Ariane KAMIO
DONOSTIA

Ez Dok Amairu, mende erdiko sorrera bat

Hastapen pausoak 1965eko udazkenean eman bazituen ere, Ez Dok Amairu hilabete batzuk beranduago aurkeztu zen ofizialki jendaurrean; 2016ko martxoan beteko da hortaz bere abiatzearen 50. urteurrena. Mende erdiz atzera egin behar da euskal kulturaren, batez ere kantagintzaren mugimendu aitzindariraino heltzeko. Une politikoak berebiziko garrantzia izango du, frankismo garai beteko hertsiduraren aurka altxamendu kulturala izango baita talde honek bultzatuko duena.

Esan izan da Michel Labeguerie izan zela euskal kantagintzaren aitzindarietako bat 1961ean kaleratu zuen diskoarekin. Haustura izan zen lan hura zentzu askotan; arrakasta itzela eskuratu zuen gitarraz soilik abestutako kantuekin, orduan bogan zegoen kantagintza koralaren aurrean, eta letrek ordura arte ez zeukaten pisua hartu zuten helburu zehatz batekin: garaiko talde abertzaleen borroka publikoaren belarrietara eramatea.

Une horretan badira dagoeneko jendaurrean agertzen diren beste kantari batzuk ere. Mikel Laboa da horietako bat, abesti herrikoiak –gehienentzat ordura arte ezezagunak– moldatzen eta eguneratzen aritzen dena, edo Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Julen Lekuona... garaiko gatazkei musika jartzen hasi direnak.

Kataluniako Nova Canço mugimenduak eta Jorge Oteiza eskultoreak eragin handia izango dute 1965ean Kursaalgo sotoetan biribiltzen hasi den taldearengan. Euskal kulturaren gainean dagoen malefizioarekin amaitu nahi duen izenarekin bataiatu dute taldea: Ez dok Amairu. Asmo handiegia izan zitekeen izenak iradokitzen zuena, baina plaza, frontoi, areto, herri eta hirietan aurkezten hasi zen taldeak berehalako onarpena jasoko du. Bere abesti, letra eta musikak gerraostetik oraindik bizirik dirauen folklorismoaren aurrean erronka berri bat dira eta taldearen kontzertuak gertakari garrantzitsu bihurtuko dira.

Taldearen lehenengo emanaldiak 1966ko urtarrilean egin ziren Hernanin eta Donostiako Victoria Eugenia antzokian, baina ez ziren oraindik Ez Dok Amairu gisa aurkeztu. Lehenengo kontzertu ofiziala urte bereko martxoaren 6an izan zen, Irungo Bellas Artes aretoan. Sortu zenetik 1972an desegin zen arte, partaide ugari izan zituen. Horien artean ziren Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Julen Lekuona, Jose Antonio Villar, Jose Angel Irigarai, Joxean Artze, Jesus Artze, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Felix Sarasola, Juan Mingo, Luis Bandres, Jean Paul Arregi eta Jose Mari Zabala. Eta taldearen baitan beste talde batzuen parte hartzea ere izan zuen, Oskarbi, Biurriak eta Yoloak, kasurako.

Gizarte tradizional batean bidea urratzen ari zen taldeak izan zuen oztoporik ere. Antifrankistak izanik ere, baziren begi onez ikusten ez zuten sektoreak, gizarte aldaketa iragartzen zuten sintomak erakusten baitzituen, laizismoa, kasurako. Ez da izango, hortaz, frankismoa bidean aurkituko duen traba bakarra. Nolanahi ere, bere kantuak aldarrikapenerako erreminta bihurtuko dira laster eta ziztu batean zabalduko da bere oihartzuna beste lurraldeetara, Katalunia, Paris, Lovaina, Zaragoza, Madril eta Bretainiara, adibidez.

1970ean “Baga-biga-higa” ikuskizun kolektiboa aurkeztu zuten, Mikel Laboaren kantuan oinarritutakoa. Joxan Artzek hartu zuen bere gain zuzendaritza lana eta Portugalete izan zen estreinaldirako hautatutako herria. Urtebete beranduago, Ez Dok Amairuk euskal kantagintza eta ekoizpena, orokorrean, maila altuagoa izango duen fase batean sartzearen alde egiten zuen manifestua kaleratu zuten. Amateur izaera alboratu eta profesionalizatzea bultzatuko dute, proposamen populista hutsalak ere indargabetuz. Horiexek izango dira taldearen berehalako eginbeharretan dauden kezka nagusiak.

Kanpoko faktoreek, ordea, ez dute haien ibilbidea bere horretan egiten utziko. Hartara, garaiko gobernuko indarrek zentsura ezarriko dute taldeko hainbat kideen gainean eta Gipuzkoan eta Bizkaian kantatzea debekatzen diete Laboa, Lertxundi, Iriondo, Lete eta Lekuonari.

Barne eztabaida desberdinek dagoeneko grabatuta dagoen “Baga-biga-higa” lana argitaratzea eragotzi dute eta urtebete beranduago, 1972an, taldea desegin egingo da. Taldekide batzuek Ipar Euskal Herriko sortzaileekin elkartu eta “Zazpiribai” ikuskizuna onduko dute, baina ez du ibilbide luzerik izango. Bere aldetik, Artze anaiek eta Laboak “Ikimilikiliklik” egitasmoa abiaraziko dute.

Nolanahi ere, proiektuak proiektu, aurrerantzean norberak bere bideari ekingo dio, bakoitza bere berezitasunekin bakarlanean eta Mikel Laboak, Lourdes Iriondok, Xabier Letek eta Benito Lertxundik izan duten ibilbide oparoa euskal kantagintzaren historiako pasarte nagusien parte izatera pasatuko da.