Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Kei Taniguchi, «urrezko» emakumezkoazendu berri da

Hokkaido uhartean dagoen Kurodake mendian (1.984) eskalatzen ari zela istripua izan eta hil egin da 43 urteko alpinista japoniarra. Taniguchi Frantziako Urrezko Pioleta jaso duen emakumezko bakarra da.

Pasa den abenduaren 21ean, alpinismoaren munduak zoritxarreko berri bat jaso zuen. Bai, Kei Taniguchi japoniarra zendu zen. Gogora erakarri behar dugu Taniguchi Frantziako Urrezko Pioleta jaso duen emakumezko bakarra dela. Eta, beraz, oso jarduera alpino bikainak egiteaz gain, historia ere idatzi zuela.

Japoniako berri-emaileek diotenez, 43 urteko alpinista Hokkaido uhartean dagoen Kurodake mendian (1.984 m) eskalatzen ari zela hil zen. Antza denez, beste lau kiderekin eskalatzen ari zen alpinista japoniarra, eta, atsedenleku batean (gailurretik oso gertu), soka gerritik askatu, irrist egin eta mendiaren ipar-mendebaldeko paretatik amildu zen. Erreskate taldeak segituan jarri ziren lanean, eta ordu batzuetara aurkitu zuten Taniguchi, hilda.

Aurreratu dugun bezala, alpinista japoniarrak Urrezko Pioleta eskuratu zuen; hain zuzen ere, 2009. urtean izan zen hori. Kazuya Hiraide kidearekin batera Kamet mendiaren (7.756 m, Garhwal, Indiako Himalaia) ipar-ekialdeko aurpegian zabaldutako bide berriarengatik jaso zuen aitortza, hau da, “Samurai direct” (M5+, AI5, 1.800 m) marrarengatik. Emakumezko batek sari preziatu hori poltsikoratu zuen lehendabiziko aldia izan zen eta gaur egun ere bakarra izaten jarraitzen du Taniguchik.

Ibilbide oparoa

Aipaturiko nazioarteko sari entzutetsu hori irabazteaz gain, azpimarratu behar dugu Taniguchik makina bat jarduera alpino bikain egin zituela. Horietako gehienak Japonia bere jaioterritik kanpo egin zituen: Alaskan, Nepalen, Tibeten, Pakistanen eta Txinan.

2005ean, adibidez, Txinan, Muztagh Ata mendiaren (7.646 m) hego-ekialdeko ertzean estilo alpinoan egindako bigarren igoera sinatu zuen. Urte berean, Shivling mendian (6.543 m, Nepal) bide berri bat sortu zuen. Hiru urte geroago, Kamet mendiko aipatutako jarduerarekin egin zen. Eta 2014an, besteak beste, Mansail mendiaren (6.242 m, Nepal) lehen igoera sinatu zuen. Urte berean, Asiako Urrezko Pioleta jaso zuen; hain zuzen, Dan Beard mendian (Alaska) egindako lanarengatik.

Zerrenda honen guztiaren laburpena Taniguchik berak egin zuen: «Mendian egiten dudan esplorazioa lanak bizitzarekin antz handia du. Informazio askorik ez dagoen mendi inguruneak maite ditut; xedea nola igo eta zer aurki dezakedan zehatz-mehatz ez jakitea atsegin dut. Ukitu gabeko naturarekin bat egitea alpiniston ametsa da».