Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Drug Aware Margaret River Pro:Wright eta Sietz txapeldun

Margaret Riverreko txapelketa amaitu da eta, horrekin, lehen mailako lehen atala osatzen duten Australiako hiru txapelketak atzeangeratu dira. Tyler Wright eta Sebastian Sietz izan dira azken garaileak, baina Conlogue eta Wilkinson dira lehenak CT rankingean.

Amaitu da Australiako etapa. CT zirkuituko hirugarren txapelketa larunbatean amaitu zen Margaret Riverren. Aurtengoan olatu onak izan badira ere, ez da iazkoan bezalako ikuskizunik izan, ez baita izan The Box urautsian lehiatzeko baldintza egokirik.

Hala eta guztiz ere, ohiko moduan, olatuetan ezker-eskuin aritu ziren lehiakideek sekulako maila erakutsi zuten eta pixkanaka orain arte ezezagunak ziren surflariak beraiek ere kontuan hartzekoak direla erakusten hasi dira.

Mutilen kasuan Sebastian Sietz hawaiiarrak eskuratu zuen txapela eta nesken kategorian berriz, Tyler Wright australiarra izan zen txapelduna. Garaipen horiekin eta jada itzuliko hiru txapelketa eginda, lehen mailako zirkuituak beste fase batean sartzen dira, rankingeko postuak sendotzen doaz eta aurrerantzean, batzuk gero eta gorago kokatzen doazen modu berean, beste lehiakide batzuk atzean geratuko dira.

Tyler Wright

Nesken WCT rankingean ez dira gauzak asko aldatu azken txapelketaren ostean. Lehen hiru postuetan lehengo lehiakide berberek jarraitzen dute, hori bai itzuliak aurrera egin ahala gainerako lehiakideekiko aldea gero eta nabarmenagoa da.

Tyler Wright eta Courtney Conlogue izan ziren finalean Margaret Riverren. Bi metroko olatu garbietan, batez ere eskuinaldera jotzen zuten lehiakideek, olatuek indar handiagoa zutelako eta lehen ariketan saiatzen ziren ahalik eta puntu gehien biltzen. Finalean izan ziren bi lehiakideak bikain aritu ziren, baina Tyler Wright australiarra gailendu zen. Tylerrek 9,60 eta 9,07 puntuko bi olatu egin zituen eta Conloguek ezin izan zuen bere aurkariak lortutako puntu kopurua gainditu. Azkenean, lehiakide bakoitzaren bi olatu onenen baturarekin, australiarrak 18,67 puntu bildu zituen eta estatubatuarrak, berriz, 14,70.

Ranking orokorrean, ordea, Conloguek lehen postuan jarraitzen du itzuliko hirugarren txapelketa honen ostean eta Wright bigarren postuan da. Conlogue orain artean egin diren hiru txapelketetako finalean izan da, baina txapelketa bakarra irabazi du, Bell's Beachen egindakoa, hain zuzen ere. Tyler Wrightek, ostera, beste bi txapelketak irabazi ditu, baina Bell's Beachen bosgarren postuan geratu zen eta ondorioz Conloguek baino puntu gutxiago bildu ditu orain artean.

Rankingeko hirugarren postuan Carissa Moore hawaiiarra dago. Aurtengoan Carissaren zenbakia hirua dela dirudi; izan ere, egin diren hiru txapelketetan hirugarren postuan geratu da eta egun ranking orokorrean hirugarren postuan dago.

Sebastian Sietz

Mutilen kasuan, ostera, goitik behera aldatu da CT-ko ranking orokorra Margaret Riverreko txapelketaren ostean. Itzuliko lehen bi txapelketak irabazita Matt Wilkinsonek lehen postuan jarraitzen du, baina gainerako lehiakide ia guztiek postuetan gora edo behera egin dute. Horrek esan nahi du ezusteko emaitzak izaten ari direla eta aurtengoan Top 32an lehen aldiz lehiatzen ari diren surflari berriek pixkanaka lehiakide beteranoen lekua hartuko duten urtea izan daitekeela.

Ikusleek aurtengoan ere The Box eskuin olatu indartsuan txapelketa egingo ote zen galdetzen zuten, baina aurtengoan ez da behar bezalako baldintzarik izan munduko lehiakide onenak munduko olatu zailenetako batean lehian ikusteko.

Txapelketa osoa Margaret Riverreko urautsi famatuan egin zen. Antolatzaileek ez zuten, iaz bezala, txapelketa inguruko urautsietara mugitu. Gauzak horrela, tamainako olatuak eta haize leuna izan ziren, baldintza onak, alegia, baina ikusleek gehiago nahi zuten; izan ere, Margaret Riverreko urautsiak olatu ederrak eskaintzen ditu, baina ez The Box urautsiak eskaintzen dituenak bezalakoak.

Finalean, nesken kategorian bezala, australiar bat eta estatubatuar bat aritu ziren buruz buru lehian. Julian Wilson australiarrak eta Sebatien Sietz hawaiiarrak oso norgehiagoka gogorra izan zuten eta nahiko parekatuta ibili ziren. Azkenean, ordea, Sebastien Sietzek itzelezko olatu batekin 9,10 puntu jaso eta markagailua bere alde jartzea lortu zuen. Horrela txapela eskuratu ahal izan zuen. 17,40 eta 16,67 puntu lortu zituzten bi lehiakideek beren bi olatu onenekin; ez zen alde handirik egon, beraz.

Margaret Riverreko txapelketa amaituta, Matt Wilkinsonek CT-ko ranking orokorrean buru izaten jarraitzen du, baina jada ez die lehen ateratzen zien aldea ateratzen beste lehiakideei. Sebastien Sietz dago orain bigarren postuan. Lehiakide honek hamabost postu egin ditu gora azken garaipenari esker, baina gainerako lehiakideak oso gertu ditu.

Bells Beacheko txapelketaren ostean bigarren postuan zen Conner Coffin hamaikagarren postura jaitsi da eta haren lekua Italo Ferreira brasildarrak hartu du. Hirugarren postuan zen Kolohe Andinok ere behera egin du, baina postu bakar bat jaitsi da; hortaz, laugarren postuan da egun estatubatuarra. Eta bosgarren postuan, berriz, aspaldiko partez, beteranoetako bat, Joel Parkinson.

Margaret Riverrekin amaitzen da Australiako sasoia. Lehen mailako lehiakideentzako hurrengo geldialdia Brasilen izango da, maiatzaren 10 eta 21 bitartean. Rio de Janeiroko txapelketa zirkuitua osatzen duten hamaika txapelketetatik laugarrena izango da mutilen kasuan. Nesken zirkuituan, ordea, guztira hamar txapelketa dira, Teahupooko lehiaketa mutilek bakarrik egiten baitute.

Honi buruzko guztia: Surfa