2015 ABEN. 12 IKUSMIRA Hauteskunde mezuak eta perfumeen iragarkiak Amagoia Mujika Kazetaria Kamioi baten azpiko partean egin zuen Euskal Herrirako bidaia. Harrera-etxe batean hartu zuten, baina berak bizimodua atera nahi zuen, lan egin, bere kabuz moldatu eta bere kasa bizi. Asmo horrekin abiatu eta Alemaniara iritsi zen. Nonbait hango panorama gustatu ez, eta bi egunetan bueltan zen harrera- etxean. Nola? Ez du sekula erantzuten. Irribarre egiten du eta Euskal Herriko ile-apaindegiak garestiak direla esaten du segidan, despistatu nahian. Berak beti darama ilea perfektu. Guapoa da, begi ederrak ditu, nahiz eta beti erdi lotan dagoela dirudien. «Haurra nintzela kola gehiegi esnifatu nuen». Ondoan eseri eta konpainia eskaintzen du. Ez da oso hizlaria, nahiago du besteen kontuak entzutea. Besteen arazo txolinak eta buruhauste txepelak. Zer moduz dagoen galdetu eta beti «ondo» erantzuten du, ondo eder bat begi eder horiekin, galdera egin diona ez kezkatzeko adinakoa. Hemezortzi urteak bete ditu eta dagoeneko ez dago harrera-etxean. Egunero hartzen du trena berea sentitzen duen herrian barna ibiltzeko, bere kaleetan eta bere lagunekin. Eta iluntzean berriz alde egiten du inguruko herri batera, kalean lo egiteko. Berak ez du halakorik kontatzen, baina hori da bere bizimodua. Berak ondo dagoela besterik ez du kontatzen. «Gero arte», agurtu nau irribarrez. Eta nire kezken zerrenda lausotu egin da, lotsa sentitzeraino. Hauteskunde mezuak eta perfumeen iragarkiak korapilatzen diren honetan, seguru nago ez Gabonek ez hauteskundeek ez dutela bere egoera samurtuko. Zertarako, orduan?