2016 API. 27 IKUSMIRA Afraren irriño lotsatia Arantxa Manterola Kazetaria Zientzialariek diotenez, gizakiaren oroitzapenak hiru edo lau urte inguru zitueneko mugan hasten dira. Emakumezkook gizonezkoek baino oroitzapen goiztiarragok gordetzen omen ditugu memorian baina muga hortik atzerakoak, izan onak edo txarrak, ezabatu egiten omen dira 7 urtetik aurrera. Neuronen ez dakit zer mekanismoagatik, memoria autobiografikoaren zati hori desagertu egiten da. Haurren amnesia deitzen diote teknikoki fenomenoari. Afrak 4 urte besterik ez zituen gurasoekin bere etxea, bere herria tarrapatan utzi zuenean gerratik ihesi. Neskatoa Homsen bizi zen, Siriako hirugarren hiri garrantzitsuenean. 900.000 biztanle zituen 2012an. Orain 200.0000, eta hiriaren %80 erabat txikituta dago. Azken hiru urteotan, milaka haur eta heldu siriarrek bezala, trantze zailak bizi behar izan ditu, lehenik Libanora heltzeko eta gero Tripoli inguruan kokatutako errefuxiatu kanpamendu batean «bizirauteko», bere senideek zioten bezala. Etenik ez duen gatazka dela medio, Europako herrialde batek noiz aterpetuko zain egon dira. Administrazio tramiteen konplexutasunaren aitzakia tarteko itxaronaldi luzea egin ostean, hara non beste askok izango ez duten zori ona izan duen bere familiak eta, hala, Hendaiara heldu da. Orain Afrak 7 urte ditu. Zientifikoen teorien arabera justu gerra aurreko denboraldia, hots, bizitza normala zuenekoa, ahazten hasi beharko luke. Aldiz, bonben hotsa, izua, urritasuna, egoera ulergaitzek sortutako deskontzertua, galdutako haurtzaroaren nahigabea eta antzekoak betiko iltzatuta geratuko zaizkio buruan eta bihotzean. Niri bere irriño lotsatia bezala.