A.A.
PALA

Dan Necol eta Imanol Ibañez izan dira ezustean BBK Ligaren irabazleak

Dan Necol eta Imanol Ibañez dira BBK Ligaren txapeldun berriak, finalean erakustaldi ederra eman eta Fusto-Ayerbe bikote beteranoari lau setetan irabazi ondoren: 8-10, 4-10, 10-5 eta 4-10. Bikote urdinak bikain baliatu zituen bere dohainak, eta gorriak, aldiz, ez zuen bere benetako maila ematerik lortu. Kontuan izan behar da Pablo Fusto eta Mikel Ayerbe partida bakarra galduta iritsi zirela finalera, jada sailkatuta zeudenean galdutakoa gainera, baina faboritoek huts egin zuten Bizkaia pilotalekuan.

Gakoetako bat urdinen hasiera bikaina izan zen. Dan Necol, Akizeko aurrelari gaztea, ederki sartu zen norgehiagokan eta Pablo Fustori aurre hartu zion tanto ia guztietan. Aurreneko jokoa berdinduta joan zen, baina bigarrenean 0-7 eta 1-8 aurretik ibili ziren urdinak. Imanol Ibañez ere oso sendo agertu zen atzean, Necoli asko lagunduz.

Hirugarren jokoan gauzak dezente aldatu ziren. Pilota berriek eraginda hein handi batean, baina baita Fustok arriskatzea erabaki zuelako ere. Gorriek 10-5 irabazi zuten eta bazirudien finala luze joan zitekeela. Laugarrenean, ordea, urdinek 4-5etik 4-10era txanpa ederra jo eta txapela ziurtatu zuten, 446 pilotakada eta ia 52 minutu iraun zituen norgehiagokan.

Honi buruzko guztia: PALA