2016 URT. 19 IKUSMIRA Izkinaren bueltan Iraia Oiarzabal Kazetaria Presaka atera da etxetik, berokia erdi jantzian zabaldu du aterkia eta autora abiatu da. Errepidea hartu du, aurretik duen egunak dakarzkion zeregin guztien zerrenda buruz errepasatzen. Irratia piztu du, baina ez die arreta handiz erreparatu esatariaren hitzei, futbolak ez dio inoiz interes berezirik piztu. Halako batean, aterperik ez duten pertsonen egoera ikusarazi nahian abiatutako kanpaina baten gainean hasi dira solasean. Bolumena igo du; hiriburuko seinaleen artean galtzeko beldurrez belarriek entzuteari utzi diote, ordea. Euripean eta berriro presaka metroa hartzera doa, batetik besterako tartea bost minutu eskasekoa bada ere. Eskaileretan gora doala ikusi ditu bere antzera korrika eta presaka doazenak. Ikusi ditu gizon gorbatadunak eta dendetatik eskua bete poltsa ateratzen direnak. Aurrera jarraitu du, lanean hitzordua du eta. Bulegoaren atarian topatu du laguntza eske dagoen gizona. Halakoek mesfidantza eragiten dietela esaten dutenen hitzak gogoratu ditu eta amorrua sentitu du. Eguneko jarduna amaituta etxerako bidean da, berriz ere irratia lagun duela. Albistegian entzun du txosten batek enegarrenez agerian utzi duela desberdintasun ekonomikoaren krudeltasuna, gutxiengo aberats baten eta gehiengo txiro baten amildegi sakona. Tristea eta bidegabea baina berria ez den notizia dela pentsatu du. Ordezkari politiko guztiek ahotan daramatela salaketa eta errukia, baina boterea duten horiexek direla egoera aldatzeko hatz bat bera ere mugitzen ez dutenak. Areago, desoreka hori elikatzen duen sistema sostengatzen dutela. Kale kantoia gurutzatu eta etxean sartu da. Babesgabe sentitu da, ordea; badaki, bihar ere zer topatuko duen izkinaren bueltan.