2016 MAR. 28 Surfa PRO Zarautz 2016: Zer aldatu da azken urteetan? 1988. urtean lehen aldiz Zarautzen munduko surf txapelketa bat egin zenetik urte asko joan dira eta gauzak asko aldatu dira. Nagusikihiru aro bereiz daitezke Zarautzen egin diren mundu txapelketen historian. Eta orain, fase berri baten atarian ote gaude? Azken eguneraketa: 2016 MAR. 29 - 13:01h Haritz LARRAÑAGA ALTUNA ZARAUTz Datorren ostegunean hasiko da Zarautzen munduko surf txapelketa. 1980ko hamarkadan egiten ziren txapelketekin alderatuta, ordea, orain ez dira etortzen munduan egun puntakoak diren surflariak. Zer aldatu da txapelketa haietatik gaur arte? 1980ko hamarkada Zarautzen 1988. urtean egin zen lehen aldiz munduko surf txapelketa bat eta urte bat lehenago munduko txapelduna izan zen Damien Hardman australiarrak irabazi zuen. Finalean Tom Carrol izan zuen aurkari, 1983. eta 1984. urteetan munduko txapeldun izandakoa. Hurrengo bi urteetan ere munduko surflari onenak ikusi ahal izan ziren Zarautzen. 1989. urtean Derek Ho eta Martin Potter izan ziren finalean eta azkenean Derek Ho nagusitu zen, 1990. urtean munduko titulua eskuratu zuen hawaiiarra. 1990. urtean ere hawaiiar batek irabazi zuen, txapelketaren antolatzailea zen Pukas markak babesten zuen lehiakidea gainera, Sunny Garcia. Lehiakide honek ere mundu titulua eskuratu zuen 2000. urtean. Urte berean gainera munduko beste txapelketa bat ere izan zen Euskal Herrian, Seland Pro Sopelana, eta txapelketa hori ere Sunny Garciak irabazi zuen. 80ko hamarkadako txapelketa horiek izan ziren, ziur aski, gogoangarrienak, parte hartzaileen artean garaian puntakoenak ziren lehiakideak zeudelako eta egun haietan herrian izaten zen giroagatik. Kontuan hartu behar da Zarauzko Euskal Jai festarekin bat egin zuela munduko txapelketak, eta, hain zuzen ere, horixe zen munduaren beste puntako lehiakideak erakartzeko erabiltzen zen amu nagusia, festa alegia, zeren garai hartan surflariak oraindik oso festazaleak ziren. Gaur egun, ezinezkoa litzateke hori, puntako lehiakideak atleta profesionalak baitira eta ez dira lehiaketa garaian parrandan ibiltzen. 80ko hamarkadan oraindik ez zegoen eginda lehen eta bigarren mailaren arteko bereizketa. Txapelketen garrantzia neurtzeko irizpide nagusia dirua eta txapelketaren ospea ziren. Horrela, puntako lehiakideek diru gehien eskaintzen zuten txapelketak hautatzen zituzten, batetik, eta Pipeline bezalako urautsi famatuetan egiten ziren lehiaketak, bestetik. 1990eko hamarkada 1984. urtean mundu mailako 20 txapelketa egiten ziren. 1990. urterako jada 60 munduko txapelketa zeuden; beraz, txapelketak mailakatzea erabaki zen. 1992. urtean Top 44 edo World Championship Tour zirkuitua sortu zen. Alegia, aurrerantzean lehen maila (WCT) eta bigarren maila (WQS) bereiziko ziren. Lehen mailan Top 44 surflariek bakarrik parte hartu ahal zezaketen eta gainerakoek bigarren mailan lehiatu behar zuten lehen mailara igotzeko. 90eko hamarkadan Zarautzen egin ziren Pukas Pro txapelketak, beraz, bigarren mailakoak izan ziren (World Qualifying Series), baina hala ere puntako surflari askok parte hartu zuen. Batez ere, oraindik ezagun ez ziren edo oso gazteak izan arren etorkizunean munduko txapeldun edo surflari ezagun izango ziren lehiakideak izan ziren Zarautzen, Joel Parkinson eta Shane Dorian, kasu. 90eko hamarkadatik aurrera lehen mailako lehiaketa bat egin ahal izateko bete beharreko baldintzak dezente zorroztu ziren eta Zarautzek ez zuen baldintza nagusia betetzen, alegia, olatuen kalitatearena. WCT eta WQS bereizketa egin zenean, lehen mailako itzulia osatzen zuten txapelketen zerrenda asko murriztu zen. Bestalde, munduko urautsi onenek osatzen zuten zirkuitua, eta horregatik egin ahal izan ziren Mundakan munduko txapelketak 1999 eta 2007 artean. Mundakako urautsiak eskaintzen duen ezker olatu bikaina mundu mailako zirkuituan egoteko modukoa zelako erantsi zuten Billabong Pro Mundaka txapelketa WCT zirkuituan, baina Mundakako olatua ateratzeko beharrezkoak diren osagaiak izatea zaila denez (itsasbehera, marea biziak, itsaski indartsua...), gutxitan egin ahal izan zen txapelketa eta, ondorioz, goi mailako txapelketen zerrendatik kentzea erabaki zuten ASP-ko arduradunek. 1992. eta 1999. urteen artean Zarautzen egin ziren munduko txapelketak, beraz, WQS mailakoak izan ziren, baina hala ere lehiakideen artean surflari ezagunak ere izan ziren. 1997an, esaterako, Taj Burrow australiarrak irabazi zuen txapela. Mark Occhylupo, Irons anaiak eta beste ere pasatu ziren Zarauztik, baina batez ere brasildarrak nagusitu ziren. Fabio Gouveia eta Flavio Padaratz bezalako surflariek ez zuten kale egiten Zarauzko txapelketan. 2007-2012 Fase honetan gorabehera asko izan ziren. 2007. urtean hiru izarreko txapelketa egin zen eta Aritz Aranburu zarauztarrak irabazi zuen. Urte hartan Europako txapeldun izan zen Aranburu eta 2008. urterako WCT mailan parte hartzeko postua eskuratu zuen, bai eta 2009. urtean ere. 2008. urtean bost izarreko txapelketa izan zen eta berriz ere euskal herritar batek irabazi zuen, Tim Boal Angeluko surflaria gailendu baitzen. 2009an Gony Zubizarreta galiziarrak irabazi zuen bost izarreko txapelketa. Hurrengo hiru urteetan sei izarreko txapelketak izan ziren –bigarren mailan izan daitekeen txapelketa gorena– eta, batez ere, brasildarrak nagusitu ziren. Heitor Alvesek irabazi zuen 2010. urtean. 2011n, orduan hamazazpi urte baino ez zituen Gabriel Medinak irabazi zuen eta 2012an Ramzi Boukhiam marokoarra gailendu zen. Aro berri baten atarian? 2007 eta 2012 artean Zarautzen egin ziren txapelketak Zarauzko Surf Elkarteak antolatu zituen, nagusiki San Miguel babeslearen laguntzarekin. Gero, elkarteko idazkariak egindako gestio txarra zela-eta sekulako zorrak pilatu zituen elkarteak eta azken urteetan txapelketa garrantzitsu bat antolatu ahal izateko burua altxatu ezinean ibili dira. Artean, aldaketa garrantzitsu batzuk ere gertatu dira mundu mailako lehiaketei dagokienez. Batetik, jada ez dute 44 surflari onenek osatzen lehen mailako itzulia, 32 onenek baizik; beraz, zailagoa da lehen mailara igotzea. Hala ere, Aritz Aranburu zarauztarrak 2014an Top 32 lehiakideen artean egotea lortu zuen. Bestalde, 2015eko urtarriletik World Surf League (WSL) izena du lehen ASP izenez ezagutzen zen erakundeak eta horrekin batera aldaketa batzuk izan dira, horien artean da, esaterako, izarrei dagokiona. Egun, bigarren mailako (QS) txapelketak ez dira izarren arabera bereizten, puntuen arabera baizik. Gauzak horrela, datorren ostegunetik igandera Zarautzen egingo den munduko txapelketa QS 1.000 puntukoa da. Hau da, bigarren mailako txapelketen artean apalena da, baina munduko txapelketa izaten jarraitzen du. QS mailan gutxienez 1.000 puntuko txapelketak daude eta gehienez 6.000 puntukoak. Aurten Zarautzen egingo den txapelketak, ordea, baditu kontuan hartzeko zenbait bereizgarri. Lehena txapelketako antolatzaileek erakutsi duten jarrera eredugarria da. Marka izen indartsu baten babesik gabe lortu baitute munduko txapelketa antolatzea. Bestetik, nesken lehiaketa ere egingo dute eta horrek zeresana emango du, zeren nesken kasuan ez dira asko QS mailan egiten diren txapelketak eta gehienak 1.000 puntukoak dira gainera. Zabalagoa izan daiteke nesken parte hartzea, eta, beraz, lehia gogorra iragar daiteke. Eta azkenik, egitarau zabal eta herrikoi bat osatzeko gaitasuna erakutsi dute aurtengo munduko txapelketa antolatzen ari diren kideek. Beharbada, zinez oparoa izan daitekeen fase berri baten aurrean gaude, baina oraindik goiz da halakorik baieztatzeko. OLATU ESKASAK Zarautzek ez du betetzen lehen mailako (WCT) lehiaketa bat egin ahal izateko ezinbestekoa den baldintza nagusia; alegia, olatuen kalitateari dagokiona. NESKAK INDARTSU Nesken kasuan ez dira asko QS mailan egiten diren txapelketak eta gehienak, gainera, 1.000 puntukoak dira; beraz, nesken mailan lehia gogorra izango da.