2016 MAI. 03 IKUSMIRA Osasun arreta «egoki» desegokia Maider Eizmendi Kazetaria Eguna argitzerako jarri zidaten hitzordua, antza hainbeste jende dago zain mediku kontsultetan ohikoak ez diren orduak ere baliatu behar izaten baitituzte itxaron zerrenda gehiago luza ez dadin. Atetik sartu eta goiza indarrez hasten duten pertsona horietako bat topatu nuen atean, bat-batean esnarazten zaituena. «Egun on»-ak ematerako hasi da osasun txartela eskatu eta bata bestearen atzetik galderak botatzen: «Garrantzizko eritasunik baduzu? Alergiarik baduzu? Ebakuntzarik egin dizute?...». Abiada hartuta bera eta hura jarraitu nahian ni: «Ez, ez, ez...». Galdera sorta mardula egin eta, bat-batean botatzeko gehitxo zirela pentsatzen ari nintzela antzemanda, bota zidan irribarrez: «Horrenbeste itxaron eta gero, ondo egin beharra dago gero proba...». Galdetegiarekin jarraitu zuen: «Piercingik baduzu? Taupada-markagailurik? «Ez, ez, ez...». Gorka Fraile preso durangarrak oso bestelako tratua jaso du Badajozeko ospitalean. Orain urtebete minbizia diagnostikatu eta ebakuntza eginda, denbora luzean egon behar izan du probak noiz egingo zain. Agian, erantzun beharko zuen hark ere galdera sorta zabala eta hari ere kenaraziko zizkioten belarritakoak edota, baldin baditu, piercingak... Bai, baina ditxosozko proba eskuburdinak jarrita egin behar izan du, aholku mediko eta zientifiko guztiak alboratuta, proba egin behar zion medikua tematu delako. Beharrezkoa duen osasun arreta jaso dezan presoa Euskal Herriratzeko egindako eskaria ez du onartu epaileak, antza, bere ustez, «asistentzia egokia» jasotzen duelako jada. Atera kontuak.