Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
KIROLA

Quiksilver Pro Gold Coast 2016:Wright eta Wilkinson txapeldun

Lehen mailako munduko zirkuitua Australian hasi da. Pasa den astean amaitu zen CT itzuliko lehen txapelketa Gold Coasten eta irabazleak Tyler Wright eta Matt Wilkinson izan ziren. Datozen egunetan zirkuituko bigarren txapelketa egingo da Bell’s Beachen.

Hasi da lehen mailako CT zirkuitua. Urtero bezala, Australia ekialdean aurkitzen den munduko urautsi ezagunenetako batean eman dio WSL erakundeak sasoi berriari hasiera, baina ezin esan daiteke 20016ko zirkuitua indartsu hasi denik; izan ere, olatuen kalitatea ez zen apartekoa izan eta ondorioz lehiakideek ere ezin izan zuten beraien onena eman.

Tyler Wright garaile

Orokorrean, mutilak baino hobeto ibili ziren Gold Coasteko eskuin olatuetan TOP 17ko neskak. Haien arteko lehia zinez gogorra izan zen eta maila gorena erakutsi zuten. Modu honetan argi geratu zen iaz WCT (Women's Championship Tour) zirkuituan izan zen maila altua ez zela kasualitatea izan, urteetako lan gogorraren eta garapenaren ondorioa baizik.

Aurten, guztira hamar txapelketek osatuko dute WCT zirkuitua, beraz, oraindik hasi baino ez da egin lehia. Hala ere, lehen txapelketak lehiakideek duten sasoi orokorra ikusteko balio dezake, eta gauzak honela, nesken kasuan behintzat, aurten ere sekulako indarrarekin datozela dirudi.

Finaletan eta finalerdietan izan ziren lehiakideak nortzuk ziren ikusita, iaz hasitako lehiari jarraitzen diotela esan daiteke, zeren iazko itzulian txapelketa gehien irabazi zituzten lau surflariak izan ziren azken bi txandetan: Tyler Wright, Courtney Conlogue, Carissa Moore eta Johanne Defay.

Moore hawaiiarra eta Defay frantsesa kaleratuak izan ostean, The Roxy Pro Gold Coast 2016 txapelketako finalean australiar bat eta estatubatuar bat izan ziren buruz buru, Conlogue eta Wright, eta azkenean Tyler Wright australiarra nagusitu zen, eta alde handiz gainera, ia lau puntuko aldea atera baitzion beste lehiakideari.

WSL munduko titulua eskuratzeko duen gogo eta asmoez jardun zen Wright kameren aurrean, eta honela esan zuen: «Munduko titulua irabazi nahi dut eta nire modura nahi dut irabazi, gainera. Onenen aurka lehiatu nahi dut, Esteph, Carissa, Courtney eta Tourreko gainerako lehiakideekin, beraiek baitira onenak. Nik soilik nire onena eman nahi dut».

Argi denez, australiarra indartsu dago, bai uretan eta bai uretatik kanpo, eta hori bere hitzetan bakarrik ez, bere jarrera eta egintzetan ere ikusten da. Bere helburuak lor ditzakeelakoan dago Wright eta horixe bera esan zien komunikabideei: «Denbora luzez jakin izan dut WCY tourra irabaz nezakeela, eta horrela sinetsi behar dut, hori bera pentsatzen joan behar dut txanda bakoitzera; ahal dut eta egingo dut».

Wilkinson vs Andino

Mutilen kasuan ere australiar bat eta estatubatuar bat izan ziren finalean. Aurtengoan gainera, australiarrak gehiengo dira TOP 34 osatzen duten lehiakideen artean eta haien atzetik multzo handiena brasildarrek osatzen dute. Aurten ere bi komunitate hauen artean itzelezko lehia espero da; izan ere, azken urteetan gailendu diren brasildarrekin duten norgehiagokaren intentsitateak gora egin du.

Brasildar eta australiarren arteko lehiaz gain, aurtengoan beste galdera bat ere airean da, alegia, azken urteetako lehiakide beteranoak gailenduko dira ala belaunaldi berriek hartuko dute lidergoa?

Lehen txapelketa honekin goiz da edozein galdera erantzuteko, baina Gold Coasten gaztetxoenak nagusitu zirela esan daiteke. Aurten lehen aldiz maila gorenean diren lehiakideak oso indartsu aritu ziren. Stuart Kennedy australiar “ezezagunak” esaterako, hirugarren postua eskuratu zuen.

Edonola ere, itsasoko baldintzak ez ziren oso onak izan eta halakoetan edozer gerta daiteke. Snappersen hain famatuak diren eskuin olatu luze eta borobilek jai hartu zuten txapelketak iraun zuen artean eta olatu txikietako surfa nagusitu zen CT-ko lehen lehiaketan.

Pasa den astean amaitu zen proba eta Kolohe Andino eta Matt Wilkinson izan ziren finalean. Bi lehiakide hauek esperientzia handia hartu dute azken urteetan eta hori gero eta nabarmenagoa da beraien emaitzetan. Finalean ere antzera ibili ziren eta azkenean Wilkinson nagusitu zen, baina puntu bat baino gutxiagoko aldearekin.

Emaitza bitxiak izan ziren Gold Coasten eta ikusleek gutxien espero zuten lehiakideak iritsi ziren azken txandetara. Wilkinsonek berak aitortu zuen beretzat ere ezusteko garaipen bat izan zela: «Egia esan, ez nuen espero txapela irabaziko nuenik, baina bestalde, txapel honen zain nengoen. Adrianoren kontrako lehian galdu egiten dut normalean eta bera garaitu izanak finalerako bidea ireki dit. Ahalik eta ondoen egiten saiatu naiz eta puntuazio altua lortu dut. Ozeanoa nire alde nuela sentitu dut eta eroso egoteak lagundu egin didala uste dut».

Txapelketa hau irabazteak on egin dio Wilkinsoni eta orain bide beretik jarraitzeko asmoa duela iragarri zuen: «Uste dut lehiaketa mailan lehen ez nuen heldutasuna lortu dudala eta horrek nire surfean onerako eragin du, noski. Agian zortea dut eta aurtengoan lehiaketa gehiago irabazi eta munduko titulua eskuratzeko moduan izango naiz...».

Gauzak horrela, hurrengo geldialdia ere Australian izango da. Martxoaren 24a eta apirilaren 5a bitartean izango da nesken zein mutilen munduko zirkuituko bigarren txapelketa. Australia hego-ekialdean dagoen Bells Beach eskuin olatu famatuan izango da txapelketa eta faboritoen artean Mick Fanning australiarra eta Carissa Moore hawaiiarra aurkitzen dira, alegia iaz Bells Beacheko kanpaia irabazi zuten bi lehiakideak.