Alazne Basañez
Kazetaria
IKUSMIRA

Hitza, hain txikia, hain indartsua

Pentsatzen dugunari, sentitzen dugunari bidea emateko ubide garrantzitsua dugu hitza. Ez da bakarra, baina bai erlazionatzeko, aurrera egiteko tresna indartsua. Kolore, tonu eta forma ugari hartzen ditu hitzak komunikazioa sortzen denean, komunikazioa baita bere xedea. Gure bizitzako une guztiak, txikiena ere, bere osotasunean, detailerik galdu barik nahi izanez gero, deskribatzeko gaitasuna dute, modu zehatzean gainera.

Hitzok bizirik daude, esanahi desberdina dute han edo hemen erabilita, hala edo horrela esanda, eta beti istorioa kontatzen dute.

Adibidez, okupatutako herrialdeei buruzko informazio ugaritan «kontratista» hitza «mertzenario»-ren ordez erabiltzen da; lan kontuetan, enpresa batek «doitze» prozesuari ekingo diola entzuten dugunean «kaleratze» hitza datorkigu burura... beste asko daude, hitzen bidez errealitatea desitxuratzeko saioen zerrenda luzea da.

Hitzon atzean errealitatea ezkutatzeko joera ez da berria, baina azken bolada honetan hedatu egin dela dirudi, krisi garaiak dakarren anabasa areagotuz. Mezua zuzenean zabaldu beharrean, mozorrotu egiten da hitz borobil eta handien erdian. Bazterrak nahasten ibili beharrean, zergatik ez esan argi eta garbi nahi duguna, pentsatzen duguna eta lortu nahi duguna?

Benedettik “Hitzak” izeneko poeman maisutasun handiz azaltzen du. Zenbat egia hain hitz gutxitan! Mezu sakona hamar paragrafo laburretan. Gutxi gorabehera hau dio lerro horietan: «Ez gastatu hitzak, ez esanahia aldatu, argi daukat nahi dudana. Ez zikindu hitzak...».