2016 OTS. 24 Emakumezkoen futbola «Titulua lortzeko ilusioa bizi-bizirik daukagu» Ane Bergara baikor agertzen da Athleticen kontrako partida erabakigarriaren aurreko astean. Amaia U. LASAGABASTER Hamabi jardunaldi, 36 puntu, lehiatu beharko dira oraindik denboraldia amaitu arte. Baina Bartzelonak eta Athleticek datorren igandean (Mini Estadi, 12.00) jokatuko duten partida erabakigarria izan daiteke. Zuri-gorriek irabazten badute bederen, zazpi puntuko abantailaz –gol averageaz eta bultzada animikoaz gain– ekingo bailiokete Ligako azken txanpari. Bartzelona aldean ez dute hain argi ikusten. Komeni ez zaielako edo, Ane Bergarak azpimarratzen duen bezala, «Liga oso luzea delako». Realean lau denboraldi eman ondoren, bere palmaresari titulu berriak gehitzeko ilusioarekin heldu zen udan atzelari beratarra aurretik ere ondo ezagutzen zuen hirira eta Ligaren erdia besterik bete ez denean, erronka gogorra dela onartu arren, ez dago amore emateko prest: «Ez ni, ez eta taldea ere. Titulua lortzeko ilusioa bizi-bizirik daukagu». Izan ere, Bartzelonaren zenbakiak ikusgarriak dira. «Ez dugu partidarik galdu, oso emaitza onak lortzen ari gara», gogorarazi du Bergarak. Hamahiru garaipenekin, mailako talderik golegileena da gorri-urdina. Ez da, baina, ibilbide orbangabea. Athletic eta Atletico bere aurkari nagusien kontrako berdinketez gain, «Espanyol eta Sportingen aurka ere berdindu egin genuen. Ez da larregi itzuli oso batean, baina horiexek dira momentuz zigortzen gaituzten hutsegiteak, eta borroka oso estua da». Athleticen «errua», denboraldi «ikusgarria» egiten ari baita. Baina bizkaitarren behaztopak ere helduko direlakoan dago atzelari nafarra, eta horregatik uste du «orain arte markatu dugun erritmoarekin jarraitzen badugu, helburua lortuko» duela bere taldeak. Garrantzitsua, erabakigarria, izango da asmo horren bilatzean. «Ez nuke esango behin betikoa izango dela, ez eta galduz ere, Liga bat igandero erabakitzen baita. Baina argi dago zein garrantzia duen. Irabaziz gero, oraindik atzetik jarraituko genuke (puntu batera), baina aldea oso txikia litzateke», eta moralki horrek Athletici kalte egingo liokeela uste du. Beratarraren teoria egiaztatzeko partida irabazi behar du Bartzelonak «eta ez da erraza izango. Inoiz ez da erraza, eta are gutxiago aurten, Athletic nola dagoen ikusita». Bere ustez, zuri-gorrien bertute esanguratsuena «intentsitatea» litzateke. «Oso talde intentsoa da, talde osoa, eta gainera, intentsitate horri 90. minutura arte eusten dio, ez du inoiz norgehiagoka galdutzat ematen». Argi dauka, beraz, neurketa bereganatzeko «jokaldi guztietan, baloi guztietan, daukagun guztia ipini behar dugula. Beren intentsitatea, gutxienez, berdindu behar dugu». Gakoa Bergararen beraren arduran legoke, bere ustez defentsek erabaki baitezakete partida. «Atea hutsean uzten saiatu behar gara, aurrerapauso erraldoia litzateke. Erasoan oso jokalari onak dauzkagu, eta nahiz eta Athleticek oso ondo defendatu (Valentzian jaso zuten igandean bizkaitarrek denboraldiko lehen gola etxetik kanpo), talde hau gai da aukerak sortu eta aprobetxatzeko edozein aurkariren kontra». Bergarak berak sartu zuen Lezaman bere taldearen gola lehen itzulian, Bartzelonan arriskua ez baitute aurrelariek soilik. «Ea igandean errepikatzen dudan –dio, irribarretsu–. Ilusioa behintzat badaukat». Ez da atzelariaren ilusio bakarra. Martxoan Championsari ekingo diote katalanek berriro ere, eta beraien «helburu garbiak eta bakarrak» Liga eta Kopa diren arren, argi dago nazioarteko txapelketan «lehiatzea oso berezia» dela. Espanyolekin debutatu zuen Bergarak Europan, «baina antzinako formatuan». Gaur egun, gainera, Championsean ere zeresana duen talde batean ari da, hurrengo kanporaketa bere ahalmenetik kanpo egon daitekeen arren. «Txapelketa sari bat bezala hartzen dugu, are gehiago Paris Saint Germainen kontra jokatu behar dugunez gero. Oso esperientzia polita da, partidak, bidaiak, jendea... dena. Baina gure ardura bakarra Liga eta, batez ere, igandeko partida da». JOAN ETA ETORRI Udaz geroztik Bartzelonan jokatzen du Ane Bergarak. Lagunak-ekin Lehen Mailan debutatu ondoren, sei denboraldi eman zituen Espanyolen, Liga bat eta hiru Kopa irabaziz. Realean aritu zen ondoren lau urtez. ZENBAKIAK Bi taldeen zenbakiak ikusgarriak dira. Partida bakarra galdu barik, bizkaitarrek sei gol besterik ez dute jaso; gorri-urdinek, aldiz, 56 sartu. Lau puntuko aldea dute sailkapenean.