Waltari eta Bilbao ez daude inori barkatzeko prest
Waltarik eta Bilbaok aurreikuspenak bete zituzten Donibane Garazin eta Berezkoen Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko neurketa irabazi egin zuten. Halere, dezente sufritu behar izan zuten Lanberti eta Ezkurrari 40 eta 39 irabazteko.
Hori bai, faboritoek hasieratik hartu zuten aurrea, eta garbi utzi nahi izan zuten nagusi zirela. Berehala ekin zioten zuloa egiteari, eta 24-14koarekin saioak erabakita zirudien. Lanbertek eta Ezkurrak lanean jarraitu zuten, eta partida berdintzea lortu zuten, 31-31. Ondorengo tantoetan, berriz, oreka izan zen, bietako inork ez baitzuen alderik lortzen, eta horrela iritsi ziren 36-36ko berdinketara. Hor berriro ihes egin zuten faboritoek, 39-36 jartzeko, eta denak erabakita zirudien, baina berriro ere Lanbertek eta Ezkurrak berdindu egin zuten, 39nakoa jarriz. Sakea alde zuten, baina Lanbertek ez zuen asmatu, eta azkenean Waltarik eta Bilbaok partida bukatu egin zuten. Lanbertek eta Bilbaok jokatutako bi partidak galdu dituzte. Norgehiagokak 72 minutu iraun zuen. Saketik, hamarna kintze egin zituzten pilotariek. Jokoan Waltarik eta Bilbaok 25 tanto egin zituzten, eta galdu, aldiz, 10. Lanbertek eta Ezkurrak 19 tanto egin zituzten eta galdu, berriz, 5. Markagailuan hauek agertu ziren: 2-0, 2-2, 16-6, 24-14, 31-25, 31-31, 34-34, 36-36, 39-36, 39-39 eta 40-39.
Bigarren Mailakoa
Lehen Mailakoaren aurretik Bigarren Mailako norgehiagoka jokatu zen, eta horretan Monzek eta Bonebeltxek 40 eta 22 hartu zituzten mendean Elgart eta Benese. Lehen Mailako partida oso ona izan zen, eta, hala, bi mailen artean dagoen aldea agerian geratu zen partida honetan.
Monze eta Bonebeltxe jaun eta jabe izan ziren. Hasieratik ihes egin zuten markagailuan, eta partida une oro kontrolpean izan zuten. Sakearekin min handia egin zuen Monzek, hasierako jokaldiari esker 11 kintze egin baitzituen. Aurkariak, Elgartek, hiru besterik ez zituen egin. Jokoan ere pilota asko galdu zituzten Elgartek eta Benesek, azkenean 15 galdu baitzituzten eta irabazleek 8 besterik ez. Sakearekin eta galdutako pilotekin bakarrik alde handia egon zen.
Bi jardunaldi jokatu ostean, Monze eta Bonebeltxe maila honetako lehen fasea irabazteko faborito bihurtu dira, eta hori lortzen duenak saria izango du, maila nagusikoekin lehiatzeko parada izango baitu.