2016 API. 29 IKUSMIRA Azoka bat, mezuen kalitatea egiaztatzeko Nerea Goti Kazetaria Lana eman beharko lukeen Lanbideren erabilgarritasuna bera zerbitzua bultzatu beharko luketenek eurek zalantzan jartzen duten une honetan, kudeaketaren ‘maisuak’, ekonomiaren pizkundea iragartzen dutenak, industria politika eta proiektuak bultzatzen ari direla esaten dutenak, langileekin duten harremanaz kezkatuta dagoela esaten duen patronala… azoka batean bildu beharko liratekeela ikusten dut. Saltzen dutena egia bada, eroslerik ez da faltako. Hitzorduak aukera ezin hobea emango lieke erakusmahai batean diskurtsoarekin bat etorri beharko liratekeen datuak ikusarazteko eta adibideak, izen-abizenak eta aurpegidun adibideak azaltzeko. Eremu zabal batean, denak batera, bata bestearen ondoan. Administrazioak, erakundeak, enpresak... zenbakiak, datu taulak, grafikoak publikoaren begi aurrean jarrita, bizi dugun egoera hau hain txarra ez dela baieztatzeko aukera izango lukete. Horrela, prentsaurrekoetan, elkarrizketetan, saltzen duten errealitate hori saltoki ezberdinetan jarri eta, horrela, publikoa aurrean jarrita, datuak begiratu eta azoketan egin ohi den moduan saltzailearekin hitz egiteko parada izango luke, produktuaren benetako kalitatea egiaztatzeko. Salmenta guztietan bezalaxe, lagunduko luke datuak sostengatzen dituzten adibideak plazaratzeak. Eta, bide batez, hauteskunde kanpaina bi aurrean ditugula, azoka baliagarria izan daiteke ere hautesleek erabakia hartzeko. Agian, proiektu politikoen gaineko beste azoka bat antola liteke, ez litzateke metodo txarra izango guztien aukera berdintasunean irabazteko, ezta?