Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surfa

Margaret River Pro 2016: Wilkinson nagusi CT rankingean

Nesken zein mutilen lehen mailako itzuliak Australian jarraitzen du. Margaret Riverren lehiatzen ari dira munduko surflari onenak eta txapelketa honen ostean Matt Wilkinsonek jarraituko du buru mutilen ligan. Nesken kasuan ez dago batere garbi zer gertatuko den.

Australian jarraitzen dute lehen mailako munduko lehiakideek. Nesken zein mutilen kasuan CT itzuliko hirugarren proba Margaret Riverren da eta datozen orduetan jakingo dugu zeintzuk diren egunotan egiten ari diren txapelketako irabazleak.

Rankingei dagokienez, mutilen kasuan, edozer gertatuta ere Matt Wilkinsonek jarraituko du buru Margaret Riverreko txapelketaren ostean. Nesken kasuan, ordea, lehia bizia dago eta gauzak asko alda daitezke datozen orduetan. Hala ere, hiru izen dira punta-puntan jarraitzeko aukera gehien dituztenak, Courtney Conlogue, Tyler Wright eta Carissa Moore.

Australiako sasoia

Urtero bezala Australian hasi zen nesken zein mutilen munduko WSL zirkuitua. Gainera, iaztik hiru dira Australian egiten diren lehen mailako txapelketak eta guztiak martxoa eta maiatza artean egiten dira, alegia hego hemisferioan negua hastear denean eta itsaski sendoen sasoia denean.

Australia ekialdean den Gold Coasteko eskuin olatu luzeei hego-ekialdean aurkitzen den beste eskuin olatu luze batek ematen die jarraipena, alegia Bells Beacheko urautsi mitikoak. Iaz, ordea, Australiako txapelketa garrantzitsuen zerrendan beste urautsi bat gehitzea erabaki zuten, eta horrela, Australia mendebaldean dagoen Margaret Riverreko urautsia erantsi zuten. Iazkoak sekulako arrakasta izan zuen, olatu bikainak eta ikuskizun itzela izan ziren eta aurten ere errepikatzea erabaki dute.

Margaret River ez da urautsi bakar bat, urautsi multzo bat baizik. Urautsi oso ezaguna da, baina ez dira asko bertan egin diren munduko txapelketak. Australia mendebaldearen eta Afrika hegoaldearen artean dagoen Indiako Ozeanoan 4.000 milia baino gehiago daude. Halako eremu zabalak itsaski sendo eta luzeak sortzen ditu, olatuen arteko baga luzeekin, eta itsaskien maiztasuna munduko altuenetako bat da.

Itsasertzetik urrun, ezker-eskuin lehertzen den olatua da Margaret River, baina batez ere ezker olatua da ezaguna. Batzuetan, itsaskiaren norabidearen arabera, olatua ur askoko eremuan altxatzen denez, olatu «fofoa» izaten da eta pixkanaka sakonera handiko uretan itzaltzen da. Beste batzuetan, hasieratik olatu borobilak sortzen dira eta sakonera txikiko uretan amaitzen da olatua indar handiarekin.

Surflari askok Hawaiiko Sunset eskuin olatuarekin alderatzen du Margaret Riverreko ezkerra, olatuak bere ibilbidean hartzen duen forma oso antzekoa baita. Olatu handiak hartzeko lekua da batez ere, baina olatuak txikiagoak direnean eskuinaldera olatu borobilak ere sortzen dira.

Margaret Riverrek urautsi gehiago ditu inguruan, ordea. Ia kilometro bat iparraldera The Box izeneko eskuin olatu indartsua dago, ibaiaren beste aldean. Esperientzia handiko surflarientzako olatua da, izugarri zaila baita. Hori bai, bodyboard zaleentzat leku bikaina da. Oso olatu azkarra da, hasiera zaila duena eta sekulako tuboak sortzen dira bertan.

Margaret River eta The Box artean norabide anitzetako pikoak altxatzen dira hondartzan, eta batzuetan, hondoen arabera, sekulako tuboak sortzen dira. Aukera asko eskaintzen dituen eremua denez, baldintzen arabera txapelketa urautsi batean edo bestean egiten dute antolatzaileek, baina ikuskizun handiena dudarik gabe, iaz bezala, The Boxen egiten diren txandek eskaintzen dute.

Wilkinson nagusi

Mutilen kasuan orain arteko liderra argia da, izan ere, Matt Wilkinson CT rankingean buru da alde handiarekin. 2016ko itzuliko lehen bi txapelketak irabazita 20.000 puntu bildu ditu australiarrak eta gainerako lehiakideei alde handia atera die. Margaret Riverren ere ongi ari da lehiatzen Wilkinson, baina ez da batere lehiakide konstantea, gorabehera asko izaten dituen surflaria da; beraz, edozer gerta daiteke Wilkinsonekin.

CT rankingean bigarren postuan den Conner Coffin lehiakideak 9.200 puntu ditu; beraz, Wilkinson oso aurretik doa ranking orokorrean. Margaret Riverren egiten ari diren txapelketa oraindik amaitzear, Matt Wilkinsonek lehian jarraitzen du. Atzokoan laugarren errondan jokatzekoa zen; beraz, bart gauean txapelketa egin bada eta kaleratua izan bada ere, emaitza oso ona da. Kaleratua izan ez bada, berriz, final-laurdenetan izango da eta lortutako puntuek sekulako babesa emango diote rankingean alde handiz buru jarraitzeko.

Aipagarria da aurten lehen aldiz CT itzulian parte hartzen ari den Conner Coffin, 22 urteko surflari estatubatuarra. Gold Coasten bederatzigarren postuan geratu zen eta Bells Beachen, berriz, bosgarren postua eskuratu zuen. Denbora laburrean, lehiakide ezezagun bat izatetik kontuan hartu beharreko arerio bat izatera iritsi da.

Margaret Riverren, ordea, bigarren errondan kaleratua izan zen Coffin; beraz, txapelketa honen ostean, ranking orokorreko bigarren postua galduko du, eta ziur aski, oraindik lehian jarraitzen duten Jordy Smith hegoafrikarrak edo Kolohe Andino estatubatuarrak har dezakete haren lekua, bi lehiakide hauek baitira txapelketa aitzin hirugarren eta laugarren postuan zeuden lehiakideak.

Kontuan hartzeko beste lehiakideetako bat, hain zuzen, Jordy Smith hegoafrikarra da. Iaz ezin izan zuen lehiatu lesio batengatik, baina aurten sekulako gogoarekin itzuli da lehiakide beteranoa. Bells Beachen txapela eskuratzeko zorian izan zen, baina ez zuen lortu; hala ere, lortutako bigarren postuari esker CT-ko ranking orokorrean hirugarren postura igo zen.

Australia mendebaldeko hiriburua den Perth hiriaren eta Iruñearen artean sei orduko aldea dago. Hau da, adibidez, gurean goizeko bederatziak direnean arratsaldeko hirurak dira Margaret Riverren; beraz, bart gauean txapelketak aurrera jarraitu badu informazio gehiago izango du irakurleak, baina, hurrengo orduetan edozer gertatzen dela ere, badira bi gauza ziur ranking orokorrari dagokionez.

Bata, CT zirkuituko hirugarren txapelketa honen ostean Matt Wilkinson australiarrak jarraituko duela buru ranking orokorrean, eta bestea, Conner Coffin lehiakideak bigarren postua galdu eta haren ordez beste lehiakide bat jarriko dela. Garbi ez dagoena zera da, bigarren eta hirugarren postuetara nortzuk igoko diren. Hori datozen orduetan jakingo dugu.

Conlogue vs Wright

Nesken kasuan lehia askoz ere orekatuagoa dagoela esan daiteke. Ez dago gainerako lehiakideei alde handia ateratzen dien inor, baina hori bai, lehen postuetan dauden lehiakideak dira aurtengo mundu titulua eskuratzeko faboritoak.

Gold Coasten Tyler Wrightek irabazi zuen eta Courtney Conlogue bigarren geratu zen. Bells Beachen, ostera, Conloguek irabazi zuen txapela eta rankingeko lehen postua eskuratu zuen. Gainera, kontuan hartu behar da iazkoan Conlogue izan zela Margaret Riverren txapela eskuratu zuena; beraz, ongi moldatzen den olatu mota da, gustuko duen urautsia.

Margaret Riverreko txapelketa aitzin WCTko hirugarren postuan zen Carissa Moore hawaiiarrak, berriz, hirugarren postua eskuratu zuen aurtengo itzuliko lehen bi txapelketetan. Hala, Conlogue, Wright eta Moore dira faboritoak eta Margaret Riverreko txapelketaren ostean ere lehen postuetan jarraitzeko aukera gehien duten lehiakideak ere badira.

Itzuliko hirugarren txapela eskuratzearen aukera ere hor dago, aipatu hiru lehiakideek oraindik lehian jarraitzen zuten atzo; beraz, nesken kasuan lehia oso orekatua dago eta horrek ikuskizuna handitzen du.

Honi buruzko guztia: Surfa