GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Carisa Moore 2015eko txapeldun, Mick Fanning garaile Sunseten

Nesken lehen mailako munduko itzulia Mauin amaitu da eta Carissa Moore hawaiiarrak irabazi ditu zirkuituko azken txapelketa eta 2015eko munduko titulua. Bestalde, Triple Crown itzuliak indarrean jarraitzen du eta Mick Fanning izan zen garaile Sunset Beachen.


Mundu mailako bi txapelketa garrantzitsu amaitu berri dira pasa den astean Hawaiin eta surf lehiaketen artean urteko txapelketa garrantzitsuena hastekoa da datozen orduetan. Carissa Moore eta Mick Fanning izan ziren pasa den asteko protagonistak, biek modu berean lortu zuten txapela beraien lehia eremuan, alegia, sekulako tubo bat eginda.

Orain Pipelinen dira munduko lehiakide esanguratsuenak, han erabakiko baita aurtengo titulu mundiala nork eskuratzen duen. Sei hautagai daude titulua eskuratzeko aukera duten lehiakideen zerrendan eta ikusmina oso handia da.

Carissa Moore txapeldun

Carissa Moorek irabazi du 2015eko WSL mundu titulua. Nesken lehen mailako itzuliko azken txapelketa, hamargarrena, Maui uhartean izan zen. Bi eta hiru metro arteko olatu bikainak izan ziren Honoluako badian, eskuin olatu garden eta luzeak. Lehiakideek sekulako maila erakutsi eta ikuskizun ederra eman zuten.

Nesken WWCT (Women’s World Championship Tour) zirkuituko azken proba egin aitzin, aurtengo titulua eskuratzeko bi hautagai nagusi zeuden ranking orokorrean, Courtney Conlogue iparramerikarra eta Carissa Moor hawaiiarra, beraz, Mauiko txapelketan emaitza onena lortzen zuen lehiakidearentzat izango zen 2015eko txapela.

Carissak laugarren txanda pasatzea lortu zuen eta bere atzetik Conlogue itsasoratu zen. Conloguek olatu bat hartzen zuen bakoitzean aldageletan telebista bidez txanda ikusten ari zen Carissaren irudia agertzen zen streaming bidez igortzen ari ziren Interneteko irudietan, izan ere, Conlogue kaleratua izanez gero titulu mundiala beretzat izango zen.

Conlogue ongi ari zen, baina olatu on bat behar zuen txanda pasatu ahal izateko. Azkenean lortu zuen olatu on bat hartzea, baina ariketa bat egiten ari zela erori egin zen, orduan Carissa eta bere jarraitzaileak pozez zoratzen saltoka hasi ziren, bai baitzekiten erorketa hark txanda galtzea suposatzen zuela. Itsusia izan zen, jendea hutsegite bat ospatzen ari baitzen, baina erorketa hark Carissak hirugarren aldiz mundu titulua irabazi zuela ere esan nahi zuen.

Carissak ordea, ez zuen nahikoa mundu titulua eskuratzearekin, urtean duin amaitu behar zuen eta txapelketa ere irabazi nahi zuen. Azken txandara iritsi arte jo eta su aritu zen hawaiiar gaztea. Gauzak honela, Sally Fitzgibbons eta Carissa Moore izan ziren finalean.

Finala ikusgarria izan zen, hiru metroko eskuin olatu garbi eta borobilak zeuden. Txapelketa osoan zehar olatuak onak izan baziren, finalean oraindik eta baldintza hobeak izan ziren. Carissak indartsu hasi zuen txanda, 9'50 puntuko olatu batekin, talentu handiz marraztu zuen olatua eta hori epaileek saritu egin zuten.

Jarraian Fitzgibbonsen erantzuna etorri zen. Olatua jaitsi bezain laster balazta egin eta tubo zoragarri bat egin zuen, 9'23 puntu jaso zituen. Nahikoa berdinduta zeuden bi lehiakideak, eta beraz, bigarren olatu baten zain zeuden. Bi lehiakideek atxiki zuten bigarren olatu on bat, baina hawaiiarrarena gaindiezina izan zen.

Fitzgibbonsen bigarren olatu onenak 8'67 puntu jaso zituen, oso ongi menderatutako olatua izan zen eta lortutako puntuekin txapela irabaz zezakeen, baina Carissak hartutako olatuak marka guztiak hautsi zituen. «Inoiz ez nuen halako tubo bat egin txapelketa batean», aitortu zuen Carissak, izan ere, itzelezkoa izan zen tuboa, handia, luzea eta garbia.

Carissak ezin hobeto amaitu du, beraz, 2015eko zirkuitua, itzuliko azken txapelketa irabazi eta hirugarren aldiz mundu titulua eskuratu baitu. Ranking orokorreko bigarren postua Courtney Conlogueretzat izan da. Hirugarren postuan Sally Fitzgibbons geratu da, eta laugarren postuan, Bianca Buitendag.

Aurtengo nesken mundu mailako itzulia zinez gogorra izan da, neskek sekulako maila erakutsi dute, salto kualitatibo nabarmena izan da, eta aurrerantzean ikuskizun handia eskaintzeko gaitasun sobera dutela ere erakutsi dute.

«Mick Fanning on fire»

2015eko Triple Crown itzuliko bigarren proba pasa den ostegunean amaitu zen Sunset Beachen. Sekulako ikuskizuna izan zen, izan ere, olatu handiak eta garbiak izan ziren, eta batik bat, surflari klasikoak nagusitu ziren, olatu handietan ongi moldatzen direnak alegia.

Triple Crown itzuliko lehen proba Haleiwan izan zen, olatu txikiagoekin eta halako baldintzetan QS mailako lehiakideak eta brasildarrak nagusitzen dira normalean. Baldintza horietan ia edozer gerta daiteke eta horrela gertatu zen Haleiwan ere, inork gutxik ezagutzen zuen Wade Carmichael izeneko australiar batek eskuratu baitzuen txapela.

Sunseten, ordea, egoera bestelakoa zen. Lau eta bost metroko eskuin olatuetan lehiatu behar ziren surflariak eta Sunseteko olatuak ez dira mendean hartzen batere errazak. Sunseten olatuak ur asko garraiatzen du, beraz, olatua hartzeko taula handi bat behar da. Behin olatuaren gainean egonda edozer gerta daiteke, olatuak tubo forma izan dezake edo bat-batean ur masa etzana bilakatzen da, irakurtzeko olatu zaila da.

Datu esanguratsu gisa, brasildarrek aurrera egiteko izan zituzten zailtasunak aipa daitezke, izan ere, QS mailako txapelketetan brasildarren presentzia oso nabarmena izaten da, baina Hawaiin oso gutxi dira emaitza onak lortzen dituzten brasildarrak. Adibidez, Sunseten, bosgarren errondara iritsi ziren berrogei lehiakideetatik soilik bost lehiakide ziren brasildarrak.

2015 Vans World Coup txapelketako finalean lau lehiakide izan ziren, hiru australiar eta hawaiiar bat. Matt Wilkinson, Julian Wilson eta Mick Fanning australiarrak, eta John John Florence hawaiiarra.

Hiru olatu baino ez zituen hartu Mick Fanningek finalak iraun zuen artean, baina txapela eskuratzekoa nahikoa izan zen. 13 minuturen faltan Fanning laugarren postuan zen, baina orduan olatu handi bat hartu eta 9'87 puntu lortu zituen tubo bikain batekin. Oraindik denbora sobera geratzen zen, eta olatuen kalitatea zein arerioen maila kontuan hartuta, beste edonork gaindi zezakeen Fanning, baina ez zen horrela izan eta Sunseteko txapela Fanningek eraman zuen.

Pozarren zen australiarra uretatik irtetean eta horrela mintzatu zen: «Zein egun zoragarria. Olatuak itzelezkoak izan dira. Zer-nolako zortea dugun urautsian beste hiru surflarirekin bakarrik egoteko aukera izateagatik. Orain oso nekatuta nago, baina aldi berean, ilargitik apur bat gertuago nago».

Munduko titulua jokoan

Orain txapelketa bakarra falta da Triple Crown itzulia eta WSL zirkuitua amaitzeko, Pipeline Banzaiko txapelketa, alegia, bihar bertan hasi eta abenduaren 20 bitartean luza daitekeena. Aurtengoan bereziki hunkigarria izan daiteke itzuliko azken txapelketa; izan ere, bost dira mundu titulua eskura dezaketen lehiakideak: Mick Fanning, Filipe Toledo, Adriano de Souza, Gabriel Medina eta Owen Wright.

Aipatu bost surflari horietatik hiru brasildarrak dira eta beste biak berriz, australiarrak. Horregatik esaten dute surf aldizkarietan, garai batean lehia australiar eta estatubatuarren artekoa zen modu berean, orain lehia nagusia australiar eta brasildarren artekoa dela.

Brasildarrek Sunseten izandako porrota eta australiarrek lortutako emaitza onak kontuan hartzen badira, Hawaiin balantzak australiarren alde egin dezakeela pentsa daiteke, baina Pipelineko txapelketa amaitu arte ez dago ezer ziur esaterik.

Honi buruzko guztia: Surfa