Jon LEUNDA
Berezkoak

Biellek eta Ducassouk jokatuko dute finala, estu eta larri sailkatu ostean

Ez zen ezusterik izan, eta Bielle eta Ducassou sailkatu dira Berezkoen Binakako Txapelketako finala jokatzeko. Datorren igandean neurtuko dira Waltariren eta Bilbaoren aurka, Baionako Moderne trinketean. 

Aurreikuspenak bete baldin baziren ere, ustekabea oso gertu egon zen. Faboritoek 40 eta 39 hartu zituzten mendean Etxegarai eta Lazkano, baina azken hauek azken txanpara irabazten sartu ziren. Une erabakigarrian huts egin zuten, ordea.

Jende asko batu zen Senpereko trinketera neurketa hau ikustera. Dirua oso nabarmen atera zen Bielleren eta Ducassouren alde. Izan ere, Etxegarai eta Lazkano Bigarren Mailan aritu dira eta hango lehen fasea irabazi ostean kanporaketa aurrekoa jokatu behar izan zuten Lanberten eta Ezkurraren aurka, eta han ezustean irabazi ostean hemen sartu ziren. Azkenean, ordea, ezin izan diote errematea eman.

Etxegaraik eta Lazkanok galtzeko gutxi eraman zuten Senperera, eta sekulako maila eman zuten atzoko neurketan. Denen artean Bixente Lazkano nabarmendu zen. Partidaren zati askotan nagusi izan ziren markagailuan. Atzean lehia izugarria izan zuten Lazkanok eta Ducassouk; biek ere lan handia egin zuten eta ez zen bietako inor gailendu. Aurrean ere bi pilotariek kintze ederrak egin zituzten.

Partidako azken txanpara, ordea, Etxegarai eta Lazkano askoz ere hobeto sartu ziren, 27-32 eta baita 32-36 ere aurretik jarriz. Faboritoak gero eta urduriago zeuden, eta Bigarren Mailatik etorri den bikoteak neurketaren garaipena poltsikoan izan zuen 36-39 aurretik jarrita, baina lasaien egon behar zuten unean urduri jarri ziren, faboritoak ez bezala. 

Norgehiagokak 80 minutu iraun zuen. Saketik 5 kintze lortu zituen Biellek eta bat gehiago Etxegaraik. Markagailuak hauek erakutsi zituen: 0-1, 1-1, 2-2, 2-6, 4-9, 10-10, 11-11, 13-13, 16-16, 19-20, 26-21, 26-26, 27-32, 32-36, 36-39, 39-39 eta 40-39.