Hitz ttikiak eta handiak
Hitzak ttiki gelditzen dira egoera batzuen larritasuna azaldu nahi dugunean. Literalki, barrenetik usteltzen ari da Lorentxa Guimon euskal preso angeluarra, digestio aparatuan eragiten duen Crohn-en eritasun kronikoaren eta espetxeko baldintzen bateraezintasunaren ondorioz. Patxiku anaiak arrebaren izenean hartu du hitza, zera ohartarazteko: «Gaixorik dauden munduko preso guztiak ezin dira sendatu kartzelan, ez da konpatiblea!».
Zer dira harri ttikiak zuloz jositako arroken aitzinean... Eri dauden senideen eskubideak ere ez dira errespetatzen. Mari Rubiok Jose Alonso senarrarekin batera bidaia luzea egin du Cordobara, hango ziega batean den Iñaki semearekin azken aldiz egoteko. Hogei urtez hamaika bisita egin ditu urruneko espetxeetara, baina jada ezin du gehiago. Parkinsonak ezin mugitu utzi du. Dementzia ere ekarri dio. Arrazoi honengatik, senideek diote ez dela erabat kontziente izan agurraz. Iñaki bai, eta Gemma arrebak ez du balorerik bildu bisitan laguntzeko.
Hitzak ez dira sufrimenduaren gordintasunera iristen, baina ideia bat egiteko neurria ematen dute. Eta nahiz eta kolpatzen gaituzten harri ttikien gisan mintzen gaituzten, erran beharrekoak dira, jendeak injustizia hauek ikusteko, ez pelikula bat bezala baizik eta eguneroko gertaera bezala.
Hitzak ttikiak dira, baina handiak ere izan daitezke. Harri ttikiek kolpatzeko soilik ez, bidea egiteko ere balio dute. Harri handiek, aldiz, mugiezinak dirudite, beti hor daudela eta beti hor egonen direla eman dezake, baina ez da egia. Olatuek harriak zulatzen dituzte... eta baita harrizko bihotzak ere.