2016 API. 02 Surfa Pro Zarautz 2016 txapelketan ikuskizuna handituz doa pixkanaka Eguraldiak lagundu zuen atzo, baina olatuek oraindik apur bat narras jarraitzen zuten. Hala eta guztizere, ikuskizun bikaina eskaini zuten mutilen lehen bi errondetako txandetan itsasoratu ziren lehiakideek. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Ostegunean klima arazoengatik txapelketa bertan behera utzi ostean, indartsu ekin zioten atzo goizean mutilen kategoriako lehen errondako lehen txandei. Atzokoan eguraldia lagun izan zen, eguzkiak bazterrak berotu baitzituen, baina ipar haize hotzak oraindik olatuak narrasten jarraitzen zuen; beraz, nahiz eta tarteka olatu onak baziren, orokorrean olatuen kalitatea ez zen nahi bezain ona izan. Orain artean ez da sorpresarik izan eguraldi eta itsaso iragarpenei dagokienez, iragarritakoa betetzen ari baita. Gaur eguraldiak bakarrik ez, olatuek ere lagunduko dutelakoan daude antolatzaileak, hego haize leuna eta bi metro inguruko olatuak izango baitira. Zarauzko hondartzan surf egiteko baldintza ezin hobeak dira eta, hortaz, ikuskizuna ere pixkanaka gero eta hobea izango da. Mutilen kategorian 90 lehiakidek baino gehiagok eman du izar bateko munduko txapelketan parte hartzeko izena; parte hartze oso zabala da, beraz. Atzokoan lehen bi errondetako ia txanda guztiak egin ahal izan zituzten, baina ez denak. Bigarren errondako hamaseigarren eta azken txandan daude, esaterako, Aritz Aranburu zarauztarra, Eneko Acero algortarra eta Norman Landa donostiarra, Leon Glatzer alemaniarrarekin batera. Lau lehiakideko txanda hauetan bi surflarik egiten dute aurrera. Hala, gaur goizean jakin ahal izango dugu nor kaleratu duten eta hurrengo txandara pasatzea nork lortu duen. Gauzak horrela, gaurkoan, bigarren erronda amaitu ostean, mutilen hirugarren errondako txandekin jarraituko dute eta nesken kategoriako lehen erronda ere hasiko da. Nesken kasuan, ohi bezala, parte hartzaileak askoz ere gutxiago dira, guztira 21 lehiakidek eman baitute parte hartzeko izena. QS mailako txapelketa batean parte hartzeko lehiakide bakoitzak ordaindu behar izaten duen diru kopurua berbera izaten da mutilen zein nesken kasuan, baina sariak jasotzeko orduan neskek irabazten duten diru kopurua mutilek jasotzen dutenaren erdia izaten da ia txapelketa guztietan. Oraingo honetan ordea, NAIZek espresuki nesken kategoriarako emandako diru laguntzari esker, behingoagatik, mutilek adina irabazi ahal izango dute neskek. Zarauzko kasuan, izar bateko lehiaketan parte hartu ahal izateko 120 dolar amerikar ordaindu behar izan ditu lehiakide bakoitzak. Izar kopuruaren arabera prezioa ere aldatu egiten da, hau da, zenbat eta izar gehiago dituen txapelketak orduan eta garestiagoa da izena ematea, baina bestalde, diru sariak ere handiagoak izaten dira eta irabazleak QS ranking nagusirako puntu gehiago eskuratu ditzake. Atzokoan giro aparta izan zen eta txapelketaz gozatzera ikusle andana bildu zen egun osoan zehar, bai Zarauzko malekoian, bai txapelketa eremuan. Bazegoen zer ikusi, surf lehiaketaz gain lehorrean ere mugimendua etengabea izan baitzen. Besteak beste, arropa eta surf materiala saltzeko postuak zeuden, skate txapelketa ikusten ere jende asko izan zen, eta ez zen ederki jan eta edateko aukerarik falta ere. Gauean, berriz, kontzertuak izan ziren Zarauzko erdigunean den karpa batean, The Nephews eta Mamba Beat taldeekin. Bestalde, ostegunean egitekoa zen txapelketaren inaugurazio ekitaldia atzo egin zuten; izan ere, osteguneko eguraldi eskasa zela-eta, txapelketari irekiera ofiziala atzo ematea erabaki zuten. Herriko txistulariak, dantzariak, eta politikariak izan ziren oholtza gainean lehiakideei ongi etorria ematen. Gaur ere izango da zer ikusi Pro Zarautz txapelketan. Itsasoko baldintzei esker lehiakideek ikuskizun ederra eskaini ahal izango dute eta lehorrean ere izango da zer ikusi eta egin. Goizero egiten den yoga saioaz gain, eguerdian txotxa izango da eta horren ostean herri kirolak izango dira. Arratsaldeko bost eta erdietan kontzertua eskainiko du Xolomo Gansta taldeak txapelketa eremuan eta gauean, berriz, Makala Jazz Funk Band eta Priscila Band taldeak izango dira Munoako karpan giroa berotzen arituko direnak. BALDINTZA ONAK Gaur eguraldiak bakarrik ez, olatuek ere lagunduko dute, hego haize leuna eta bi metro inguruko olatuak izango baitira, Zarauzko hondartzan surf egiteko baldintza ezin hobeak EKITALDI UGARI Gaur ere izango da zer ikusi Zarautzen. Itsasoko baldintzei esker lehiakideek ikuskizun ederra eskaini ahal izango dute eta lehorrean ere ekitaldi ugari izango dira.