2016 API. 19 ANTZERKIA Lan gogorra Jaime VALVERDE Esan beharra dago gutxitan ikus daitezkeela honelako ikuskizunak gurean. Gaizka Sarasola lesakarrak idatzi eta antzeztu duen “Talaka” obrak astinaldi ederra ematen dio ikusleari. Testu poliedriko, zorrotz eta gordin batean bermatuta, Sarasolak kontzesiorik gabeko proposamen bat garatu du. Ez gozokirik ez leuntasunik, lanarekiko morrontzari buruzko hausnarketa alegoriko bat eskaintzen digu, sakonki eta zakarki gaiaren inplikazio fisiko, psikologiko eta sozialetan barneratuz. Espazio eszenikoan langile soila agertzen zaigu, eserita eta baserri lanaren abstrakzioa –edo apika lan ororen abstrakzioa– dirudien estruktura handi bati literalki kateatuta. Aktorearen mugimendua kate horrek uzten dion tartera mugatuta dago eta, errutinaren errota amaigabea balitz bezala, haren inguruan ibiltzen da bueltaka momentu oro. Dementziaren eta haluzinazioaren artean, gizaki bakartu eta desesperatu baten bakarrizketa desordenatua entzungo dugu. Alde egin omen duen maitalearen gomuta, sakoneko samin menderaezina, joera suizidak. Lanarekiko menpekotasunak izaki uzkur eta inadaptatu bat sortu duela dirudi, benetako gizarte bizitzarako elbarritua bailitzan. Tarteka, 2012an Hegoafrikan poliziak akabatutako 34 meatzariei buruzko albisteak irratian. Kontakizun ezkor eta aldarrikatzaile honek kolokan jartzen du lanari egozten zaion eite naturala eta alienazio eta oinaze iturri bezala irudikatzen du. Publikoaren onespena lortzeko beharrak baldintzatzen duen gure teatro esparru honetan, eskertzekoa eta txalotzekoa da beren sen eta beharrekiko fidel diren sortzaileen ausardia, oso bide interesgarriak baititu antzerkiak erosotasunetik kanpo ibiltzeko.