Izan zenarena
Izan” eta “egon” aditzek bi lurralde zedarritzen dituzte. Ez baita gauza bera nonbait izatea edo nonbait egotea. Bidaiatzen dugunean, normalean, izan aditza etxean uzten dugu, egotera goaz, lekuak ikusi egiten ditugu, lekuetan egon egiten gara, nahiz eta, ondoren, izan bagina bezala kontatzen dugun egonaldia.
Lekuarekin harremana sortzen denean, lekua besarkatu, usaindu, egiten dugunean, han izan garela esan dezakegu, eta itzuleran ere arrastoa uzten du gugan lekuak. Ordulari txikiak milaka bira eman dituen arren, iltzaturik dugu malenkonia eta, zenbaitetan, kateatutako sentimenduak burutik askatu nahi baditugu ere, ezinezkoa egiten zaigu, Aintzane Galardik berak ere aitortzen digu “Asmazioa” izenekoan: «Utz diezaiogun / betirako oinetan itsatsiriko / hondar gorria garbitzeari».
“Mendafin usaineko iluntzeak” Marokora egindako, Marokon egindako, bidaia baten ondorioz sortutako poema-liburua da. Argi dago Galardi bertan izan zela, egoteaz gain, izan aditzak baititu ondorio modura halako sormen-lanak. Hiru ataletan banaturik dago 69 ale dituen liburua. Lehenengoa “egon” aditzarekin zerikusi handiena duen atala dela esango genuke. Idazlea bertara iritsi da, ez da harremanik sortu tokiarekin, ez da harremanik sortu tokikoekin, eta bere begia argazkiak ateratzen ari da ezezagun zaion errealitate horretan. Lehen poeman, “Fular berde turista” izenekoan, Menarara iritsi orduko turistaren mugimenduak, fular berdekoarenak, deskribatzen dizkigu, presaka «Erdi Arora, sultanen erreinura» abiatuz.
Bigarren atalak bihurtzen du “egon” “izan”. Idazleak egun batzuk igaro zituen Atlas mendiaren azpiko herrixka batean, harreman sarea bere kabuz hasi zen hedatzen, eta argazkiak ez ezik, bizimodu bat hauteman du begietan, “Estanpa polita” izenekoa da horren adibide argiena «…Naima eta Kaltouma ahizpek, gosaldu ondoren, almendrak zuritzen dituzte lurrean eserita, eta Abdosamad gazteak osaba Lhoussaineri automobila garbitu nahi dio…» Argazkietan ageri direnek izena dute, ez dakigu egiazkoak diren ala asmatuak, baina dakiguna da pertsonaiak egiazkoak direla. Gerora, gainera, beste poema batzuetan, errepikatu egiten dira izen batzuk. Izan ere, poema-liburu honetan istorio bat kontatzen da, bidaia baten istorioa, ez da Marokori buruzko poema solteen erakusketa.
Hirugarren atalean idazlea etxean dago jadanik, eta argazki-albumari erreparatuz ari da idazten, buruan kateatu zaion malenkonia horrek behartzen du idaztera, arrastoa utzi du Marokok eta urruntasunak min ematen dio «…Beraz, zergatik hitz egin / malenkoniaz / gure laguna balitz bezala?», etxeko atetik irten eta lipar batean hara joan ezinak sortzen dio herstura. Ametsetan soilik etortzen zaizkio hangoak eta berekin nahi ditu…Otoi! ez zaitezte joan ni esnatu aurretik, azkenaldian bezala».
Estiloari dagokionez, poemak agerikoak dira, barnetik atera zaizkion gogoetak, bizipenak eta argazkiak, interpretazio kopuru mugatua dutenak. Poema laburrak gehienak, erraz irakurtzeko modukoak, hiztegietan arakatuta eskuratutako hitzez josi gabeak. Adierazgarri tarteka, uzten dizkigun maitasun-geziak, hots, poema oso laburrak, maitasun-deklarazio itxura dutenak: «Oraindik ez da sortu / elkar ezagutu genuen eguna / estaliko duen basamorturik». Halakoak, tarteka, ezkutuan baleude bezala, agertzen zaizkigu.
Gustura irakurriko duzu irakurle, are gehiago, Marokon izan bazara.