GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Marraztutako ibilbideak


Mutilak baino neska gehiago zituzten ikasgeletan ikasi izan dut beti. Hiru urterekin lehen aldiz zapaldu nuen gela hartan hiru mutil besterik ez ziren. Batxilergoan paretsuago zegoen proportzioa, bai behintzat, ikasketa adar espezifikoak hartu eta letretarako bidean abiatu nintzen arte; ikasgela hartan ere neskak nagusi. Ez naiz gogoratzen unibertsitatean zenbat neska eta zenbat mutil elkartu ginen zehazki 31ko talde hartan, baina emakumezkoak ginen gehiago.

Azkenerako luze egin zitzaizkigun lau urte haiek kazetaritzaz sortuak genituen ametsak apaltzeko balio izan zuten, baita kazetaritzaren baitan nork bere txokoa aukeratzeko ere: irratia batzuk, prentsa idatzia beste batzuk... Gogoan dut azken urtean ikasgelak utzi eta kazetaritza liburuetatik kanpo ezagutzeko irrikaz ginela; denak, izan gizon edo izan emakume.

Horregatik, zer pentsa eman didate kontziliaziorako laguntzen inguruan ateratako datuek. Zehazki, Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokienez emakumezko langileak dira kasuen %90ean haiek baliatzen dituztenak. Egia da, familiaren zaintza eta lana bateragarri egiteko laguntzak direla eta, bide horretan, aurrerapen bat. Erabaki pertsonalak, norbanakoarenak eta hartu beharrekoak dira kasu gehienetan; baina inork uste du horiez baliatzea doakoa dela? Berdintasun hitzak aipatzen dituzte agintariek kontziliazio neurriak ahotan hartutakoan, baina sakonera jo eta zaintza lanak partekatzeko neurriak hartzen eta betearazten ez badira, pareko ibilbideak marrazten dizkiegu ikasgeletan dabiltzan neska-mutilei?