GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Borrokalari handi bati omenaldi xumea


Emakumea, indigena, feminista, giza eskubideen eta ama lurraren aldeko aktibista eta borrokalari sutsua. Halakoa zen Beatriz Alberta Cariño Trujillo, Bety, 2009an Oaxaca errebeldeko Huajuapan de Leon (Mexiko) hirian ezagutu nuena. Aurrez, Euskal Herrian egona zen bere borrokaren nondik norakoak azaltzen (Lizarra inguruko jendearekin lotura berezia zuen), eta besoak zabal-zabalik hartu gintuen bere etxean egun batzuetarako, mixteka jatorriko komunitateak eta bereziki bertako emakumeak ahalduntzeko egiten zuen lan eskerga bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea emanez.

Borroka ere irribarrea ahoan egin daitekeen erakusgarri bikaina zen bera, elkarrengandik milaka kilometrora eta errealitate oso desberdinetan bizi arren, kide sentitu genuen, baina, batez ere, duin.

2010eko apirilaren 27an, paramilitarrek setiatuta zeukaten San Juan Copala udalerri autonomora laguntza eramatera zihoan karabana batean parte hartzen ari zela tiroz hil zuten, Jyri Jaakola aktibista finlandiarrarekin batera. Erail zuten, bai, baina ez zekiten halako pertsonak ez direla inoiz hiltzen, kimu berrietarako hazi bihurtzen direla.

Sei urte luze igaro diren arren, familia, lagun eta kideek justizia eske segitzen dute. Bihoakie bada, Euskal Herritik, elkartasun aupada bero bat, egokitu zaigun mundu trakets hau alda daitekeela sinesten dugun guztion izenean. Jakinik, berak behin eta berriro esan ohi zuen legez, herri eta pertsona askeon mundu berri hori modu bakarrean eraiki daitekeela: «Desde abajo, a la izquierda y del lado del corazón».