Hitzaren idazle
Hitza du ardatz poesiak, hitza da poesiak adierazten dizuna, baita isildutako, eta isilarazitakoa ere. Iraultzaren kargamenduak hitzez beterik egon ohi dira, ondoren bolboraren usaina gailentzen den arren, gehiegitan.
Ingeborg Bachmannek (1926-1973) bikain erabiltzen zuen hitzaren arma, bazekien hitzak hautatzen, hitzak isiltzen eta mezu sarkorrak idazten. Austrian jaio zen Alemaniako gerraondoan. Horrenbestez, Beñat Sarasolak hitzaurrean adierazi bezala, erronka bat aurrez aurre zuela jaio zen, hau da, «nola idatzi hizkuntza batean non goitik-behera dagoen erregimen makur hark kutsatua?».
Antologia honetan, “Erbestea” izeneko poeman, ikus daiteke, Bachmann berak argiro aitortzen duen kezka hori: «Ni neure alemanarekin/ hodei hauek inguruan /etxetzat horixe / hizkuntza guztien barrena».
Are argiago geratzen da hitzaren garrantzia “Zuek hitzok izenekoan”: «Zuek hitzok, altxa, zatozte nire atzetik! / Eta dagoeneko elkarrengandik urrun, urrunegi / bagaude ere, aldendu egingo gara / beste behin, amaierarik ezerantz». Poema honetan hitz zehatza, konkretua, topatzeko bere obsesioa islatzen da, eta baita topatu ezinak sorrarazten zion herstura ere.
Ordurako Erroman izango zuen bizilekua ziurrenera. Bertara aldatu baitzen 1953an eta han murgildu zen hitzaren matxinadan. Erroma da erbeste hori eta liluratu egiten du “Erroma gauez” izenekoak salatzen duenez: «Zabuaren taulak goraka / zazpi muinoak bahitu ostean, ur ilunetara / ere lerratzen da / gure zamaz eta estutuz».
Tiber ibaiak bustitzen duen hirian hil zen Ingeborg Bachmann 1973. urtean, bere logelan, istripuz (ustez) pizturik utzitako zigarreta batek eragindako suteak utzitako zaurien ondorioz, ospitalean.
Harribitxiak utzi zituen ordurako, askotan gertatzen den moduan, orduan orain bezalako aitortza izan ez zutenak. Antologia honetan “Curriculum Vitae” izenekoa da, nire esku-zorroan gordeta eramango dudana. Poema oso landua da, berak jorratutako gai asko ukitzen dituena (hitza, nazismoa, heriotza, Erroma bera zeharka). Oso poema zorrotza da, gordina: «Garai hantusteetan / arin joan behar du batek argi batetik / bestera, herri batetik / bestera, Ostadarraren azpian, / konpasaren punta bihotzean, / gaua erradio gisa hartuta».
Tonu tristea, amorruz beterikoa, nazismoaren lotsa askatuko balu bezala hitzetan. Antologikoa benetan. Irakurketa bakoitzarekin topatuko du irakurleak zertzelada ezkutuko bat, aurrez oharkabean igaro dena, berrirakurtzekoa amaigabeki.
Finean, bere poesia halako iruditu zait; museo batean pintura-obra baten aurrean jarri eta lehen begiradan lau zertzelada topatuko dituzu, bigarrengoan beste lau eta, apurka, zentzu erabatekoa izango du aurrez aurre duzunak. Picassoren “Gernika” etorri zait burura, ez dakienak irudi desitxuratuak ikusiko ditu, ulertezinak, begiratuaren begiratuz formak topatuko ditu eta, aztertu ondoren, esentzia osoa ikusiko dio, koadroan garrasiak entzuten diren moduan Bachmannen obran ere irudiak ikusiko dira argi. Horretarako, ezinbestekoa da irakurketa pausatua, guztia jarraian irakurrita ulertu ez izanaren korapiloa izango baitugu sabelean.
Azkenik, Nagore Tolosaren lan bikaina azpimarratu nahiko nuke; hitza horrenbeste zaintzen zuenaren poesia itzultzea berez da ausarkeria eta porrotaren ziztada behin baino gehiagotan izango zuen ziurrenera, baina, zinez diot, garaile irten dela erokeria horretatik.