2016 API. 18 ALPINISMOA Marc-Andre Leclerc eta Luka Lindic gogor Canadian Rockies mendietan Kanadarrak eta esloveniarrak Tuzo mendiaren ipar-ekialdeko hormatzarrean zailtasun zein arrisku handiko bide berria zabaldu dute. Martxoaren 31n hasitako lanak hil honen 2an amaitu zituzten. Emaitza: 1.100 metroko marra eta M7+, WI6+ R zailtasunak. Andoni ARABAOLAZA Canadian Rockies mendilerroa alpinismorako eremu arras erakargarria da. Ez ditu garaiera handiko mendiak; pareta teknikoak eskalatzeko erakusleiho izugarria da, ordea. Non dagoen kontuan hartuta, eskuarki mendi haietan egiten diren jarduera azpimarragarrienak kanadarren zein estatubatuarren eskutik iristen dira. Alabaina, noizean behin alpinista europarren batek edo bestek muturra sartzen du. Horixe gertatu zaio hurrengo lerrootako protagonista bati: Luka Lindici. Esloveniarra da, gaztea, baina dagoeneko curriculum bikaina dauka. Eta ez soilik Europako mendilerro ezberdinetan. Lindic Canadian Rockies-en egon berri da. Eta bere enbaxadorea Marc-Andre Leclerc izan da. Enbaxadorea diogu, Leclerc kanadarra delako. Hau ere gaztea da, eta azken pare bat urteotan izen handia hartu du; batez ere, Patagoniako erpinetan eginiko jarduerengatik. Horrela bada, Kanadako mendilerro horretan eskalatzeko Lindicek eta Leclercek sokada oso interesgarria osatu dute. Hainbat alderditan eskalatu ondoren (batez ere, izotz-eskalada egin zuten), alpinistok ekarpenaren aldetik sormen lan borobil bat eskaini berri dute. Tuzo mendiaren (3.248 m) ipar-ekialdeko horma erakargarrian “Lindic-Leclerc” izeneko marra zabaldu dute. Horretarako, hiru egun behar izan zituzten: martxoaren 31n hasi eta hil honen 2an bukatu zuten; bi bibak egin zituzten. Garaierari dagokionez, mendi “txikia” da, baina, ondoko irudian ikusten den bezala, hormatzar tekniko zein zail batean eskalatu dute. Lindic eta Leclerc hiru egun horietan gai izan dira 1.100 metroko marra batean M7+ eta WI6+ zailtasun tekniko gogorrak eskalatzeko. Eta horri guztiari gehitu behar diogu parabolt edo antzeko tresneria finkorik ez zutela erabili. Irakurleak nolabait jarduera hau kokatu ahal izateko, Lindicen hitz batzuk aipatuko ditugu: «Tuzo mendian sortu dugun bide hau duela bi urte Grandes Jorasseseko ipar aurpegian eskalatu nuen “Rolling Stones” marrarekin (6a, M8, 1.200 m) alderatuko nuke. Hala ere, uste dut Tuzoko hau gogorragoa dela, batez ere arrokaren kalitate txarragatik eta izotzezko sekzioetan geure buruak era egoki batean babesteko aukerak oso txikiak zirelako». Nahiz eta sokada horrek Tuzo mendian jardun duen, esan beharra dago bi alpiniston helburua beste bat zela: Fay mendia, hain zuzen. Baina, Leclercek aipatu duenez, egoera ezberdinengatik xedez aldatu zuten: «Fayren ekialdeko aurpegian eskiatzen ari ginen. Geure asmoa aurpegi horretan errepikapenik jaso gabe zegoen bide bati irteera zuzen bat gehitzea zen. Biharamunean, eguraldi epela eta aurpegi horretan izaniko bi elur-olde ikusi eta gero, Moraine lakura eskiatzen jaitsi ginen. Helburu hori baztertuta, beste batzuk aztertzen hasi ginen. Baina, zoritxarrez, han utzitako biltegia (janaria, gasa eta telefonoa) desagertu zen. Bueno, zehatzago esanda, azeri batek lapurtu zigun. Hori guztia berreskuratzeko, azeriak utzitako arrastoei segitu genien. Baina gure lana ezerezean geratu zen. Horretaz gain, puma bat ere ikusi genuen. Egoera hori ikusita, Ten Peaks izeneko haranera joatea erabaki genuen». Hori bai, apenas zuten janaririk, baina Tuzo mendiaren ipar-ekialdeko aurpegia ikusi zutenean animoak erabat aldatu ziren: «Paretaren erdi-erdian marra sinestezina ikusi genuen, hainbat tximinia eta eskalatzeko oso zailak ziruditen izotz formazio ederrak jasotzen zituena. Hormatzarraren oinarrian ginela, 700 metroko horma iruditu zitzaigun, eta egun baten buruan igotzeko gai ikusi genuen geure burua. Eguerdia zenez, badaezpada ere, bibakerako tresneria eraman genuen». Gogorra Protagonistok zabaldu duten bide berriaren inguruan Leclercek adierazi du hasiera-hasieratik zailtasun handiekin egin zutela topo: «Lehen bi luzeak, bai mistokoak bai izotzean, ez ziren oso zailak; baina aseguruak nahiko urrun zeuden. Zintzilikatutako bilera batera heldu ginen, eta arroka oso txarra zen. Hara iristeko artifiziala erabili nuen; izan ere, aseguru sendoak jarri nahi nituen. Ondoren, jaitsi eta sekzio horiek era askean (M6) eskalatu nituen. Luzearen hurrengo metroak errazak ziren, baina eremu serio baten aurrean geunden. Zintzilik zeuden hainbat elur perretxiko gainditu behar izan genituen eta, ondoren, eroria zuen arroka txarreko tximinia bat». Lan handia eskatu zien luze gogor hori igo ostean, tximinia-couloir ikusgarri batean sartu ziren. Han zirela, plataforma bat antolatu eta bibaka egin zuten. Une horretan ohartu ziren ez zutela aurreikusitakoa beteko; hots, bide berria zabaltzea egun bateko jardunean. Biharamunean, Lindic sokaren buru jarri zen. Elur perretxiko batzuek osatutako tunel bat zulatu zuen, eta aurretik offwidth heze bat ikusi zuen. Hura gainditu eta izotzezko luze gogor bat gordetzen zuen kanal sakon batekin egin zuen topo. Bidearen giltzetariko bat hori zen: zentimetro gutxiko izotz zuri eta eroria zuen sekzio bat. Izotzean beste luze batzuk eskalatu ondoren, bi alpinistok headwallera heldu ziren. Lindic berriro sokaburu zegoen: «Aurrean ikusten zen pareta gogorra zen. Bi luze ziren; biak ala biak arrokan eskalatu beharrekoak. Bigarrena M7+ zailtasunekoa izan zen, eta hura gainditu ahal izateko, eskularruak kendu eta esku biluziekin eskalatu behar izan genuen. Une horretan iluntzen hasi zuen, eta aurrera egin ordez, beste bibak bat atondu genuen. Bizkar-zakuan geratzen zen janari apurra zein gasa amaitu ziren; eskerrak litro bat urtzeko eman zigula. Gaua ez zen batere erosoa izan. Bibakean eserita geunden, eta lo hartzeko komeriak izan genituen. Gainera, goitik elur hautsa erortzen zen. Horregatik guztiagatik, biharamunean altxatzea ez zen batere gogorra izan». Headwalla bukatzeko luze gogor bat baino ez zuten: izotzezko zutoin eder bat (WI5). Hura gaindituta, bidea era zuzenean amaitu ordez, sekzio samurragoetatik joan ziren: «Ez genuen ez gasik, ezta janaririk ere. Aurrean geneukan zati zuzena zaila zen: izotz finarekin eta mistoarekin. Ezkerraldera jo genuen, baina gailurrera iristeko arreta handiz joan ginen; izan ere, elurra ez zegoen batere egonkor. Gailurreriara eguerdiko ordu batean heldu ginen». Jaitsiera, bestalde, Tuzo eta Deltaform-en artean dagoen lepotik egin zuten: «Eguraldia okerrera egiten ari zen, leher eginda ginen eta beste bibak bat saihestu nahi genuen. Horregatik hautatu genuen jaitsiera hori. Nahiko eroso jaitsi ginen, abalakov batzuk egiten. Utzitako eskien lekura arratsaldeko bostetan iritsi ginen eta autora gaueko 9:30 aldera». Amaitzeko, zabaldutako bidearekin pozarren daudela aipatu dute bi alpinistok. Eta uste dute bibak batekin soilik eskalatu daitekeela: «Inolako zalantzarik gabe, Tuzo mendiaren ipar-ekialdeko hormatzarrean sortutako marra kalitate handikoa da. Izotz zein mistoko sekzio dotoreak ditu, eta hori guztia, gainera, pareta alpino handi batean». «LINDIC-LECLERC»Protagonistok zabaldutako bide berria 1.100 metro luze da, eta honako zailtasun teknikoak ditu: M7+ eta WI6+. Arriskutsua (R) ere bada. BI BIBAK Alpinista gazte hauek hiru egun behar izan zituzten jarduera hori egiteko. Azken egunerako ez zuten ez janaririk ez gasik. BIDE BERRIA Luka Lindic esloveniarrak eta Marc-Andre Leclerc kanadarrak Canadian Rokcies-eko Tuzo mendiaren ipar-ekialdeko paretan goi mailako marra bat sortu dute.