean elur sakonean urratsa zabaltzen jardun genuen».

Bi egun, beraz, “Le prestige des Ecrins” igo ahal izateko; eta bietan ala bietan zailtasun tekniko gogorrei zein arriskuari egin behar izan zieten aurre: «Lehen egunean, nahiko ‘lasai’ hartu genuen. Gure asmoa zen paretara hurbildu eta bospasei luze eskalatzea. Eta hala egin genuen. Bibakean atseden on bat hartu eta biharamunean, lehen argiak azaldu baino lehen, martxan jarri ginen. Bagenekien egun luzea izango zela, gure xedea bigarren egun horretan goitik ateratzea baitzen. Oso nekatuta, baina pozarren gauez amaitu genuen egun hori. Lehen egunean, bidea zabaldu zutenek ez bezala (8-10 luze), guk soilik 5 luze eskalatu genituen. Jakin bagenekien puntu horretan bibak eroso bat zegoela, eta hor geratu ginen. Luze gehiago igotzeko denbora geneukan, baina luze gehiago egin eta bibak txar batean gaua pasatzeko aukera hori baztertu genuen. Frantsesak gauerdian irten ziren kotxetik, eta gu zazpi ordu beranduago».

Madozek argi eta garbi du, hilaren hasieran eskalatutako marra izoztu hori bikaina baino bikainagoa dela: «Ez dut zalantzarik: marra itzela da! Nahiko luzea eta oso giro ederra dauka. Ez da erraza, eta bide osoan soilik iltze batekin egin genuen topo. Zailtasunari dagokionez, gogorra eta graduan nahiko jarraia da. Lehen egunean, mistoko lehen luzeetan nahiko larri ibili ginen; izan ere, denboraldi berri honetan pioletak hartzen genituen lehen aldia zen. Baina pixkaka metroak igotzen joan eta pioletekin hobeto moldatu ginen. Arratsaldeko lauretan bibakean ginen. Biharamunean, 05.30ean lehen urratsak egin genituen. Aurreratu dudan bezala, gauez amaitu genuen. Hego aurpegitik jaisten hasi ginen eta lo egiteko leku egoki bat ikusi genuenean, han bertan geratu ginen. Leher eginda geunden, eta di-da batean lokartu ginen. Gaua eman eta eguzkiaren epeltasunarekin jaisten jarraitu genuen. Autora iritsi eta etxera itzuli ginen».

Madozek argi du egindako jarduera horrek hunkitu duela: «Sekulako eguraldia izan genuen, baina baldintzak ez ziren izugarri onak. Aurreko egunetako elurteek pareta nahiko zuri utzi zuten, eta garbiketa lan handia egin behar izan genuen. Zailtasunari dagokionez, uste dugu frantsesek eginiko proposamena ondo dagoela. Bidearen erdian dauden mistoko luzeak gogorrak izan ziren oso. Eta jaitsiera luzea baino luzeagoa egin zitzaigun. Azken urtean egin ditudan izaera horretako jardueren artean hau gehien hunkitu nauena izan da. Beste horiekin alderatuta, gogorragoa iruditu zait eta ‘Le prestige des Ecrins’ haien gainetik jarriko nuke; bederen, arriskuari zein zailtasunari dagokienez».

Berriro bueltan

“Le prestige des Ecrins”-ekin nahikoa ez, eta Cararach eta Madoz, bost egunera, mendilerro horretako haran berberera itzuli ziren. Oraingo honetan, Marc Toralles eta Lluc Pellissa katalanak ere ondoan zituztela.

Bigarren helburua Ailefroideko ekialdeko tontorreko ipar horman dagoen “Marchal Ombre” bidea zuten. Aurreko bidaia bezala, nahiko “espresa” izan zen. Hilaren 12an etxetik irten eta bi egun beranduago aipatu dugun marra igo zuten.

Madoz berriro ere Cararachekin sokara lotu zen: «Astebete lehenago ‘Le prestige des Ecrins’ egin eta gero, ingurumari hartako beste bide batzuk aztertu genituen. ‘Marchal Ombre’ 800 metro luze da eta hiru zati ezberdin ditu. Marra zabaldu zuten garaian bezala, guk ere baldintza nahiko lehorrekin egin genuen topo. Era horretan eskalatu genituen luzeak ‘dibertigarriagoak’ izan ziren. Hori bai, elur asko zegoen lekuetan garbiketa lanak egin genituen».

Bidearen lehen zatia, 250 metro, elurrezko malda bat zen eta ensamblean eskalatu zuten. Ondoren, mistoko sei luze gogor igo, eta amaitzeko, beste 200 metro elurretan. Alpinista iruindarrak dio egun luzea izan zela: «Paretara hurbildu eta lepora arte eskalatzen izan ginen; gailurretik 50 metrora geunden. Han lo egin, jaitsi eta autora heldu ginen. Bide ederra da, bestea baino pixka bat motzagoa, baina mistoko luze gehiagorekin; hots, estutzera behartzen zaituztenak».