2016 EKA. 27 Surfa Puerto Escondido Challengue:Grant Baker txapeldun Olatu handietako munduko itzulia ezin hobeto hasi da. 2016/2017 Big Wave Tour itzuliko lehen txapelketa Mexikon izan da eta sekulako olatuak izan dira. Grant Baker hegoafrikarrak eskuratu zuen txapela Puerto Escondidon eta BWT rankingean buru da egun. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA DONOSTIA Urtetik urtera indarra hartzen ari den olatu handietako itzulian, ikuskizuna bermatzearren, berrikuntzak iragarri zituzten aurtengo itzulirako eta berritasun horietako bat, hain zuzen, Puerto Escondidon egitekoa zen txapelketa zen. Ipar hemisferioan dagoen arren, hego hemisferioko txapelketen artean sartu zuten Mexikoko txapelketa, hegoaldetik sartzen diren itsaskien sasoiarekin bat egitearren, eta, antza denez, asmatu zuten; izan ere, lehen aldiz egin dute Puerto Escondidon olatu handien munduko txapelketa bat eta sekulako arrakasta izan du. Hasi da, beraz, olatu handien 2016-2017 sasoia. Urtero bezala, apirilaren 27 eta abuztuaren 31 artean hego hemisferioko txapelketen txanda izango da. Jada Puerto Escondidoko txapelketa egin ostean ere, oraindik beste bi txapelketa egiteko aukera dago iraila iritsi aurretik, bata Txileko Punta de Lobos ezker olatuan egiten den txapelketa, eta bestea Perun, Pico Alto eskuin olatuan egiten dena. Hortaz, munduko olatu handien itzulia hasi besterik ez da egin eta ikusmin handia sortu zuen txapelketa arrakastatsu batekin hasi da, gainera. Puerto Escondidoko urautsia olatu handien itzulian sartzea erabaki zaila izan zen, zeren olatu handiagoak izaten diren urautsi andana dago munduan zehar, baina kasu honetan beste irizpide bat hartu zuten WSL erakundeko antolatzaileek kontuan, olatuaren forma eta zailtasuna, alegia. Orain artean egin diren olatu handietako txapelketa guztiak hondo finkoa dagoen urautsietan egin dira. Azpian haitza edo korala den lekuetan hondoa ez da aldatzen, eta ondorioz, baldintza jakinetan olatua beti leku berean lehertzen da. Horrek zera ahalbidetzen du, olatuak oso handiak izan arren segurtasun eremu bat izatea itsasoratzeko eta uhin lerro erraldoi bat datorrenean ihes egin ahal izateko. Puerto Escondido, ordea, hondartza bat da; hondoak etengabe aldatzen dira, ez dago itsasoratzeko ubiderik, ezta segurtasun eremurik ere, eta olatuek ihesbide laburra eskain dezakete. Surflariak ez dauka jaisten ari den olatuak ireki edo itxi egingo duen ziurtasunik, eta, gainera, sekulako indarra dute olatuek. Hori da hondartza gisa Puerto Escondidok duen berezitasun nagusia, olatuak handiak izan daitezkeela eta tubo erraldoiak sortzen direla. Gainerakoan beste edozein hondartzaren oso antzekoa izan daiteke. Grant Baker txapeldun Guztira 24 surflarik parte har dezakete BWT zirkuituan. Batetik, iazko itzulian lehen hamar postuetan geratu ziren lehiakideak daude. Gero, txapelketa bakoitzak lekuko sei surflari gonbida ditzake olatu handien mundu txapelketan parte hartzera. Beste hiru gonbidapen-wildcard Big Wave Tour erakundeak berak banatzen ditu eta lesio bategatik itzulia utzi duen norbaiten postua lortzeko plaza bakarra dago. Azkenik, iaz Performance of the Year Award saria jaso zuten lau lehiakiderentzako lekua ere badago. Gauzak horrela, lehiakide ezagun eta beteranoekin batera, gonbidapen wildcardei esker parte har zezaketen surflari mexikarrak ikusi ahal izan ziren uretan joan den astean. Inork gutxik ezagutzen zituen bertako surflari hauek ausardia eta maila handia erakutsi zuten, baina horietako inork ez zuen lortu finalera iristea. BWT itzuliko gainerako urautsietan olaturik garaiena jaistea izaten dute helburu lehiakideek. Puerto Escondidon, aldiz, olatua jaitsi bakarrik ez, beste helburu bat ere bazuten lehiakideek, tubo bat egitea; izan ere, lehiakideek bazekiten tubo handiena egiten zuenak irabaziko zuela txapela eta horretan aritu ziren txapelketak iraun zuen bi egunetan. Finalean tuborik handiena Grant Baker hegoafrikarrak egitea lortu eta txapela eskuratu zuen. 2013/2014 itzuliko munduko txapeldunak garaipena lortu zuen beste behin ere mota honetako txapelketa batean eta pozarren zen. Horrela mintzatu zen Grant Baker uretatik atera ostean: «Atzo oso baldintza zailak ziren itsasoan, baina aurrera egitea lortu nuen. Gaur goizean jaiki eta itsasoa ikusi dudanean, ordea, niretzat baldintza ezin hobeak zirela pentsatu dut eta horrela izan da. Oso pozik nago». Bertako surflariak eta jendea eskertu nahi izan zituen Bakerrek eta etxekoak ere gogoan izan zituen: «Hogei urte daramat hona etortzen. Olatu izugarriak daude hemen, asko maite dut leku hau. Bertako jendea eskertu nahi dut hain abegikorrak izan eta ongi etorriak garela sentiarazteagatik. Garaipena etxean zain ditudan seme eta emazteari eskaini diet». Bigarren postua iazko itzuliko txapeldunak eskuratu zuen, Greg Long estatubatuarrak. Hirugarren eta laugarren postuak bi brasildarrentzat izan ziren, Pedro Calado eta Carlos Burle. Bosgarren postuan Will Eskudin iparramerikarra geratu zen eta seigarren postuan orain bi urte munduko titulua eskuratu zuen lehiakide hawaiiarra, Makua Rothman. Aurtengoan kontuan hartzekoak Aurtengo itzulia ahalik eta ikusgarriena izateko zenbait berrikuntza iragarri zituzten munduko olatu handien zirkuituko antolatzaileek. Oraingoz txapelketa bakarra egin ahal izan da; beraz, komeni da aurrera begira kontuan zer hartu behar den gogoratzea. Lehenik eta behin, izen aldaketa aipatu behar da, dagoeneko ez da Big Wave World Tour, Big Wave Tour (BWT) baizik. Horrez gain, hiru dira kontuan hartzeko berrikuntza nagusiak, Nazare urautsia zirkuituan atxikitzea, neskentzako proba bat egitea eta QS mailako txapelketen indartzea. Gurean eragin duen aldaketa bat ere izan da, Getxon egiten zen Galea lurmuturreko txapelketa bigarren mailako txapelketa izatera pasatu baita. Guztira, sei dira aurtengo itzulia osatuko duten txapelketak, hemisferio bakoitzean hiru txapelketa. Abuztuaren 31ra bitartean lehen aipatutako hego hemisferioko txapelketak leudeke (Mexiko, Peru eta Txile) eta ipar hemisferioko txapelketei dagokion zerrenda, berriz, honakoa da: Hawaiin Pe'ahi (Jaws), Kalifornia Beherean Todos Santos eta Portugalen Nazare. Azken hau da aurtengo berrikuntza nagusia. Ikusmin handia sortu du Praia do Norteko Nazare urautsia txapelketen zerrendan gehitzeak; izan ere, oso gutxi dira Nazaren arraun eginaz olatuak hartzera itsasoratzen diren surflariak. Hain da olatu handia eta zaila surf egiteko, non gehienetan moto baten laguntzarekin aritzen baitira surflariak. Olatu handien munduko itzuliak, ordea, orain artean izan diren zenbait muga gainditu nahi ditu eta, iaz Pe'ahin frogatu bezala, orain artean arraun eginaz ezin har zitezkeen olatuetan surf egin daitekeen edo ez probatu nahi dute. Bestalde, QS edo bigarren mailako itzuli bat ere martxan jarriko da aurtengoan. Bi txapelketaz osatutako itzuli txiki bat izango da, eta hau ere urria eta otsaila artean egingo da. Txapelketa bat Ameriketako Estatu Batuetan izango da, Oregoneko urautsian, eta bestea, berriz, Euskal Herrian bertan, Galea muturrean. Beraz, lehen BWT zirkuituan zeuden bi urautsi mailaz jaitsi dituzte eta aurrerantzean QS mailako munduko txapelketak izango dira. PUERTO ESCONDIDOHondartza bat da, hondoak etengabe aldatzen dira, ez dago itsasoratzeko ubiderik ez segurtasun eremurik, olatuek ihesbide laburra dute maiz eta gainera sekulako indarra dute. TUBOAREN BILABWT itzuliko gainerako urautsietan olaturik garaiena jaistea izaten da helburua; Puerto Escondidon, ordea, olatua jaitsi bakarrik ez, beste helburu bat ere bazen, tubo bat egitea, alegia. GRANT BAKER «Hogei urte daramat hona etortzen eta asko maite dut leku hau. Bertako jendea oso abegikorra da gurekin. Garaipena etxean zain ditudan seme eta emazteari eskaini diet»