J.L.
Berezkoak

Bielle eta Ducassou, lehen faseko onenak

Bukatu da lehen fasea, eta Bielle eta Ducassou izan dira onenak. Lehen postu horretarako hiru bikote geratu dira hiru partida irabazi, eta bat galduta, eta azkenean aldeko eta aurkako tantoen batuketa egin behar izan da, eta horren ondorioz Bielle eta Ducassou izan dira onenak. Waltari eta Bilbao bigarren postuan sailkatu dira, Larralde eta Gixandut hirugarren, Lanbert eta Ezkurra laugarren, partida bakarra irabazita, eta azken, berriz, Ospital eta Luku, denak galduta.

Beraz, aurreneko hirurek finalerdiak zuzenean jokatuko dituzte, baina laugarren sailkatu den bikoak, Lanbert eta Ezkurrak, Bigarren Mailako onenen aurka jokatu beharko du, eta maila horretako lehen faseko onenak Etxegarai eta Lazkano izan dira. Irabazten duenak finalerdiak jokatuko ditu. Bigarren Mailakoak lortzen badu helburua, Lehen Mailara igaroko da, eta ez badu irabazten, Bigarren Mailan jarraituko du. Halere, maila nagusikoak izango dira faboritoak.

Herenegun gauean Arrangoitzen ez zen inongo ezusterik izan, Biellek eta Ducasouk 40 eta 13 hartu baitzituzten Ospital eta Luku. Lehen kintzean oreka apur bat egon zen, baina berehala zabaldu zuten zuloa irabazleek. Atzo, berriz, Larraldek eta Gixandutek 40 eta 30 irabazi zieten Waltariri eta Bilbaori. Irabazleek oso partida ona egin zuten, eta amaierara ere askoz ere freskoago heldu ziren, eta beraiek lortu zuten garaipena, nahiz eta sailkapen nagusian hirugarren geratuko diren.

Bigarren Mailan, herenegun gaueko partidan, Etxegaraik eta Lazkanok 40 eta 24 hartu zituzten mendean Goikoetxea eta Lamoure. Honekin lehen postua segurtatu, eta kanporaketa aurrekoa jokatzeko moduan izango dira. Atzoko norgehiagokan, berriz, Intxauspek eta Amuletek 40 eta 29 irabazi zieten Monzeri eta Bonebeltxeri.