2016 URT. 11 ALPINISMOA Lachit Valley ukitu gabean espedizio poloniar batek jardun du Tomasz Klimczak, Maciej Bedrejczuk, Marcin Wernik eta Maciej Janczar-ek Karakorumeko Tagaseko eskualdean igo gabe zeuden hainbatmendi igo dituzte. Dream Walker mendian eta izenik gabeko beste batean (gailurrik gabe) bide tekniko gogorrak zabaldu dituzte. Andoni ARABAOLAZA Urte hasierarekin batera, oraindik iazko jarduera alpino batzuk lerrootara dakarzkizuegu. Izan ere, hurrengo protagonistek Karakorumen eginiko esplorazioaren emaitzak bikainak izan arren, oharkabean igaro dira. Poloniako espedizio bati buruz ari gara; hain zuen ere, honakook osatu zuten: Tomasz Klimczak, Maciej Bedrejczuk, Marcin Wernik eta Maciej Janczar. Bada lau alpinistok Lachit Valley-n (Tagas mendilerroa) igo gabe zeuden hainbat menditan jardun dute. Esploratzera abiatu ziren, eta emaitza bikaina erdietsi zuten. Bi hilabeteko espedizioa izan zen, eta poloniarrek Lachit izeneko herrixkan (K6 mendigunetik hegoaldera) kanpaleku nagusia altxatu zuten. Lachit harana oso ezezaguna da, eta Klimczakek adierazi duenez, lehenak izan dira hango mendietan: «Ez bagaude oker, Lachit Valley-n jarduteko baimena jaso genuen lehen espedizioa izan gara. Izan ere, eskualde hori oraindik poliziaren kontrolpean da. Lau lagun abiatu ginen, eta laurok ala laurok oso ondo ezagutzen dugu elkar: Alpeetako ipar pareta nagusiak eta Tatrasetako mendietan makina bat neguko eskalada elkarrekin egin ditugu». Poloniarrek aurreratu dute espedizioaren lehen hilabetea esploratzen egon zirela: «Haran horrek bi adar ditu. Aitortu behar dugu mendi oso erakargarriak zein ederrak daudela; asko eta asko ia 6.000 metroko garaierakoak. Geure helburu nagusiak aztertzen ari ginen bitartean, girora egokitzeko igo gabe zeuden pare bat gailur zapaldu genituen; biak ala biak errazak ziren». Lan horiek guztiak bukatu bezain laster, laukoteak bi xede gogorretan jardun zuen. Hauek ere eskalatu gabe zeuden. Lehen mendiari Dream Walker Peak (5.809 m) deitu zioten, eta aukera ederra izan zuten “Rolling (D)Ice” bidea zabaltzeko. 1.450 metroko marra hori sinatu ahal izateko bi egun behar izan zituzten, eta gainditutako zailtasunak ere nahiko garrantzitsuak izan ziren: ED1/2, AI5, 80° eta M5. Klimczakek dio eginiko bibakak ezustean harrapatu zituela: «Geure asmoa egunean bertan tontorra egitea zen, baina eguraldiak okerrera egin zuen, eta mendian gau bat igaro genuen. Alabaina, oso azkar eskalatutako bide bat izan da; era alpinoan, gainera. Bidearen giltza edo luze gogorrena (AI5) izotzean egin genuen. Haren geruza soilik 15 milimetrokoa zen, eta ezin zen aseguratu». Jaitsiera, berriz, zabaldutako bide beretik egin zuten: «Guztira, 14 rappel egin genituen; batzuk abalakovetatik eta beste batzuk izotzerako torlojuetatik. Gauarekin eta elurte desatsegin batekin batera dendara (5.000 m) iritsi ginen». «Polish couloir» Poloniarren bigarren helburu nagusia kanpaleku nagusiaren eskuinaldera zegoen. Dorre estetiko eta zail baten aurrean zeuden: «Alde guztietatik begiratuta, eskalatu behar genuen mendia oso gogorra zen: ertz aereoa, tontor zorrotza... Hau da, alpinista orok amesten duen xedea zen. Nahiz eta mendiari izenik ez diogun jarri, gure artean Ogro deitu genion. Jakin bagenekien, espedizioaren helburu nagusia izango zela, eta hala gertatu zen». Protagonistok ikusi zuten kanpalekutik paretaren sarrerara ibilbide samurra zegoela: «Ipar-ekialdeko paretan couloir dotore bat ikusten zen. 4.500 metroko garaieran kanpaleku aurreratu bat altxatu genuen. Guztira, 1.500 metroko pareta zen, eta hura gainditzeko hiru egun (bi bibak) behar izan genituen. Zailtasunak, berriz, honakoak: ED2, AI5, 90° eta M7-. 6.004 metrora ginela, eguraldiak okerrera egin zuen eta jaisteko erabakia hartu genuen. Tontorra egiteko ziur aski beste egun bat behar genuen, baina elurteek atzera egitera behartu gintuzten. Elurroldeengatik jaitsiera oso arriskutsua izan zen».