2016 MAR. 07 Surfa Brock Little surflari mitikoaren lorratzak luze iraungo du Pasa den otsailaren 18an minbiziak eraman zuen Brock Little kondairazko surflaria. 90eko hamarkadan mundu mailan lehian aritu zentalentu handiko surflari honek oinatza utzi du surfaren historian. Bere ekarpen esanguratsuena olatu handietako surfari egin zion. Azken eguneraketa: 2016 MAR. 07 - 10:23h Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Brock Little olatu handietako surfaren historian bere lorratza utzi zuen surflari hawaiiarrak gertuko lagun eta senideekin egin zituen azken orduak. Azken urtean biziari eutsi nahian minbiziaren kontra borrokan aritu ostean, lasai eta bakean joan zen Little pasa den otsailaren 18an. Talentu gaztea Brock Little Kalifornian jaio zen, Napa hirian, 1967. urtean eta 3 urte zituela Hawaiira joan zen bizitzera bere sendiarekin. Han hasi zen surf egiten 7 urte zituela eta orduz geroztik bere pasio nagusia izan zen Hawaiiko uharteetako erregeen itsas kirola. Gazte hasi zen surf txapelketetan parte hartzen eta horrela bildu zituen bere lehen garaipenak. 1980. urtean AEBetako txapelketa nagusian finalera iritsi zen. Kontuan hartu behar da garai hartan AEBetako zirkuituak sekulako indarra zuela, ia mundu mailako zirkuituarekin aldera zitekeen, izan ere, lehiakide batzuek nahiago zuten beren indarrak AEBetako txapela eskuratzera bideratu mundu mailako itzulian aritzea baino. Brock Little mota guztietako olatuetan surf egiteko gai zen, estiloa eta abilezia zituen, baina batez ere Hawaiiko olatu handietan nabarmendu zen. 19 urte zituen Brock Littlek Waimeako olatuak hartzen sekulako fama hartu zuenean. Little, Waimean 1987. urtean Eddie Aikauren omenezko txapelketan parte hartu ahal izan zuen eta zeresan handia eman zuen, batetik tamainako olatuetan aritzeko zuen gaztetasunagatik, eta bestetik erakutsi zuen talentu eta maisutasunagatik. Egia esan, hasiera batean urte hartan Brock Littlek ez zeukan txapelketan parte hartzeko eskubiderik, ez baitzuen antolatzaileen gonbidapenik jaso. Txapelketako antolatzaileak lehiaketa egin ala ez eztabaidan ari ziren artean Little itsasoratu egin zen, Aaron Napoleon bere lagunarekin batera, eta sekulako espektakulua eman zuten bi surflari gazteek. Antolatzaileek hura ikusita ordezko moduan gonbidatzea erabaki zuten, eta horrela jakinarazi zieten bi lagunei urertzera atera zirenean. Antolatzaileak ez ziren damutu bi surflariak gonbidatu izanaz, izan ere, sekulako arrakasta izan zuten bi kideek, hirugarren eta laugarren postuetan geratu baitziren. Hala ere, Brock Littlek egin zuen txapelketa gogoangarriena 1990. urtekoa izan zen, eta berriz ere Eddie Aikauren omenezko txapelketan izan zen, bigarren postua eskuratu zuen lehiaketa hartan. Waimean ordura arte inork hartu zuen olatu handiena hartu zuela zioten adituek, eta egun oraindik urautsi mitikoan inoiz hartu den olatu handienetako bat izaten jarraitzen du. Olatu hura hartu ostean maldan behera zihoala erori zen Little, baina irudi hark buelta eman zion munduari, surf aldizkari guztietan agertu zen, baita surf film batean ere. Brock Little izarra Estilo erlaxatua zuen Littlek, erakargarria, baita Waimean 7 metroko olatuak jaisten zituenean ere. Erdi hawaiiar, erdi kaliforniar, surflari handi honek mundu osoan zehar bidaiatu zuen olatu boteretsuen bila, eta horrela, surf aldizkarietako portadetan sarri ageri zen bere irudia munduko olatu galduren batean surf egiten. Garaiko surf filmetan ohikoak ziren bere irudiak eta Hollywoodeko filmetan uretako irudiak hartzeko ordezko gisa ere sarritan aritu zen. “Amazing Surf Stories”, “The Endless Sumer II”, “In God's Hands” eta beste hainbat surf filmetan parte hartu zuen. Horrez gain, surf aldizkarietan artikuluak idatzi zituen eta Shane Dorian edo Todd Chesser bezalako surflari ezagunentzat eredu izan zen. Honela deskribatzen zuen Littlek garai hartan bizi zuena aldizkari batean egin zioten elkarrizketa batean: «Jendeak ezer egin gabe nola bizi naizen galdegiten dit. Hara, txeke bat jasotzen dut gutun bidez eta surf egitera joaten naiz. Eta Hawaiin olatuak onak ez direnean beste nonbait surf egiteko ordaintzen didate». Heriotza inguruan bueltaka 1994ko abenduaren 23an Kalifornia iparraldea astindu zuen itsaskiaz baliatuz Mavericksen bildu ziren garaiko olatu handietako surflari ezagunenak. Hawaiiarrak ere han ziren, ur beroetan bakarrik ez, bestelako baldintza gogorretan ere olatu handiak menderatzeko gai zirela erakusteko. Brock Little ere han zen egun hartan, Mavericksen, Mark Foo hawaiiarrarekin batera. Gauzak ordea, ez ziren nahi bezala gertatu, izan ere, munduko surflarien komunitatea hunkitu zuen ezbeharra gertatu zen. Mark Fook olatu bat hartu zuen, handia, baina hawaiiarrak Waimean hartzen zituen olatu munstroekin alderatuta ez zirudien handiegia zenik. Olatuaren tamaina ordea, ez da kontuan hartu behar izaten den osagai bakarra, izan ere, batzuetan aldagai desberdinak direla medio olatu txikiago batek handienak baino indar eta arrisku gehiago izan dezake. Horrela izan zen kasu hartan ere. Mark Fook egun hartan bildu ziren kameren aurrean galdu zuen bizia. Bere azken olatuaren irudia hartu zuten eta baita olatu haren gibeleko olatua ere. Brock Little eta Mike Parsons amerikarrak, gertatzen ari zenaz deus jakin gabe, hurrengo olatua jaisten saiatu ziren eta hauek ere goitik behera erori ziren, baina zorionez bi surflariak bizirik atera ziren. Aldi hura ez zen izan Brock Littlerekin surf egiten ari zen norbaitek bizia galdu zuen aldi bakarra. 1997. urtean, Todd Chesser bere lagunak Waimean kanpoko aldeko uharrietan izaten diren olatu handietan surf egiten ari zela bizia galdu zuen egunean ere Little uretan zen surf egiten. Azken orduak lagun artean Azken urteetan Hollywooden izan zen lanean eta munduko surf txapelketetan uretako motoekin lehiakideak babestu eta laguntzen ere aritu zen, baina inoiz ez zion utzi Waimean surf egiteari, gaitz madarikatu batek mendean hartu zuen arte. Pasa den otsailaren 10ean Eddie Aikauren omenez Waimean egitekoa zen txapelketan parte hartzera gonbidatua zegoen Brock Little, baina egun batzuk lehenago Waimeako surflari mitikoak minbizia zuela eta hilzorian zela iragarri zuen, eta ondorioz, ezin izango zuela berak gehien maite zuen txapelketan parte hartu. Waimeako urautsia ezin hobeto ezagutzen zuen Oahu uharteko surflariak minbizia zuen, tumore anitz zituen eta horien artean handiena gibelean zeukan. Txapelketa egitekotan ziren unean tratamenduaren laugarren fasean aurkitzen zen Little eta kimioterapia saio bortitzak jasotzen ari zen, beraz oso argala zegoen, hezurretan, oso ahul, baina lagunekin egoteko indarrak ateratzen zituen eta inoiz ez zuen irribarrea galdu. Waimeara gerturatu ziren lehiakideek Little agurtzeko aukera izan zuten, eta Littlek ostera, lagun zaharrekin egon ahal izan zuen. Hunkituta jaso zituen esker oneko babes keinuak surflari hawaiiarrak. Horrela, Eddie Aikau oroitzeko antolatzen den txapelketak Brock Little omentzeko balio izan zuen. Bere heriotzaren ostean amaigabeak izan ziren dolumin eta ohore mezuak. Mick Fanning, Kelly Slater eta antzeko surflari famatuek esker oneko hitzak baino ez zituzten izan surfaren historian bere lorratza utzi duen surflari handiarentzat. Littlekin partekatutako pasarte eta elkarrizketa hunkigarrien berri ematen zuten mezuak ere kontaezinak izan ziren. Hil ostean bakarrik ez, aurretik ere, babes handia jaso zuen Littlek eta azken hatsa eman baino 24 ordu lehenago honako mezua igorri zuen, «Lucky to be surrounded by love», alegia, «zorionekoa maitasunez inguratuta egoteagatik». OLATU HANDIAK Brock Little mota guztietako olatuetan surf egiteko gai zen, estiloa eta abilezia zituen, baina batez ere olatu handietan nabarmendu zen. MAITASUNEZ BLAI Azken hatsa eman baino 24 ordu lehenago honako mezu hau igorri zuen Brock Littlek, «Lucky to be surrounded by love», alegia, «zorionekoa maitasunez inguratuta egoteagatik».