Jon LEUNDA
Berezkoak

Etxegaraik eta Lazkanok eman dute aurreneko ezusteko handia

Etxegaraik eta Lazkanok eman dute ezustekoa Berezkoen Binakako Txapelketan, eta Lehen Mailako finalerdia jokatuko dute, kanporaketa aurrekoa gainditu ostean. Lehen Mailako laugarren sailkatuak eta Bigarren Mailako lehenengoak jokatu behar zuten partida hau, eta Etxegarai eta Lazkano garaile atera dira.

Gainera, oso erraz gainditu zituzten Lanbert eta Ezkurra Donibane Garaziko Garat trinketean, 40 eta 25 hartu baitzituzten mendean. Orain Lehen Mailako finalerdia jokatzetik Bigarren Mailakoa jokatzera pasatuko dira Lanbert eta Ezkurra. Dirua alde zuten, eta normala ere hori zen, baina gero kantxan besteak askoz ere gehiago izan ziren, eta ongi merezitako garaipena lortu zuten.

Txapelketa hau hasi aitzin Etxegarai eta Lazkano ez ziren Bigarren Mailakoa irabazteko faboritoen zerrendan ere agertzen, eta gutxiago lehen fasea aurrena amaitu eta Lehen Mailan amaitzeko, baina honelako lehiaketa batek bakoitza bere lekuan jartzen du, eta orain eurek izango dute aukera onenekin lehiatzeko.

Lanbertentzat eta Ezkurrarentzat kolpe galanta izan da, beraiek ere ez baitzuten uste honela amaituko zutenik. Lehen fasean partida bakarra irabazi zuten, eta horrek balio izan die kanporaketa aurrekoa jokatzeko, baina hori ezin izan dute gainditu. Orain, Bigarren Mailakoa irabaztea izango da eurentzat gutxiengo saria, baina ikusi beharko da nola erantzuten duten, ez baitzuten uste finalerdi hau jokatuko zutenik.

Finalerdiak

Ondorioz, bi mailetako finalerdiak nola jokatuko diren erabakita geratu da. Asteburu hau denek jai izango dute, eta ikusi beharko dute nola dauden. Eskuak ongi jarri, batzuk bai baitaude arazo txikiren batekin, eta azkeneko fase honetarako dena atondu beharko dute.

Apirilaren 8an hasiko dira. Lehen finalerdia Angelun jokatuko da. Bigarren Mailakoan, Intxauspe eta Amulet Goikoetxearen eta Lamuren aurka neurtuko dira, 19.00etan hasita. Hauek euren lanak amaitutakoan, Lehen Mailakoen txanda izango da, eta bertan, Waltari eta Bilbao Larralderen eta Gixanduten aurka neurtuko dira. Lehen faseko bigarren sailkatuak eta hirugarrenak neurtuko dira.

Apirilaren 9an, Senperen, 16.00etan, hasiko da Bigarren Mailako finalerdia: Elgart eta Benesse Lanberten eta Ezkurraren aurka. Hauek amaitutakoan, maila nagusiko finalerdia jokatuko dute. Batetik, Bielle eta Ducassou arituko dira, lehen faseko onenak, eta bestetik, Etxegarai eta Lazkano, kanporaketa aurrekoa irabazi duen bikotea, arituko dira finalerako pausoa eman nahian.