Xabier Izaga
Kazetaria
IKUSMIRA

Astelehen pozgarria

Zorioneko dago Aramako, barkatu, Arabako kirola. Arazki saskibaloi taldeko neskak Lehen Mailara igota; Baskonia, espero zenaren kontra, Euroligako Final Fourrera iritsi eta Ligan zerbait egiteko aukera duela; Alaves ere Lehen Mailara itzulita (igandean abesti baten letra ikasi nuen buruz: «lo-lo-lo-lo...»).

Denek ere, batzuek besteek baino diru gehiagorekin (baita diru publikoarekin ere), maila bikaina erakutsi dute. Partidu egunetan «biharamunean berdin-berdin joango naiz lanera» (beste batzuek, berriz, «berdin-berdin jarraituko dut langabezian») esaten dutenetakoa naiz. Hala ere, poztu egin nintzen, benetan.

Eta Arabako, barkatu, Aramako kirola ere zorioneko dago, pilotari batek aurkariei ez ezik, pilota munduari ere astindu ederra eman dionez gero. Zartako ikaragarriak jotzen dituen pilotari gaztea baino askoz gehiago dela erakutsita, txapeldun handi baten aurka. Ikaragarri gozatu nuen.

Eta atzo berdin-berdin etorri nintzen lanera. Eta langabeek berdin-berdin jarraitu zuten egunez egun ahitzen dituen egoera latzean.

Euskal presoek ziegetan, patioetan, mortu txiki horietan, aurrera eta atzera jarraitu zuten. Baina Fresnesen daudenek zerbait jan zuten, egun askoren ostean. Jan, egunero, batzuetan gogorik gabe, egiten dugun hori. Eta ziur naiz poztu egin zirela Arabako, Aramako eta gainerako euskal kirolarien garaipenak direla eta.

Preso horiengatik poztu eta lasaitu txikia hartu nuen. Eta berriro gogoratu zitzaidan galdera bat: zergatik gutxien-gutxieneko bizimodu duina izateak halako sufrimendua eskatzen duen. Galdera erretorikoa da, jakina. Erantzuna triste bezain ezaguna da.