GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Ezlekuan bizitzeaz nazkatuta


Azken asteetan pare bat aldiz entzun dut «ezlekuez» hizketan. Ia ahaztua neukan ikasgeletan ikasitako kontzeptu horren esanahia. Marc Auge antropologoak sortu zuen kontzeptua, leku izena ematea merezi ez duten eremu horiek izendatzeko. Eta zeintzuk ziren horiek? Laburrean azaltzeko, harremanetarako tarterik utzi gabe, batetik bestera goazenean gurutzatu baino egiten ez ditugunak, identitate propiorik ez dutenak, alegia. Gure inguruan ditugun toki zehatzak batean edo bestean kokatzea ez da erraza, ezlekua leku bilaka daitekeelako eta alderantziz. Tren edota autobus geltokiak esate baterako.

Lekuak eta ezlekuak buruan, inondik ere lekurik topatu ezinda dabiltzan milioika pertsonez oroitu naiz. Horientzat dena da leku eta dena ezleku aldi berean. Azken egunotan, Europar Batasunak adostutako akordioaren baitan hasi dira Greziara iritsitako errefuxiatuak Turkiara eramaten. Ez dute nahi, hura ez dute euren leku, eta hori agerikoa da Greziatik bertatik iritsitako hainbat argazkitan. Horietako batean ikusi dut gaztetxo bat begi-larrituta eta esku artean «Turkia ez» dioen kartoizko pankartatxo bat hartuta. Seguru nago ez duela oraindik herrialde bat eta beste bat mapan jartzen jakiteko nahikoa adin. Alboan dituen neska-mutilek, beste hainbeste.

Askok, tamalez, leku izena ere merezi ez duten kanpaleku handietan amaituko dute. Eta tamalez diot, beren jaiolekuetatik ihes egin beste erremediorik izan ez dutenek lekua nahi dutelako soilik, ezlekuan bizitzeaz nazkatuak direlako jada.